Umeei euren garapenean laguntzen zaien moduan sostengatzen ditugu ikastetxeak.
Martxoaren 25ean Korrikako lekukoa hartu genuenean furgonetatik hala esan zuten: “Ongi etorri Hik Hasi! Zenbat lan hezkuntza hobetzeko eta euskaraz hobeto irakasteko eta ikasteko. Eskerrik asko!”
Horrek definitzen gaitu eta hori da gure bokazioa eta misioa: euskal irakaskuntzan dabiltzanei laguntzea, haien beharrak ezagutzea eta laguntza eskaintzea, gertutik eta errespetuz.
31 urteko ibilbidean asko ikasi dugu zuekin, irakasleokin, zuzendariokin, ikasleokin, familiokin eta hezkuntza eragileokin. Eraldaketa pedagogikoetan nola murgildu zareten behatu dugu, zuen formazio beharrak zein diren erreparatu dugu eta Euskal Herri osoko hezkuntzaren kalitatea hobetzeko aukerei so egin diegu.
Hortik eratorri dira gure proiektuak eta eskaintzak, ikusitako beharrei erantzuteko xedez. Baita Aholkularitza Zerbitzua ere. Ikastetxeetara bertara joan, hango errealitatea ezagutu eta bertan dabiltzan zuzendari eta irakasleekin batera egiten ditugu aholkularitza prozesuak. Bertatik bertara, eskuz esku, aldamenean egonez. Hori baita Hik Hasiren filosofia eta estiloa; gertutasuna eta zaintza. Badakigulako zer den garrantzitsua eta zaindu behar dena. Badakigulako heldulekuek seguruak eta konfiantzazkoak izan behar dutela. Eta badakigu gure aholkularitza prozesuek lan egiteko modu jakin bat dakartela.
Umeei euren garapenean laguntzen zaien moduan sostengatzen ditugu ikastetxeak: aldamenean egonez, aurreratu gabe, erritmoak errespetatuz, eskua luzatuz… autonomia lortu arte. Lurrean itzuliak ematen hasi eta oinez ikasi arte. Gure aholkularitza amaitzen denean ikastetxeak, tresnak eskuratuta eta ahaldunduta, bakarrik oinez ibiltzeko gai izan daitezen.