Bigarren haurraz haurdun daudenean, aurreneko umeaz kezkatzen dira ama asko:
“Izango al dut aski denbora berarentzat? Nola eragingo dio gure harremanari haur txikiak? Nola antolatuko gara?”. Julene Armendariz pedagogo perinatalaren arabera, haurdunaldian erabaki batzuk hartzeak kezka baretzen lagunduko die gurasoei.
Bigarren haurraren etorrerarekin batera, maitasuna biderkatu egiten dela esango digute askok, baina, maitasunarekin batera, zenbait kasutan, kezkak ere biderkatu egiten dira, izan ere, Julene Armendariz pedagogo perinatalak dioen gisan, “bigarren haurraren esperoan gaudeneko egoerak aspektu asko dauzka eta puzzle konplexu baten aurrean kokatzen gaitu”.
Aurreneko haurra edukitzeak pertsona edota bikote moduan aldaketa handia ekarri ohi du, baina “iraultza” hori, dagoeneko atzean utzia izan ohi dugu bigarren haurdunaldian: “Bigarrengoz haurdun geratzen garenean, aurrean daukagun erronka beste bat da: haurdunaldi bat aurrera eraman behar izateaz gain, lehenengo haurraren zaintza lanekin ere bete beharra dugulako”.
Lehen haurdunaldiko kezken aldean, bigarren haurra datorrenerako badugu nahikoa eskarmentu guraso gisa, eta faktore horrek, Armendarizen arabera, gure alde jokatzen du, baina horrek ez du esan nahi kezkarik ez dugunik izango, emozionalki nahiz antolaketa aldetik egoera konplexua izaten baitugu aurrean: “Kezkak ere ezberdinak izan ohi dira bigarren haurdunaldian; lehenengo umea bezainbeste maiteko al dut? Nola aldatuko da lehen haurraren eta bion arteko harremana?”. Kezka horiek bigarren haurraren etorrerarekin agertu ohi dira, ez hainbeste hirugarren haurra edo hurrengoak datozenean.
Kezka, neurria jarri ezean, sabela adina puztu daiteke haurdunaldiaren hilabeteetan. “Alderdi emozionalari begira, lehenengo haurrarekin daukagun atxikimendua, lotura emozionala eta berak gurekiko duen mendekotasuna biderkatuko direla pentsatzeak agian gain har diezaguke”. Bestetik, antolaketari dagokionez, Armendarizek ikusten du gaitasunari buruzko zalantza sortu ohi dela: “Gai izango ote gara haur bakoitzari, bere adinari eta garapen-prozesuari dagozkion arreta eta zaintza eskaintzeko?”.
Egoera horretan dauden amen eta gurasoen artean muturreko bi joera ikusi izan ditu pedagogo perinatalak: “Batzuek lehentasuna ematen diote haur jaioberriaren zaintzari, nagusia bigarren maila batean kokatuz; ‘orain zu zara anai-arreba zaharra eta nik txikiarekin egon behar dut; beraz, itxaron pixka batean’. Beste batzuek, aldiz, seme-alaba zaharrenak sufri ez dezan, ez dituzte ordura arteko familia-dinamikak eraldatzen; ‘gaixoa… ez dut nahi sufritzerik haur txikiaren erruz…’ Baina bi egoeren artean, bada erdibiderik”.
Zerk erraztuko digu bidea?
Egonezin emozionalak nahiz antolaketa-kezkek gain har ez gaitzaten, haurdunaldiko hilabeteetan hainbat erabaki hartzea proposatzen du pedagogo perinatalak bidea errazagoa izan dadin: “Haurdunaldian zehar erabakiak hartzen joatea gomendagarria da: ‘Erditzera noanean, nor geratuko da haur nagusiarekin?’; ‘nork zainduko du egun horietan?’; ‘nork lagunduko dit/digu hurrengo asteetan eta hilabeteetan?’”.
Erditzeaz harago begiratzea proposatzen du Armendarizek: “Erdiondoan laguntza eskatu. Haur jaioberri baten eta helduagoa den haur baten beharrak oso ezberdinak dira, eta erdiondoan gaudela kontuan hartuz, ezin dugu lan hori guztia guk geuk bakarrik egin. Laguntza ezinbestekoa da, bestela gure osasun fisikoarekin eta mentalarekin ordaindu genezake epe motzera”.
Haur bakoitzaren beharrak kontuan izatea gomendatzen du Armendarizek, unean-unean nola jokatu jakiteko: “Haur jaioberriak ama eskura baldin badu, haren garapena ongi joango da. Haur helduagoaren kasuan, aldiz, 2 edo 3 urteko haurrak ez du denbora guztian amak zaintzeko beharrik izango. Hala ere, oinarrizko beharrak ase behar ditu, lasai, asetua, betea, begiratua eta artatua senti dadin, eta hori konfiantzazko beste heldu batek egin lezake, aitak edo beste amak (bikotekidea dagoen kasuetan). Ondoren ama, haur txikia beste norbaiten besoetan uzteko aukera duenean, haur nagusiarekin egon daiteke, presente eta eskura. Horrela, haur nagusiaren beharrak aseta egongo lirateke, eta emozionalki auto-erregulatzen lagunduko dio”. Izan ere, “ezinbestekoa” da bigarren haurraren etorrerarekin, “haur nagusia bizitzen ari den emozioak onartzea eta horiei lekua egitea”. Pedagogo perinatalak dioen eran, posible eta zilegi izango da haur txikiaren etorreran nagusiak frustrazioa, haserrea, mina, beldurrak… bizitzea, “beraz, ez gutxietsi haren bizipenak, guraso gisa, gure lana emozio horiek ikustea eta entzutea da, onartzea eta ateratzen uztea”.