Izena emateko epea 2026ko urtarrilaren 23an amaituko da.

 

Hik Hasi egitasmoak bidaia pedagogikoa antolatu du Danimarkako hezkuntza sistema ezagutzeko xedez. 2026eko apirilaren 6tik 11ra izango da.

 


 

Ongizatetik ikasiz

 

 

Inklusiboa eta ikasleen ongizatean ardaztua

 

Danimarkako eredu pedagogikoa ezagutuko dugu, non berrikuntza, ongizatea eta konfiantza hezkuntzaren ardatz diren. Danimarkan metodologia aktiboak eta lankidetza bateratzen dira, ikaslearen ongizate emozionalean eta sozialean azpimarra jarriz. Inklusioarekin konpromiso sakona duten ikastetxeak dira; eta arkitektura, natura eta pedagogia uztartzeak horretan laguntzen du. Sistema deszentralizatua izateak ikastetxeen autonomia eta komunitatearen parte-hartzea sustatzen ditu. BPGren % 5,3 hezkuntzara bideratzen duen herrialdea da.


 

Ongizate integralak ikasketa erreala dakar, eta bidaia pedagogiko honetan hori bizitzeko aukera izango dugu. Ikasleei zein irakasleei hazten eta ikasten laguntzen dieten eskolak ikusiko ditugu, non hezkuntza prozesua integral eta gertuko moduan bizitzen den.

 

 

Danimarkan hezkuntza, ezagutzak transmititzetik harago doa: ikasleen ongizate integralean ardazten da. Pertsona osoak, autonomoak eta haien buruaz seguru sentitzen direnak izateko, hezkuntza sistema danimarkarrak bost oinarri hauek bateratzen ditu:

 

1- Ikasleen ongizatea: Danimarkako hezkuntzaren lehentasunetako bat da. Ikasleen ongizatea prebentzioan eta laguntza pertsonalizatuan oinarritzen da. Ikastetxe danimarkarretan ongizate emozionalerako espazioak, etenaldi aktiboak, naturarekiko kontaktua eta laguntza soziala dituzte.

2Hezkuntza inklusiboa: testuinguru eta gaitasun askotariko ikasleak elkartzen dira ohiko geletan. Ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzeko lan egiten da, laguntza pertsonalizatuarekin eta errespetuzko giro abegikorrean. Aniztasunari eta ikasle bakoitzaren beharrei erantzuteko curriculum egokituak eta metodologiak erabiltzen dituzte.

3- Berrikuntza pedagogikoa: metodologia aktiboak eta ikasleengan zentratuak darabiltzate: proiektuetan, elkarlanean eta ikasleen autonomian oinarritutako ikaskuntza. Ebaluazio hezigarria, jarraia eta ikaslearen ikasketa prozesuan zentratutakoa da oinarria.

 4- Irakasleen formazioa eta haienganako konfiantza: irakasleek formazio zorrotza eta jarraia jasotzen dute, zeinak hezkuntza erronkei autonomiarekin eta sormenarekin aurre egiteko prestatzen dituen. Konfiantza sozial eta instituzional handia dago irakasleengan eta horrek mesede egiten die elkarlanari, motibazioari eta berrikuntzarako ausardiari.

5- Antolaketa deszentralizatua eta komunitatearen parte-hartzea: hezkuntza sistema daniarra deszentralizatua da eta udalen parte-hartzea esanguratsua da eskolen kudeaketan eta antolaketan. Folkeskole da erreferentzia den eskola publiko daniarra; herriko beharretara egokituta daude eta autonomia handia dute metodologiak eta curriculuma egokitzeko eta berrikuntzak ezartzeko. Deszentralizazioak familien eta komunitatearen parte-hartzea sustatzen du.