2017an Hego Euskal Herrian jaio diren haurren gurasoek hilabeteko aitatasun-baimena daukate. Iazkoaren bikoitza da, baina familien arabera, oso gutxi da haurrek behar duten zaintza modu egokian eskaini ahal izateko.
Zer suertea!” esaten zioten Eider Alustizari Inko semea jaiotzean hilabeteko baimena hartzeko aukera izango zuelako. Otsailaren 5ean jaio baitzen Inko, eta beraz aitatasun-baimena 13 egunetik hilabetera luzatua zegoen ordurako Hego Euskal Herrian. “Zer suerta esaten zidan jendeak, eta nik pentsatzen nuen zer miseria! Hilabeteak ez du ezertarako denborarik ematen, konturatzerako lanean hasi behar duzu. ‘Zer suertea!’ esan beharrean, guztiok urtebeteko baimen duinagoak eskatu beharko genituzke kalera irtenda. Baina ez gaude horretara, ikaragarrizko immobilismoa dago, eta hilabete familiarekin egotea suertea dela pentsarazten digute.”
Nagore Mancillak bromatan dio, Ibai 2017an jaio zedin ia-ia hankak itxita egon zela. “Izar [alaba nagusia] jaio zenean Aritz [Goñi, bikotekidea] bi astez bakarrik egon zen etxean, eta ez zion paperak tramitatzeko ere astirik eman, neuk joan beharra izan nuen haur besoetakoarekin! Orain Ibairen jaiotzan alde handia nabaritu dugu, oso denbora gutxi den arren hilabete emankorragoa egin zaigu”.
“Zeinen erraza, zeinen ondo moldatzen garen bigarren haurrarekin!” pentsatzen zuen Mancillak Ibai jaio berritan. “Nire sentimendua zen oso erraza ari zela izaten bigarrenaren etorrera. ‘Primeran!’ erantzuten nuen inork zer moduz geunden galdetuz gero, zaharragoak zeloak zituenik ere ez nuen nabaritzen, hain ondo joan zen dena etxean... Aritz lanean hasi zen arte, ordura arte lasaitasuna izan zen nagusi eta gero momentu kritiko batzuk bizitzen hasi ginen, ez baineukan bi haurrei arreta emateko adina besorik”.
Alustizaren bikotekide Joana Mendezek ere aritmetika arazoa ikusten dio gurasotasun-baimen hain laburrak izateari —emakumeen bikoteen kasuetan ere aitatasun baimena da Gizarte Segurantzak luzatzen duena—. “Pediatrek eta emaginek eta teoria eta liburu guztiek esaten dute 6 hilabete arte bularra bakarrik emateko, eta gainera, nahi eran, haurrak eskatzen duenean... sistemaren arabera, ordea, nik 6 hilabeteak baino lehenago lanean egon beharko nuke, beraz, eragiketa ezinezkoa eskatzen digute!”. Azkenean nork bere ariketak egin behar ditu haurrak zaindu ahal izateko, Mendezek Inko zaindu ahal izateko eszedentzia hartuko du, kasurako.
Norberak bere kondizioak moldatu behar ditu haurrak zaindu ahal izateko, dauden baimenak eskasegiak baitira
Nagore Mancilla
“Haurrek nabaritu egiten dute etxean lasaitasuna dagoen ala estresa dagoen, hori begibistakoa da”, dio Mancillak. “Azkenean, lasaitasunaren mesedetan, norberak bere kondizioak moldatu behar ditu haurrak zaindu ahal izateko, lana murriztuz edo eszedentziak hartuz, dauden baimenak eskasegiak baitira haurrek behar dituzten zainketetarako”. Hori izan da euren hautua ere, Mancilla bera oraindik ez da inkorporatu lanera baimen berezi bati esker, eta Goñik, lan ordutegia murriztu du 5 ordutara. “Umeen izateko eran nabaritzen da etxean giro lasaia egotea, gurasoak gauzak egitera ondo iristen direla eta momentuoro behar dutena ematen zaiela ikustea. Seguruenik beste tempus batzuk izango bagenitu haurren haziera errazagoa izango litzateke, ez hain estresantea; baina sistemak lagundu beharrean oztopoak jartzen ditu”, Mancillaren hitzetan.
Aita gutxik hartzen duten bidea hartu du Goñik, lan jarduna murriztearena. “Sistemaz, baimena izan beharko genuke seme-alabekin denbora gehiagoz egoteko, baina sistemak aukera ematen ez duenez nik enpresan eskatu nuen lan ordutegia murriztea, eta aukera eman zidaten. Lehentasun kontua da, gauza batzuk murriztu edo kendu egin beharko ditugu, baina etxean eta familian on egingo digu haurrekin egoteak”.
Mancillak argi ikusten du bi gurasoen presentziak zer-nolako mesedea egiten duen etxean. “Nik nabaritzen dut umeak lasaiago daudela aita etxean dagoenean; batez ere zaharrenari egonkortasun handia ematen dio. Gainera, aitaren presentziak, hainbeste denbora eskaintzeak umeei, atxikimendua asko estutzen du”. Eta bikotean ere konfiantza handitzen du aitak seme-alabekin atxikimendua eta konplizitatea ez ezik eskua daukala ikusteak. “Batzuetan amak uste dugu ezinbestekoak garela, baina zu gabe aita umearekin zeinen ondo moldatzen den ikustean konfiantza sendotzen da bikotean”.
Alustizak ere antzeko burutazioak darabiltza Inko jaio zenetik. “Umeak hilabete egin zuenean neure buruari esaten nion, ‘zertarako noa ni lanera?’ etxean egon nahi nuen, eta lanetik irteteko desiatzen nengoen”. Baina lana murrizteko edo kontziliazioa bermatuko luketen ordutegiak moldatzeko aukera zailak ditu Alustizak bere lantegian. “Ez daukat enpresan erraztasunik, eta buruko lanak ematen ari zait pentsatzea ez naizela ari nahiko nukeen adina denbora eskaintzen umearekin eta familiarekin egoteari”.
Zaila da lanera doanarentzat, baina bi bikoteak ados daude zailena etxean gelditzen denaren egoera dela. “Bat-batean, hilabeteren ondoren, aldaketa ikaragarria da, bakarrik gelditzen zara umearekin etxean eta ezin duzu ezer egin; beste pertsona batekin konpartitzen duzunean zaintza, dena errazagoa da. Ez da bakarrik bikotekidea bat-batean ez dagoela, etxean dagoenean ere, gauez esate baterako, parte-hartzea ez da lehengo bera. Rtxean baldin badago gauean altxako da zortzi aldiz pardela aldatzera edo dena delakora behar izanez gero, baina goizean goiz lanera joan behar badu, ez da altxako hain erraz”.
Haurrak txikitatik estresatzen ditugu, ezin ditugu euren erritmoak errespetatu
Joana Mendez
Pentsamenduan haurra eta familia izatetik lanaren kezka izatera pasatzea ere oztopo da Mancilla eta Goñiren aburuz, zaintzari dagokionez. “Lanean zaudenean burua ere horretara daukazu, ez zara umeengan pentsatzen ari, eta horrek ere badu eragina”.
Baimen murritzak edukitzearen kaltetu nagusienak ez dira gurasoak, ez lanera doana ez etxean gelditzen dena; bi bikoteen iritziz, haurrak dira kaltetuenak. “Haurrak estresatzen ditugu txiki-txikitatik, ezin ditugu euren erritmoak nahi bezala errespetatu, eta hori nabaritu egiten dute; nabaritu egiten dute bi pertsona berarekin lasai-lasai egotetik bat bakarrik egotera pasa dela. Sistemak, ordea, ez du bermatzen haurren zaintza”. Mendez eta Alustizaren kasuan, gainera, uneoro deskubritzen ari ziren Inkorekin, “lehenengo haurra duzunean esperientzia guztia berria zaizu eta asko eskertzen da bikotekidea ondoan edukitzea; behar duzu”.
Bigarrenarekin ere bai, ordea. “Familia egoera berrira egokitzeko mesede handia egin zigun hilabeteko baimenak, dena lasaia izan zen”. “Baina konturatzerako pasa da hilabetea”, moztu dio Goñik bikotekideari. Bi familiek nabarmentzen baitute, hilabete ez dela ezer, “haur baten zaintzak eskatzen duen guztia betetzeko hilabeteko baimena ez da ezer. Denbora gehiago izango bagenu guztiok etxean lasai egoteko, haurrak ere lasaiago haziko lirateke”.