Alaia Martin Etxebeste bertsolariari elkarrizketa.

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi du oiartzuarrak pasa den urte amaieran. Txapelketa haurdun zelarik hasieran, eta erdiondo betean prestatu zuen ondoren, lausoago baina intuizio handiagoz.

Hazi Hezi aldizkari honen hainbat erreportaje eta elkarrizketa idatzi ditu Alaia Martinek (Oiartzun, 1987) kazetari moduan, eta oraingo honetan, aitzakia handia izan dugu sormenaz elkarrizketa hari egiteko: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako azken txapela. Noiz eta erdiondo betean landu eta irabazi duen txapelketan irabazitakoa, gainera.   

 

Igaro da denboratxo bat. Oraindik Ilunbeko burbuilan jarraitzen duzu ala irten zara erresaka emozionaletik? Nolakoa izan da erdiondoa, edo final-ostekoa? 

Burbuilatik bai. Egun bakarra bailitzan gogoratzen dut kasik finala eta jarraian etorri ziren bi-hiru egunak, intentsitate handikoak izan baitziren, barrura begiratzeko denborarik ez nuen izan. Finalaren oroitzapen ederra daukat eta finalaren ostean egun bereziak pasa izanaren poza. Txapelketei begiratzeko eta irakurketa bat egin ahal izateko, denbora luzea behar izaten dut nik eta oraindik sentsazioetan nago. Poz txiki horren oihartzuna eta nekea dauzkat orain.   

 

Txapelketari begira: zer-nola bizi izan duzu txapelketa? Zer eskatzen zenion eta zer eman nahi zenion?  

Bertso ibilbidean pausotxo bat gehiago eman ahal izatea eskatzen nion; punta zorroztea, gogoetak eguneratzea, gelditzeko eta erritmoa jaisteko tartetxo bat hartzea, astean behin behintzat. Gipuzkoako azken txapelketatik bost urte igaro zirela kontuan hartuz, ilusioa nuen azken urteetako aldaketa kolektiboak eta pertsonalak oholtzatik bizitzeko eta eragiteko. Ahal nuenetik eman diot eta gehiago eman niezaiokeela jakinik ere, gustura nago txapelketarekin izan dudan harremanarekin eta oso eskertuta jaso dudan laguntzagatik, maitasunagatik eta bertsokideen kalitate humanoagatik eta artistikoagatik. Funtsean, azken urteetan gutxien dudanetik eman diot; denbora eskaini diot, gustuz. Askoz gehiago eskainiko niokeen gustura, baina, aldi berean, eskaini diodana kontzientzia eta intentzio osoz eskaini diot. Jaso, berriz, izugarri jaso dut; bertsokideekin elkartzeko eta kantatzeko aukera, plaza ederrak, babesa, gertutasuna, askatzeko leku bat, bilaketan aritzeko hari-mutur gehiago, belaunaldi indartsu eta interesgarri baten ekarpenak…  

 

Nola kokatzen duzu txapelketa eta finala bera zure bertso-ibilbidean, zertan lagundu dizu aurrera egiten edo sakontzen?  

Nire egunerokoa oso lotua da azken denboran eta kezka horrekin eman nuen izena txapelketan, hasiera batean. Saiatu nintzen nire buruarekin haserretu aurretik adiskidetzen eta ahal nuena ahal nuen moduan egiteko baimena ematen nire buruari, jakinik ezingo nuela ohi bezala edo ohi bezainbeste prestatu. Perspektiba hartzeko balio izan dit txapelketa honek, bertsoarekin lotzen nauenaz gogoetatzeko, mikrofono bat erabiltzearen zentzuaz edo zilegitasunaz gehiago hausnartzeko, hitz berriak eta molde berriak bilatzeko, fokua esan nahi nuen horretan jartzeko, teknikan baino gehiago… Senari oso lotuta ibili naiz eta ordutegiari, espazioari eta denborari dagokionez oso estu, baina, aldi berean, bertsoari eskaini dizkiodan tarteak asko gozatu eta eskertu ditut; asko eman didate. Nolabait eta labur esateko, uda aldean konturatu nintzen estutzeko ezetz, askatzeko txapelketa bat izan behar zuela.  

 

Bigarren haurra izan duzu pasa den urtearen hasieran, txapelketa prestatzen hasteko garaian-edo. Ez dirudi erraza erdiondoan bizi ditugun gora-behera guztiekin, burua eta gorputza sormenerako edukitzea. Nola kudeatu dituzu puerperioa eta prestaketa? 

Erraza ez da izan. Txikienak sei hilabete pasatxo zeuzkan txapelketan sartu nintzenean eta jaio osteko hilabete horietan, prestakuntzan, oso bertso eskola laburrak egiten nituen eta batzuetan kosta egiten zitzaidan kontzentratzea. Hau guztia aurreikusten nuenez, lehenagotik abiatu genuen prestaketa, 2023ko udazkenean. Txikia jaiotakoan eten bat egin nuen nik eta gero berriz heldu nion, baina ahal zen erritmoz eta maiztasunez. Bertsokide batzuk gure auzoko elkartera hurbildu dira bertso eskolak egitera, logistika errazteko, eta esker infinitua izango dut beti haiekiko. Bestetik, bai haurdunaldietan eta bai erdiondoetan ere, buruak beste era batera funtzionatu izan dit niri; zorroztasun gutxixeago sumatu izan dut, baina, aldi berean, intuizio zabalagoa-edo eta horri eusten saiatzen nintzen, ziurgabetasun momentuetan, beti ere atzera egiteko —ez parte hartzeko— auto-baimena nuela gogoratuz. Ez da erraza izan, baina askoz zailagoa izan zitekeen etxekoen, bertso lagunen… inplikaziorik izan ez balitz edo erdiondo gogor bat tokatu izan balitzait. Zortea alde izan dut eta hori ere esan egin behar da.  

 


Bertsoa nire buruarekin konektatzeko bitarteko bat da eta munduarekin eta —zaintzaz harago— kezkatzen nauten gaiekin konektatzeko nire heldulekua


 

Ziurrenik, aldizkari hau bada horri buruz hitz egiteko espazioa: gorputza zaintzara guztiz emana dagoenean, buruari hortik aparteko gaietan zentratzea kostatzen zaigula sumatzen dugu ama askok. Oholtza gainean disoziatzeko beharrik izan al duzu? Nola egin duzu hori?  

Bertsoak mesede izugarria egin dit erdiondoko etapa exijente honetan, eta oraindik ere egiten dit. Egun osoa pasatzen dut konpainian, nire gorputzaren erabateko jabetza fisikorik gabe eta besteen beharren detekzioan. Bertsoa nire buruarekin konektatzeko bitarteko bat da eta munduarekin eta —zaintzaz harago— kezkatzen nauten gaiekin konektatzeko eta horietaz hausnartzeko nire aitzakia eta heldulekua da. Ardatzean mantentzen laguntzen dit, barrua eta kanpoa ordenatzen eta, hein batean, sozializatzen [barreak] eta gozatzen. Saio batzuetan pasa izan zait txikiez pentsatzen hastea atzean nagoen momentuetan eta arreta apur bat galtzea, gerra txiki horiek sortu izan zaizkit, baina bertsoak, berez, erabateko presentzia eskatzen du, hortxe eta momentu horretantxe egotera behartzen zaitu, beste ezertan pentsatu gabe. Ariketa ona da eta disoziazioan laguntzen du.   

Finala ohiko saioak baino luzeagoa izango zela aurreikusita, antolakuntzarekin adostu genuen momenturen batean oholtzatik jaitsiko nintzela txikienari bularra eman ahal izateko eta babes eta gertutasun handia sumatu dut alde horretatik, baliabideak eskaini izana asko eskertu dut. Euskal Herriko 2022ko finalean zaharrenarekin ere egin nuen etentxo bat bularra emateko eta jolasteko eta egia esan, bi momentu horien oso oroitzapen berezia eta polita dut.  

 

Esan liteke zuen belaunaldia izan dela zaintza —aspektu zabalean, baita adiskidetasunaren ikuspegitik ere— bertsotara ekarri duena? Sumatzen al duzue trakzio efekturik eragin duzuenik, kideengan, publikoarengan, antolakuntzan…?  

Esplizitatu egin dugu zaintza hori, lehendik ere egon, bazegoen, baina uste dut baietz, apur bat leunxeagoa dela orain oholtza, eta baietz, garaiak berak eta zenbait gogoetek eragin dutela trakzio hori. Txapelketa honetan egon den grada transfeminista izan liteke adibide bat, kideon artean dugun landutako konplizitatea beste bat eta beste modu bat posible dela edo posible egin behar denaren sentipen hori hedatzen ari da.  

 

Bertsolaritza txapelketa baino askoz gehiago da. Saio ugari egin dituzu Izan inurri elkartearekin, Tabuen kutxatik oholtzara saio musikatuetan. Zer dira saio horiek zuretzat? 

Txapelketa baino askoz gehiago da, bai, txapelketa salbuespenezko saio mota bat da, bi edo lau urterik behin tokatzen zaigu guri, estutzeko, artistikoki eta ideologikoki ispilu aurrean jartzeko… Balio diezaguke, baina gure asterokoa eta gure lurra plazetan egoten da, herriz herriko eta auzoz auzoko igurtzi horretan, horiek dira gure laborategiak eta gure ilusioak. Inurriko saio musikatuak oso bereziak izaten dira, asko ikasten dugu partaideen testigantzetatik eta egiten ari diren lan puskaren bozgorailu funtzioa ere badute. Beste geruza batetik aritzen gara eta talde giro indartsua sortzen da.  

 

Nola kudeatzen duzu eguneroko bizitzan jendaurrekoaren presioa, begiraden eta iritzien jopuntuan egotea?  

Lanketa psikologiko pixka batekin, umore askorekin eta egunaren arabera. Erruduntasunarekin, exijentziarekin eta epaiaren beldurrarekin konektatzen dudanean, bukletik ahalik eta azkarren ateratzen saiatzen naiz. Batzuetan berehala lortzen dut, eta bestetan hamazazpigarren bueltan, baina ikasbide interesgarria da hori bera ere. Uste dut gure lanean, jendaurrekotasun horri esker, momentu eta pertsona eder asko gurutzatzen zaizkigula bidean, eta merezi duela.