Gertuko betaurrekoak jantzita nork bere onura bilatzen du. Urrutiko betaurrekoekin besteen onura ere bai, eta hortaz, denena. Hezkuntza legearekin hori falta ote den da galdera. 

Fokua non jartzen den edo begirada nolakoa den, horren baitan ematen dira iritziak eta egiten dira kritikak, aldekoak zein kontrakoak. Fokua gertukoa edo hurbila izan daiteke; edo luzeagoa, zabalagoa. Alegia, gertuko edo urrutiko betaurrekoak janzten diren.

Eusko Legebiltzarrera iritsi berri da Hezkuntza Lege proiektua, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin-Podemos alderdi politikoen artean Hezkuntza Akordioa egin zenetik urtebetera. Denbora tarte horretan hezkuntza komunikabideetako lerroburuetara etorri da eta Hezkuntza Akordioaren eta orain arteko zirriborroen artean aipagai izan dira euskara eta ikas-irakaskuntza ereduak, segregazioa, doakotasuna, titularitate desberdinen arteko berdintasunak eta desberdintasunak, udalen parte-hartzea eta abar.

Normala eta bidezkoa da alderdi politiko, hezkuntza eragile, ikastetxe edo sare bakoitzak beretzat onena nahi izatea eta kritikak, emendakinak eta proposamenak ildo horretan egitea. Hezkuntza jarduna hobetzeko helburua denen buruan egongo da, segur aski.

Halere, gauza bat da nork berea hobetzea eta beste gauza bat da denona hobetzea. Jauzi bat dago batetik bestera, gertuko betaurrekoak erantzi eta urrunekoak janztea dakarrena. Eta hori eginda edo egiteke dagoen da galdera. Euskal Herriko hezkuntza sistema osoa hobetzearen alde elkar hartzea ez ote den falta, alegia. EH Bilduko programa arduradun Pello Otxandianok lege proiektuaren lehen balorazioa egiterakoan adierazi du “hezkuntzaren eraikuntzan jauzi bat egiteko aukera historiko baten aurrean” gaudela, “hezkuntzagintzaren fase berri bat irekitzeko”. Eta jauzi hori, “hezkuntza tradizio bakoitzaren onena jasoz” egin daitekeela aipatu du. “Labur esanda, ikastolen gaitasun autoeratzailea eta eskola publikoaren sen berdinzalea uztartuz”. Etxe berean pertsona bat baino gehiago elkarrekin bizitzen jartzen direnean gertatzen den moduan, bakoitzak bere egiteko erak ditu, baina sinergiak eta denen esperientziak probestuz asko ikasten da, denak ateratzen dira onuradun, askoz ere aberatsagoa da elkarbizitza, eta bizitza bera.

Sarritan azaleratu dira ikuspegi desberdinak, askotarikoak, eta baita kontrajarriak ere; gutxiegi ikusarazi dira adostasunak eta antzeko iritziak. Zeren, helburu batzuetan ados gaude, ezta? Jar dezagun azpimarra ados gauden helburuetan edo hitz egin dezagun horietaz ere, markatzen goazen bidean norabidea gal ez dezagun.

25 urteko epean iritsi beharko ginateke euskararen ulermen unibertsala ziurtatzera gutxienez euskal herritar guztien artean

Pello Jauregi