Jendaurrekotasuna, entzuteko gaitasuna, kontzentrazioa, enpatia, taldekidetza edota argumentazioa lantzeko ez ezik, ondo pasatzeko, lagunak egiteko, norbere ideiak azaltzeko nahiz sentipenak adierazteko ere baliagarri da bertsoa.

Errimak bilatu, neurrira egokitu, amaiera pentsatu, hitz-jokoak egin, sinonimoak eta antonimoak bilatu, metaforak erabili, narrazioa pentsatu, loturak egin… Hiz-kuntzarekin malabarismoak egitea eskatzen dio gazteari bertsogintzak; hiztegia, egituraketa, antolaketa, argumentazioa… lantzea. Baina ez hori bakarrik, zeharka beste hainbat gaitasun, prozedura eta jarrera lan-tzeko ere balio du bertsoak; inplizituki, entzuteko gaitasuna, enpatia, kontzentrazioa, jendaurrekotasuna, argumentazioa… jorratzea eskatzen baitu.

Bertso-eskolen, hezkuntza arautuko ikastaroen nahiz bertso-udalekuen bidez bertsogintzaren mundua ezagutzeko eta bizitzeko aukera eskura dute gazteek. Eremu horietako bakoitzaren errealitateak bata bestearen artean diferenteak diren arren, badituzte hainbat ezagarri komun. Bertso-eskolak eta -udalekuak norbere gogoz aukeratuak badira ere, eta hezkuntza arautukoak derrigorrezkoak, bietan gozamenean oinarritzen dira. Ez dute curriculum ertsirik, ez dute gainditu beharreko azterketarik, ez dute ebaluaziorik… eta horrek guztiak beste era batera lan egiteko aukera ematen die: momentuko bizipenetan, emozioetan eta sentipenetan oinarritzekoa batetik, eta ikasle bakoitzaren erritmoetara egokitzekoa bestetik, eurak baitira noraino iritsi nahi duten, zer egin gura duten eta zer ez erabaki-tzen dutenak.  
 

Bertso-eskola eta -udalekuetan maisu lanetan aritzen da Ane Labaka; hezkuntza arautuan, eskolaz eskola ibiltzen da, berriz, Unai Muñoa. Esperientziatik mintzo dira bi bertsolariak eta argi dute, sarri, bertsoa aitzakia bilakatzen dela beste hamaika gai jorratzeko, ondo pasatzeko, lagunak egiteko, norbere ideiak azaltzeko, sentipenak adierazteko… Baina horrezaz aparte, gazteek, zeharka, bizitzarako baliagarri zaizkien beste zenbait gaitasun ere lantzen dituzte bertsoaren bidez. Horietako bat da komunikatzeko gaitasuna, Labakaren esanetan: “Jende aurrean egoten, nahi dutena esaten, sentipenei hitza jartzen… ikasten dute. Bertsoak barruan daukazun horri buelta bat ematera behartzen zaitu. Planteatzen diezun gaiaren arabera, ispilu baten aurrean jarrarazten dituzu gazteak, eta sarri, nerabezaro garaian hain ohikoak diren hainbat egonezin beste era batera bideratzeko aukera eskaintzen diezu”. Bertsogintza, beste hainbat adierazpide bezala —literatura, antzerkia, musika…— gaztearentzat babesleku bilaka daitekeela gaineratzen du Muñoak, norbere kezkak, burutazioak, frustrazioak, pozak ateratzeko erreminta baita: “Nik zerbait sortu behar dut, zerbait atera behar dut nire barnetik, eta ariketa hori berez da interesgarria fokua zuregan jartzen duelako. Zuk argudio bat eman nahi baduzu, pentsatu beharra daukazu, eta emozionatu nahi baduzu, sentitu beharra daukazu, ez dago zeure burua ez den beste sorlekurik”.

Bestearen larruan jartzea ere eska-tzen du bertsoak, eta haren lekutik kantatzea. Enpatiarako gaitasunaz mintzo da Muñoa eta adibide bat jartzen du: “Gazte bat herriko kon-tzejal baten rolean jartzen baduzu, errealitate hori oso urrutikoa zaion arren, kokatzeko eskatzen diozu, eta kokatzen da distantzia bat hartuz, berak interpretatzen ari den paper bat bezala bizi baitu”. Baina funtsean, figura hori barneratzen ari dela dio Muñoak, enpatizatzen, eta hortik diskurtso bat sortzen. Nahigabe gertatzen den prozesu bat da, gainera, gaia jartzen den momentutik bertsolaria behartuta baitago jarrera eta posizio bat hartzera. Enpatia zuzenean dago lotuta en-tzuteko gaitasunarekin eta bestearenganako errespetuarekin. Hain zuzen ere, bertso-eskoletan edota hezkuntza arautuko bertso-tailerretan gazteak ez dira bakarrik aritzen bertsotan, gehienean taldean aritu behar izaten dute; batzuetan bikoteka abesteko eskatzen zaielako, paperean bertsoak osatzeko esaten zaienean ere taldeka jarduten dutelako, puntutan aritzen direnean bata bestearen erreskan aritzen direlako, eta bakarrik bertsoa botatzea toka-tzen bazaie ere, normalki, aurrean besteak izaten dituztelako. “Bertso-eskolan, azkenean, ni errespetutik entzuten nauzu, ni kantatzen ari naizen momentua errespetatzen duzu eta gero nik ere zu entzungo zaitut”, azaltzen du Labakak.

Gaiak, rol bat hartzeak, bestearen tokian jartzeak, errimak bilatzeak, testua egituratzeak… Horrek guztiak kontzentrazio handia eskatzen dio gazteari. Horixe da, hain zuzen ere, bertsoarekin era inplizituan lantzen den beste gaitasun bat. Izan ere, Muñoak adierazten duen bezala, gaur egungo munduan gero eta estimulu gehiago daude, eta oro har, haur, gazte zein helduek kanpotik jasotzen dituzten mezu azkarren arabera funtzionatzen dute, erritmo naturalak errespetatu gabe: “Ez gara gauza Youtubeko bideo bat jarraian ikusteko ere. Interesatzen ez bazaigu aurreratu egiten dugu, bere erritmoa manipulatuz”. Bertsotan, ordea, guztiz kontrakoa gerta-tzen dela eransten du, ez dagoela kanpo estimulurik —ez musikarik, ez koreografiarik, ez bideorik—, eta ondorioz, norbere sormena bakarrik geratzen dela: “Ezinbestean, kanpo-estimulua galdu egiten da, eta barruan aurkitzen duena soilik gertatzen zaio bertsolariari”.

Entzuna edo irakurria izateko sortzen da bertsoa, hau da, besteen aurrean erakusteko zein oholtzan kantatzeko. Bertsolariak beti dauka publikoren bat aurrean. Horrexegatik, norbere burua erakustea eskatzen du bertsogintzak eta horrek segurtasuna eta autoestimua irabazten eta jendaurrekotasuna lantzen laguntzen die ikasleei. Labakak gogoratzen duen moduan, euren bertso-eskolan dabiltzan gazteek erraztasun handiagoa izan ohi dute jendearen aurrean hitz egiteko: “Behin baino gehiagotan entzun diet nire ikasleei ez dutela ulertzen gelan haien ikaskideei nola kostatzen zaien horrenbeste besteen aurrean aurkezpenak egitea. Kontua da eurak, akaso, lau urte daramatzatela bertsogintzan eta jendaurrekotasuna lantzen eta horretan ere ikasi egiten dela”.

Taldekotasuna eta kohesioa ere oso bereak ditu bertsolaritzak, batez ere, bertso-eskolen eta -udalekuen kasuan. Izan ere, gazte bertsozale asko oso isolaturik sentitu ohi dira, euren inguruan bertsoa atsegin duten bakarrak direlako. Muñoaren hitzetan, gazte askoren ingurunean ez da prestigiozkoa bertsolaria izatea eta ez da prestigiozkoa euskaraz aritzea. Horrexegatik, udalekuetan edota bertso-barnetegietan gazte horiek konturatzen dira badagoela mundu bat eurekin enpatizatzen duena: “Zaurgarri izateak, azkenean, kohesioa eragiten du”. Identifikazio, kohesio edota taldekotasun horrek, aldi berean, emozioen eta sentipenen adierazpenari bidea irekitzen dio. Izan ere, gazteak libreago eta seguruago sentitzen dira euren barnean dutena erakusteko. Horren adibide gisa, 2014ko udalekuetan gertatutako jazoera bat gogoratzen du Labakak: “Hezkidetza lantzen ari ginelarik, mutiko bat negarrez hasi zen. Zotinka batean ari zen, baina aldi berean eskerrak ematen zizkigun horrelako gauzei buruz hitz egiteko toki bat eskaintzeagatik. Bizitza arruntean era horretako hausnarketetarako espaziorik ez zeukala komentatzen zigun”.

Izan bertso-eskolara, bertso-udalekura nahiz hezkuntza arautuko saioetara, ondo pasatzera joaten dira Labaka eta Muñoa. Helburu didaktiko eta praktikoetan baino gehiago jartzen dute fokua umorean, haur eta gazteengana iritsi eta haiekin konektatzean, ikasleentzat arnasaldi bat izatean, eredu berri bat eskaintzean… Izan ere, Muñoak azpimarratzen duen moduan, ikasleak motibatuta baldin badaude, gustura sentitzen badira eta harreman onak eraiki badituzte, beste guztiak ere funtzionatzen du.