Ainhoa Oiartzabal | Kazetaria
Haurrak noiz eduki izan da ia lau hamarkada lurra zapaltzen daramagun ‘gazteon’ (batik bat, emakumeon) auzietako bat. Ikasketak (Erasmus gehi masterra gaur egun), lana (finkoa), etxea (berria), bikotea (bakarka gutxik), ‘oraindik’ gazte garela bizi beharreko esperientziak (bidaia exotikoren bat)... hainbat ‘baldintza’ bete eta gero erabaki izan dugu normalean ume bat ekartzea. ‘Kasualitatez’, 30 urteren bueltan, baldintza ‘guztiak’ betetzen ditugu (edo hori esaten diogu gure buruari), eta bat-batean ‘magia’; haurra edukitzeko ‘gogoa’ pizten zaigu. Eta bene-benetako sentimenda da, gainera.
Ziurrenik, urtez-urte halaxe funtzionatu dute munduko gizarte gehienek. Hau da, garai (eta kultura) bakoitzak markatzen du guraso izateko epea (eta modua). Eta norbera parametro horietan hazi eta hezia denez, ‘natural’ bizi ditugu. Gurean, Mendebaldean, x batekin markatu ohi ditugu seme-alabak; gure bete beharrekoen kasilleroan jartzeko beste x bat izan ohi dira.
X batekin ezabatuz zerrendatzen (edo zenba-tzen?) ditugu egindako gauzak eta bizitako egunak, ‘bat gehiago’ bezala hartu beharrean ‘bat gutxiago’ delakoan. Eta egin beharreko gauza guztiak lortu arteko angustia horrekin bizi gara. Paradoxikoa da, baina mugagabeak ito egiten gaitu.
Etapak errez bizitzeko kulturak bizi gaitu, esperientzia metaketak, x-ak lortzeak dagokion tokian eta garaian (ahal dela aldamenekoa baino pixka bat lehenago), koadro guztia aurrez diseinaturiko markoan kabitzen dena. Inprobisaziotik, gutxi. Baldintzapeko askatasuna da gurea. Eta lehiakorra oso.
Ezarritako plan bati ez jarraitzeak eragiten digun itolarria nolabait kontrolatzen dugunean hartzen dugu arnas pixka bat. Mugagabeari, ozeano amaigabeari, mundu zabalari lasai begiratzen diogunean; handitasun horietaz gozatzen ikasten dugunean.
Tarte horretan, gauza asko gertatuko dira pentsatu eta teorizatu ditugun bezala, baina gehienak ez. Besteak beste, ez garelako bakarrik bizi munduan. Eta bidai onenetan bezalaxe, aurrez prestatu gabeko baldintza berriek, bide eta jendeek ematen diote zentzua gure eguneroko ibiliari. Bidea egiten egiteari. Eta hori dena haur batekin partekatzea oso aberasgarria izan daiteke. Berdin dio geure buruari aurrez jarritako baldintzak beteta ditugun edo ez; bide hau ez dago inongo mapetan markatuta.
Urte batzuetan gure etxepea zein bidea konpartituko duen bere garaiko mundutar bat izango dira seme-alabak. Maitasun harreman sendo batek harremanduko gaitu, eta hori, ordura arteko harremanak bizi izan ditugunetik abiatuko da. Ez gara gauetik egunera, guraso bilakatu garelako, aldatuko. Ez dago guraso ‘onik’ edo ‘txarrik’, ez bada pertsona, lagun, lankide, herritar, maitale ‘txarra’ edo ‘ona’. Egiten duguna izango gara, eta dira.
Ezabatzen ez baizik eta egunero zabaltzen, korapilatzen eta edertzen doan bidea da gurea, non haurra, semea edo alaba, bidaide garrantzitsu bat izango den. Bidaia on!