Julene Armendariz pedagogo perinatalaren arabera, bigarren haur baten etorrerak familia-sistema osoa berrantolatzen du.

 

Julene Armendariz pedagogo perinatalaren arabera, bigarren haur baten etorrerak familia-sistema osoa berrantolatzen du. Lehen haurra anai-arreba bihurtzean, emozio kontrajarriak ager daitezke; horregatik, garrantzitsua da haren lekua, erritmoa eta segurtasuna zaintzea.

 

Bigarren haurraren etorrerak poza eta ilusioa ekarri ohi ditu familiara, baina baita beldurrak, zalantzak eta bere denbora behar duen egokitzapen-prozesua ere. Izan ere, haur bat jaiotzean ez da kide berri bat gehitzen soilik; ordura arteko oreka aldatu egiten da, eta familia osoak bere burua berriro kokatu behar izaten du Julene Armendariz pedagogo perinatalaren esanetan: "Bigarren haurraren etorrerak familia-sistema osoa berrantolatu eta familia osoaren dinamika aldatzea dakar. Gurasoek seme-alaba bakoitzaren beharrei erantzuteko modu berriak aurkitu behar dituzte, eta lehen haurra ere rol berri batean kokatzen da anaia, ahizpa edo arreba bihurtuz".

 


Lehen haurrarekin izandako esklusibitateko tartea amaitzear dagoela sentitzeak samina edo erruduntasuna eragin dezake


 

Bigarren haurdunaldian, gurasoen kezka nagusietako bat maitasunarekin lotuta egon ohi da: bigarren haurra lehenengoa bezainbeste maitatzeko gai izango ote diren, lehen haurra baztertuta sentituko ote den, edo ordura arteko harreman esklusibo horretan zer aldatuko den. Haurdunaldia bera ere ez da lehenengo aldikoa bezalakoa izaten: gorputzean beste haur bat hazten ari den bitartean, kanpoan ere badago zaindu beharreko haur bat, bere erritmoekin, beharrekin eta galderekin. Horrek erruduntasuna piztu dezake askotan, baina Armendarizek begirada beste leku batean jartzea proposatzen du: "Lehen haurrarekin izandako esklusibitateko tartea amaitzear dagoela sentitzeak samina edo erruduntasuna eragin dezake. Hala ere, garrantzitsua da gogoratzea haurrek ez dutela denbora kopurua soilik behar; harremanaren kalitatea da benetan elikatzen dituena. Gainera, bigarren haurraren etorrerak lehenengoari ere opari baliotsua ekar diezaioke, anai-arreba batekin lotura eraikitzeko aukera, alegia".

 

Haur nagusiaren emozioak

Anaia,arreba edo ahizpa txikiaren etorrerak ez du haur nagusia automatikoki anai, arreba edo ahizpa sentiarazten. Helduentzat albistea pozarekin lotuta egon daitekeen arren, haur nagusiarentzat aldaketa horrek bere egunerokoa, arreta jasotzeko modua eta familiako lekua ukitzen ditu. Horregatik, ez da harritzekoa egoeraren aurrean batzuetan pozik agertzea eta beste batzuetan haserre edo zalantzati sentitzea. Izan ere, anaia, arreba edo ahizpatxikia jaiotzean, haur nagusiak ordura arte sentitzen zuen segurtasuna kolokan senti dezake. Bere bizitzaren oinarrian mugimendu handiak gertatzen ari direla bizi dezake, eta denbora beharko du egoera berrian ere seguru dagoela barneratzeko. Horretarako, gurasoekin duen konexioa, pazientzia eta presentzia funtsezkoak izango direla dio Armendarizek: "Haur bakoitzak bere modura bizi du anaia, arreba edo ahizpa berriaren etorrera, eta adinak ere badu eragina. Batzuek ilusioz hartzen dute albistea; beste batzuek, berriz, nahasmena, kezka edo erresistentzia adieraz ditzakete. Askotan, gainera, emozio kontrajarriak batera agertzen dira, hala nola poza eta jelosia, edo jakin-mina eta beldurra, eta horiek guztiak erreakzio osasuntsuak dira".

Begirada horretatik, jeloskortasuna haurra egoera berrira egokitzen ari den seinale gisa ulertu beharko litzatekeela azpimarratu du Armendarizek: "Jeloskortasuna ez da arazo bat, baizik eta aldaketa handi baten aurrean haur batek sentitzen duenaren adierazpena. Gurasoek ez lukete haurraren emozioa zuzendu edo ukatu behar, baizik eta aitortu eta lagundu".

 


Anaia, arreba edo ahizpa handi bihurtzeak ez du esan nahi haur izateari uzten zaionik. Haur nagusiak ere zaintza, kontaktua, eta helduen sostengua behar ditu


 
Bere lekua ez galtzeko beharra

Etapa horretan zaindu beharreko gakoetako bat haur nagusiak familia barruan bere lekua ez duela galtzen sentitzea dela dio Armendarizek. Horretarako, lagungarria izan daiteke haurrari segurtasuna ematen dioten eguneroko une txiki baina esklusiboak izatea, haren emozioei lekua egitea eta konparazioak saihestea. Era berean, errutinek ere sostengu handia eman diezaiokete haur nagusiari, senti dezan ez dela dena aldatu eta bere bizitzako zenbait erreferentziak bere horretan jarraitzen dutela.

Horregatik, "orain handia zara" bezalako mezuak behin eta berriz ematearekin kontuz ibili behar dela nabarmendu du Armendarizek: "Asmo onez esaten diren mezuak badira ere, presioa sor dezakete haurrarengan, eta bere beharrak bigarren mailan geratu direla sentiarazi. Anaia, arreba edo ahizpa handi bihurtzeak ez du esan nahi haur izateari uzten zaionik. Haur nagusiak ere zaintza, kontaktua eta helduen sostengua behar ditu".

 

 


Zaintza-sarea, erdiondoari aurrea hartzeko

Bigarren haur baten etorrerarekin, etxeko antolaketa ez da jaioberriaren inguruan soilik pentsatu behar. Amaren ongizatea, haur nagusiaren beharrak eta familiaren eguneroko sostengua ere aurrez begiratzea lagungarria izan daiteke Armendarizen esanetan: "Erdiondoko garaia antolatzeko, aurrea hartzeko eta errazteko gida bat da erdiondoko plana. Bertan jasotzen dira zaintza-sareari —familia, lagunak, bizilagunak— eskatuko zaion laguntza, guraso bakoitzaren eginbeharra eta haur bakoitzaren beharrak zaintzeko proposamena, besteak beste. Zaintza-sare horrek janaria prestatzen, erosketak egiten, etxea garbitzen edo egin beharreko tramiteetan lagunduz sostengatu dezake familia. Modu horretan, zaintza hori oso garrantzitsua bilakatzen da, ez baikaude diseinatuta familia txikietan bizitzeko".