Nagore Oria | Zangozako ikastolako zuzendaria
Badira hiru urte Zangozako ikastolan irakaskidetza abian jarri genuela; giza baliabideak hautu metodologiko horretara bideratu genituela. Ikasgai batzuetan bikoteka ari gara lanean, gela barruan eta denbora berean bi irakasle lankidetzan. Bakoitza haren klasean egotetik gela banatzera pasatu gara, ikasgela ez baita jabetza bat, elkargunea baizik. Eta orain ikasleak ez dira nireak edo zureak, gureak baizik.
Gela horretan landuko duguna bion artean programatzen eta adosten dugu; bi pertsonen ezaugarriek aberastutakoa da. Gelaratzea ere elkarrekin egiten dugu, rol ezberdinak praktikan jarriz. Lankide bat gidari den bitartean, bestea, adibidez, behatzaile izanik. Izugarria da zenbat gauza ikustera ailega gaitezkeen soilik behaketan jarduten dugunean. Ebaluazioa ere aberatsagoa da, ez baita gauza bera bi begik edo lau begik ikusten dutena. Aniztasunari aurre egiteko tresna ere bada irakaskidetza.
Binaka lan egiteak lankidetza dakar, indar metaketa eta garapen pertsonala nahiz profesionala. Elkarrengandik ikasteko aukerak eskaintzen dizkigu. Lankideak eskuhartzeak beste modu batean egin daitezkeela ikusarazten dit, nire lan egiteko ohituretatik atera naiteke eta beste aukera batzuk bizi. Formazioa, etxe barruan eta lankideen artean.
Eredu garen heinean, ikasleek elkarrekin lanean ikusten gaituzte; gure artean komunikatzen eta erabakiak hartzen. Izan ditzakegun desadostasunak plazaratzen eta malgutasunez jokatzen.
Begirada aldaketa batek inpaktu izugarria izan dezake kalitatean, eta irakaskidetza tresna baliagarria da. Ikasleen ratio jaitsiera baino, agian irakasleen ratio igoera jarri behar dugu mahai gainean. Bikoteka beti hobe!