Landutako testuak eta liburuak baino gehiago irakurtzen ditugu gaur egun sarean eta sare sozialetan aurkitzen ditugun testu laburrak. Testu luzeak irakurtzeko ohitura galtzen ari gara, eta haur eta gaztetxoak ere ez dira salbuespena. Errealitate hori, batetik, eta ikastetxeetan irakurketa lantzeko plan zehatzik ez izateak edota horiek ez garatzeak, bestetik, kezka pizteko moduko arrazoiak dira: ikasleak ez dira ari irakurtzeko ohiturak garatzen, eta maila nahiko baxua erakusten ari dira. Horrek berak badu beste ondoriorik, izan ere, irakurketa maila baxua izanda, nekez iritsiko dira irakurle kritikoak izatera.

Gaitasun literarioa Lehen Hezkuntzan. Irakurleak trebatzeko bidean izeneko tesia aurkeztu berri du EHUko irakasle eta ikerlari eta HUHEZIko kolaboratzaile den Nerea Permach Martinek. Euskal Herriko D ereduko ikastetxeetan, Lehen Hezkuntzan, gaitasun literarioa nola lantzen duten aztertu du. 55 ikastetxek eta 553 irakaslek hartu dute parte ikerketan. Pandemiaren ondorioz, ezin izan ditu Ipar Euskal Herriko datuak bildu, eta aurrerago osatzeko asmoa du. Ikerketak hainbat emaitza utzi ditu, baina ateratako ondorio orokorra hau da: gaur egun ikastetxeetan ez dira jarraitzen gaitasun literarioa lantzeko garaian adituek gomendatzen dituzten irizpideak. 

Oro har, haurrek eskolan gutxi irakurtzen dutela dio Permachek, eta horrek, eragin zuzena du irakurketa mailan. Denbora eskaintzea eta askotariko ipuinak eta testu literarioak irakurtzea, ordea, ezinbestekoa da, horrek euren prozesu kognitiboa azkartzea ahalbidetzen dielako. Horrela dio Permachek: “Helburua irakurle konpetenteak sortzea bada, askotariko testuak eskaintzea ezinbestekoa da, horien funtzio formatiboa edo didaktikoa kontuan hartuta. Horrekin batera eskolan, behintzat, kalitatezko irakurgaiak irakurtzen dituztela bermatu beharko litzateke. Kalitatezkoak, hainbat alderdiri erreparatuz: alderdi literarioa, hizkuntza, egitura, ikaslearen adinerako egokiak izatea, jorratzen duten gaia aproposa izatea… Halaber, aurkezpen zaindua duten liburuak eskaintzea ere garrantzitsua da: ilustrazio ederrak eta deigarriak dituztenak. Noski, haur literaturak irudimena sustatu behar du, eta alderdi ludikoa ezin da ahaztu: dibertigarria izan behar du”. 

Horrez gain, ikasleei hainbat irakurketa mota proposatu behar diegu. "Batzuetan, isila, partekatua edota beste batzuetan, boz gora irakurtzea eskatuko diegu, zein irakurketa maila duten jakiteko. Irakasleek ikasleei irakurtzea ere garrantzitsua da. Eta proposatzen den irakurketa zein helbururekin egiten dugun ere begiratu behar dugu: batzuetan helburua ludikoa izango da, eta beste batzuetan funtzionala edota ulermena lantzera bideratutakoa. Helburua irakurketa mota guztiak menderatzea da”, dio Permachek. 

Literaturak haurren eta nerabeen garapenean garrantzi handia duela azpimarratu du: “Literatura nortasunaren eraikuntza prozesuarekin bat dator. Izan ere, literatura hizkuntza eta testuinguru jakin baten adierazpen kulturalaren zati da, eta gure kultura nortasuna eraikitzea ahalbidetzen du, nolabait ere, komunitate baten partaide garela sentiarazten digulako. Era berean, irakurtzea nork bere burua eta beste ikuspegi batzuk ezagutzeko bidea ere bada. Hainbat iritzi eta errealitate alderatzeko eta iritzi propioak eraikitzeko tresna paregabea da. Literaturak gure sentikortasuna garatzen laguntzen du eta pertzepzioaren eta pentsamenduaren zehaztasuna bultzatzen du. Sentsibilitate estetikoa garatzeko aparteko tresna da: sormenari aukerak eskaintzen dizkio eta irudikatzeko beharrari ere erantzuten dio”. 

Haur eta Gazte Literaturak helduei zuzendutako literaturak duen funtzio bera betetzen du, beraz, nork bere burua ezagutzeko, ingurua ezagutzeko, lengoaiarekin harremanetan jartzeko, kultura eta balioak transmititzeko… balio du. 

Betaurreko kritikoak 

Permachen hitzetan garrantzitsua da txikitatik betaurreko kritikoak janztea: “Estimulu mordoa jasotzen dugu etengabe. Egun jasotzen dugun informazio bonbardaketaren aurrean pentsamendu kritikoa eraikitzea ezinbestekoa da, zeren kritikoa izateak ezagutzak ebaluatzeko eta jasotako informazioa, ikuspuntuak eta ondorioak ezbaian jartzeko aukera ematen digu. Logikaz eta inpartzialtasunez jokatzeko, ideiak identifikatzeko eta horiek garatzeko edo baztertzeko aukera ematen du”. Eta literaturak kritikotasuna lantzeko aukera eskaintzen du: “Munduaren eta pertsonaren ezagutza kritikoa eraikitzea ahalbidetzen du, mundu hobea irudikatzeko aukera ematen die haurrei”. 

Baina irakurtzeko moduak aldatu egin dira: “Gazteak irakurketa literariotik aldentzen ari dira, bestelako aisialdi ereduen eta euskarrien alde eginez. Kultura alfabetikotik irudietara igaro direla esan dezakegu: eduki bisuala kontsumitzera eta beste modu batera irakurtzera. Testu digitalek ezaugarri bereziak dituzte, izan ere, sarean irakurtzeak testu lau eta lineal batetik testu ireki eta plural batera igarotzea eskatzen du, hau da, hiperestekaz edo hipertestuaz hitz egin behar da, eta horrek irakurketa prozesua zatitzen eta oztopatzen du jauzika irakurtzen delako. Horrek hausnarketarako eta kontzentraziorako zailtasunak ekar ditzake, finean, pentsamendu sakonerako gaitasuna galtzea. Zentzu horretan, testu literario analogikoa inoiz baino beharrezkoagoa dela esan dezakegu”. 

Errealitate horren aurrean nola hezi ditzakegu ikasleak irakurle kritiko izan daitezen? Honakoa dio Permachek: “Irakurketa kritikoa lantzeko, ikasleari testua aztertzeko eta bertan jasotakoa egia absolututzat ez jotzeko eskatzen diogu. Autorearen mezua ezbaian jartzeko, alegia. Irakurle kritikoak irakurtzean jasotzen duen informazioa aurretiko esperientziekin kontrastean jartzen du eta horregatik garrantzitsua da irakurketa mota hau proposatzean aldez aurretik dituen ezagutzak aktibatzea”. 

Irakaslea, bitartekari gisa, funtsezkoa da gaitasun literarioa lantzeko garaian: “Ikasleen eta literaturaren arteko topaketa aberasgarria bilatzeaz gain, testuaren ulermena sustatzen duten ikaskuntza egoerak sortu behar ditu eta irakurketa prozesua bera gidatu behar du”. Ikasleak, berriz, literatur lana ulertzeko gaitasun zehatzak izan behar ditu: “Lengoaia literarioa ulertzea, literaturak eskaintzen duen mundu sinbolikoa interpretatzea… Helduok bitartekari gisa lagundu behar diegu, entzundakoa edo irakurritakoa uler dezaten eta hortik abiatuta inferentziak egin ditzaten”. 

Era berean, garbi izan behar dugu irakurketaren lanketa arlo guztiei dagokiela, ez soilik hizkuntza eta literatura ikasgaiari. Permachek beharrezko ikusten du irakurketari merezi duen garrantzia ematea: “Azken ikerketak gure ikasleen irakurketa maila baxua dela erakusten ari dira, beraz, horretan arreta berezia jartzea ezinbestekoa da. Ulermen maila baxuarekin, nekez egin daiteke irakurketa kritikoa”.