Multzokatzea edo bildumak egitea, haurraren jolasaren errepertorioan presente egon ohi da denbora batez. Pikler Loczy Institutuko Eva Kallo irakasleak eta Gyorgyi Balog pedagogoak Los orígenes del juego libre liburuan jasotzen dutenez, gutxi gorabehera urtebeteren buelta horretan eta objektu asko manipulatzen hastearekin batera hasten da haurra bildumak egiten.
Haurrak jolasteko behar handia duela gauza nabaria da. Bere ingurua behatzeko daukan interesak agortezina dirudi. Plazera bilatzen du objektuak ukitzean, marruskatzean, hartu eta erortzen uztean.
Haur batek bi objekturekin batera jolasten duenean, badirudi sekula ez dela aspertzen bata bestearen barruan sartzen dela ikusten; katilu ezberdinak, bata bestearen barnean sartuta, dorre bat egiten duenean, eta hainbat objekturen artean bi edo gehiago berdinak direla ohartzean. Batzuetan erronka handiagoetan murgiltzen da. Behin eta berriro objektu borobil bat lurrera botatzen du biraka nola joaten den ikusteko, harik eta gelditzen den arte. Pazientzia handiz kuboekin dorre bat egiten saiatzen da, eta jolas eremuaren ondoko barandaren gainean jartzen saiatzen da.
Multzokatzea edo bildumak egitea, haurraren jolasaren errepertorioan presente egon ohi da denbora luze batez. Pilotak, harriak, makilatxoak, margoak, animalien figurak... ugariak izan daitezke haurrak bilduma egiteko erabili ditzakeen objektuak. Pikler Loczy Institutuko Eva Kallo irakasleak eta Gyorgyi Balog pedagogoak elkarrekin idatzitako Los orígenes del juego libre liburuan jasotzen denez, haurraren biltzaile jokaera horretan badira hainbat aldaera bi ezaugarritan sailkatu daitezkeenak: hasiberria eta aditua. Bildumak egiteko erabiliko dituen objektuak hautatzerakoan pieza asko, gutxi edota mota desberdinekoak izatearen arabera oinarritzen da hori. Pieza horiek jostailuak izan daitezke, egunerokotasuneko objektuak, material naturalak... Edozein kasutan, beretzako garrantzitsuak diren horiek aukeratzen ditu eta toki zehatz batean edota edukiontzi batean multzokatzen ditu.
Kallo eta Balogen hitzetan, gutxi gorabehera urtebetera iristen den garaian eta objektu asko manipula- tzen hastearekin batera ekiten dio haurrak bildumak egiteari. Inguruko objektuekin eta dituzten forma desberdinekin interesatuta dabilenean, horietako batzuk berdin-berdinak direla ohartzen da. Aldizka, pilota edo ontzi batzuk elkarrekin jartzen ditu, baina hasiera batean modu esporadiko batean gertatu ohi da ekintza hori. Hastapenean ustekabeko ekintza izan arren, haurrak jolas honekin jarraituko du ohiko moduan, eta pixkanaka forma berdineko objektuen bila hasiko da, berariaz. Antzeko jostailu bat bilatzeko, hala ere, horrek bere ikus-eremuaren barnean egon behar du aro honetan.
Urte eta erdirekin jada mota berdineko objektuak maiztasun handiagoz eta modu esplizituagoan taldekatzen hasten da. Objektuak dagoeneko ezagunak zaizkion ezaugarrien bidez identifikatzen ditu, bakoitza sakontasun handiagoz aztertu beharrik gabe. Momentu batean edukiontzi huts baten barnean sartzen ditu objektuak. Momentu horretan haurrari beste jostailu edo gertaera batek atentzioa deitzen badio ere, kasu askotan multzokatzeko bere ekintzara itzuli ohi da. Autoreen arabera, ekintza horrekin dagoeneko objektu batzuk gogoan hartzen dituela irudikatzearekin batera, aktibitate horretarako intentzioa ere bere oroimenean gordeta geratu dela esan nahi du.
Liburuaren egileek aipatzen dutenez, taldekatzeen hasieretan haurrak gauzak hautatzean eta konparatzean jartzen du arreta, eta beraz, ez dio hainbeste ardura bildutako objektuen kopuruak. Denborarekin, hala ere, emaitzari gero eta gehiago erreparatuko dio eta objektu kopuru handia lortzen ahaleginduko da.
Bigarren urtetik aurrera bildumak egitea modu sotilagoan agertzen da jolasteko modu bat bezala. Garai horretan haurrak objektuak hautatu eta bilduko ditu ondoren eraikuntzak egiteko edota jolas sinbolikorako. Bi eta hiru urterekin oraindik beha daiteke bildumak egiten jarraitzen dutela, sinpleki; batez ere lepokoak egiteko aleekin edota eraikuntzako blokeekin.
Bildumak egitearen esanahia Los orígenes del juego libre liburuan jasotzen denez, biltzeko prozesu horretan haurra, objektu ezberdinen artean bilatu eta aukeraketak eginez, horien artean ezberdintasunak daudela ohartzen da eta dituzten berezitasunez jabetzen da. Haurrak objektuak elkarren ondoan jartzen dituenean, ezaugarri komun bat kontuan hartuta egiten saiatzen da. Objektuak aztertzea, konparatzea, ezaugarri batzuk hautatzea eta beste batzuk alde batera uztea, bildumak egiteko interesa duten haurretan behin eta berriz agertzen den prozesu intelektuala da, non pertzepzioa eta ekintza oso lotuta dauden.
Bildumak egiteak haurrari emaitzak dakarzkiola diote Kallo eta Balogek. Esate baterako, gelako hainbat txokotatik jasotzen joan den koloretako oihalez edota eraikuntzako piezaz betetako saski batek poz eta asetasunez betetzen du haurra: "Nik egin dut hau guztia!". Horregatik, mota honetako jolasak, beste batzuekin batera, bere kabuz ekiteko eta zerbait lortzeko esperientziaren errekonozimendua ematen diote haurrari.
Bildutako objektuak gordetzen edo bere jabetzan mantentzen saia- tzen den haurrak nirea, zuena, eta gurea bezalako kontzeptuak esperimentatzen ditu, eta kontzeptu horiekin lotuta dauden jarrerak ikasten ditu aldi berean. Biltzea biltze hutsagatik egiteak garrantzia galtzen duenean ere, haurrarengan jarraitzen du zerbaiti eusteko behar horrek. Gustura jasotzen ditu, esaterako, paseoan atera eta adartxoak eta harriak basoan, hondartzan edota erreka inguruetan. Gero kaxatxo batean gordetzen dituenean aipatutako behar horri lotutako akzioa agertzen da.
Bildumak egiteko material egokia
Pikler Loczyko autoreen arabera, inguruan oparo dauden objektuek bildumak egitea ahalbidetzen dute. Jostailuez gain, etxeko objektu arruntek ere erakartzen dute haurra, eta baita naturan aurki daitezkeen hainbat eta hainbat elementuk ere. Pinaburuekin egindako bildumak, harritxoekin betetako kaxatxoak, ezaugarri ezberdineko objektuekin egindako multzokatzeak... Ugariak izan daitezke naturan, oro har, bildumak egiteko haurrek aukeratu ditzaketen baliabideak.
Haur txikien kasuan, beren bildumako objektuak gordetzeko edukiontziak behar izaten dituzte. Haur handiagoek, oro har, honakoak erabili ditzakete: zapata kaxak, edota paperezko edo oihalezko poltsak. Plastikozko poltsak guztiz desegokiak dira itotzeko arriskua eragin dezaketelako. Tamaina eta mota ezberdineko ontziak izatean, haurrak bere objektuak gordetzeko behar duena aukeratzeaz gain, ezaugarri gehiago barneratuko ditu; adibidez, edukiontzi handi bat txiki bat hustuta ez duela guztiz betetzen ohartuko da, eta alderantziz; handikoak txikian sartzean eroriko zaizkio eta handi bateko edukia bi txikitan banatu beharraz jabetuko da.
Jostailuekin bildumak egiteko gogoz sumatzen denean haurra –gutxi gorabehera urte eta erdi inguru duenean– adin horretarako egokiak diren objektuak eskura jartzea proposatzen dute Kallok eta Balogek. Eraikuntzarako egurrezko blokeek balio dezaketela uste dute horretarako, baina adin horretan helduaren gainbegirada beharrezkoa ikusten dute, arriskuak ekiditeko. Haur gehienen kasuan, gainera, eraikitzearen prozesua bildumak egitean edota blokeak, egur zatiak edo beste elementu handiagoak edo txikiagoak multzokatzean bertan hasten dela gaineratzen dute. Hori dela eta, mota honetako blokeen kaxa bat bere jolaserako objektuen artean ipintzea egokia litzatekeela aipatzen dute.