Estitxu Fernandez psikologo perinatalaren arabera, Gorputzak jariatzen dituen hormonen laguntzaz emakumea kontzientzia egoera berezi batean sar daiteke erditzean.

 

Gorputzak jariatzen dituen hormonen laguntzaz emakumea kontzientzia egoera berezi batean sar daiteke erditzean eta bere baitan murgiltzeko beharra sentituko du Estitxu Fernandez psikologo perinatalaren esanetan.

 

Nagusiki gorputzaren ekintza gisa ulertu ohi da erditzea, baina beste hamaika osagai ere badira erditzeko prozesuan. Estitxu Fernandez psikologo perinatalaren arabera, “gaur egun erditzearen gaineko ikuspegi medikoa nagusitzen da, irizpide mekanikoetan oinarritua, hala nola denboraren neurketa, uzkurduren kopurua eta maiztasuna, umetokiko lepoa zenbat zentimetro zabaldu den… Baina emakumeek euren erditzea deskribatzerako orduan nola eta zer sentitu zuten azaltzen dute, erditzearen bilakaera emozionalaren arabera kontatzen dute, eta ez minutuen eta zentimetroen arabera”.

Hori dela eta, erditzea benetan zer den ulertu eta ezagutarazi behar dela defendatzen du Fernandezek, eta ukitu eta ikusi ezin dena ere erdigunean jarri behar dela dio. Emakumeak erditzerakoan har dezakeen “kontzientzia egoera eraldatua” aipatzen du Fernandezek. Erditzea prozesu neuro-hormonal gisa aurkezten du: “Umearen garunak abiarazten eta amaren garunak zuzentzen du, bereziki oxitozina, endorfina eta katekolamina hormonen bitartez”. Hormona horien jarioak gidatuko du prozesu fisiologikoa, eta emakumea egoera psikologiko berezi batean sartzea ahalbidetuko dute, kontzientzia egoera eraldatu horretan, hain zuzen ere: “Hori ez dute denek berdin bizi, emakume eta erditze bakoitza desberdina baita. Baina hormonen koktel hori ez oztopatzea garrantzitsua da”.

 


Horrenbeste azalpen mediko erditzearen fase, uzkurdura, minutu, zentimetro, pelbis eta perineoaz, eta deus ere ez hormonez, euren eraginaz, emakumeen behar psikologikoez...

Estitxu Fernandez, psikologo perinatala


 
Oxitozina, endorfinak eta katekolamina

Oxitozinak umetokian uzkurdurak eragiten ditu eta dilatazioarekin zuzenki lotuta dago. Oxitozina eta horrek sorturiko uzkurdurak izango dira, era berean, erditu ondoren umetokia bere onera itzultzen lagunduko dutenak. Endorfina hormonek, berriz, neurotransmisore funtzioa dute. Analgesia efektua eragiten dute, eta ongizate sentsazioarekin eta plazerarekin lotzen dira. Katekolamina hormonak ere neurotransmisoreak dira, eta, besteak beste, adrenalina eta dopamina jariatzen dituzte odolera. Gorputza aktibitate fisikorako prestatzen duten aldaketa fisiologikoak eragiten dituzte.

Hormona horiek sorturiko kontzientzia egoera eraldatuaz ari da Ibone Olza psikiatra perinatala ere Parir (Erditu) izeneko liburuan. Olzaren esanetan, errealitatea hautemateko eta errealitatean egoteko beste modu bat da kontzientzia egoera eraldatua: zentzumenek ez dute ohi bezala hautematen, denboraren nozioa aldatu egiten da, estimuluei ez zaie ohi bezala erantzuten… Eta kontzientzia egoera eraldatua lortzea, lagungarria izango da erditzeak bilakaera naturala eta fisiologikoa izan dezan. Ingurukoek segurtasuna eta lasaitasuna eskaini behar dizkiote erditzen ari den emakumeari, eta beldurrak ahalik eta leku gutxien hartuko duen atmosfera bat sortzen lagundu behar dute.

 


Ez dute denek berdin bizi, emakume eta erditze bakoitza desberdina baita. Baina hormonen koktel hori ez oztopatzea garrantzitsua da

Estitxu Fernandez, psikologo perinatala


 

Erditzeko prestaketak ere alderdi fisikoan zentratzen dira batez ere, eta ez behar bezainbeste prozesu neuro-hormonalean, Fernandezen hitzetan: “Horrenbeste azalpen mediko erditzearen fase, uzkurdura, minutu, zentimetro, pelbis eta perineoaz, eta deus ere ez hormonez, euren eraginaz, emakumeen behar psikologikoez; horrenbeste pilota, oihal eta mugimendu pelbisarekin, eta kontzientzia egoera eraldatura hurbiltzeko lanketarik ez…”. Gorputza lantzea ongi dagoela dio psikologo perinatalak, baina berebiziko garrantzia duela sentitzen dugunari eta hausnarketa kognitiboari ere tokia egitea: “Zer behar du emakume bakoitzak prozesu neurohormonal hori eman dadin? Hori da deskubritu eta zaindu behar dena”.