Beharrizanik gabeko zesareak edota episiotomiak; ama eta haurra justifikazio medikorik gabe banantzea edota haurduna infantilizatzea edo ongi ez informatzea biolentzia obstetrikoa dira, OMEren arabera. Espainiako Estatuan bortizkeria mota hau lege barruan izendatu nahi izateak arrabotsa eragin du medikuen artean.

Izena jartzeak ikusgarri bilakatzen ditu gauzak. Hala gertatu da biolentzia obstetrikoarekin. 2014an Osasunaren Munduko Erakundeak izen horrekin izendatu zituen “erditzean eta erditze ostean amen ugalketa eta sexu eskubideak urratzen dituzten ekintzak eta praktikak”. Erditzean beharrezkoa ez den episiotomia bat egitea; Kristeller teknika (emakumearen sabel gainean presioa egitea ustez haurraren irteera laguntzeko); beharrizanik gabe medikalizatzea, edo emakumea ez errespetatzea, ongi ez informatzea, infantilizatzea eta ez aintzat hartzea, OMEren arabera, emakumearen aurkako abusu eta tratu txartzat hartu behar dira. OMEk 2021eko helburu estrategikoen artean zerrendatu ditu erditzeen artatzeen gizatiartzea mundu osoan eta erditze errespetatuaren mesedetan hainbat helburu ezarri ditu, pazientearen segurtasunaren Munduko Egunari begira: emakume eta amentzat kaltegarriak eta beharrizanik gabeko praktikak jaistea; amen eta jaioberrien arretako osasun langileen gaitasun eta eskumenak indartzea eta erditze seguru eta errespetuzkoak bultzatzea. OMEk, beraz, biolentzia obstetrikoa saihestea eta errespetuzko erditzeen alde lan egitea ezarri ditu helburutzat.

Hego Euskal Herrian gerta daitezkeen biolentzia kasu hauek saiheste aldera eta zuzentze aldera eragina izango lukeen lege erreforma abian jarri nahi izan du uda honetan Espainiako Berdintasun ministro Irene Monterok, Osasun sexualari eta erreproduktiboari eragiten dion 2/2010 lege organikoa erreformatuz eta "biolentzia obstetrikoa" legean espresuki izendatu eta neurtuz. Erreformak arrabotsak sortu ditu medikuen eta emaginen artean. Aurrenekoek biolentzia obstetrikoa egon badagoenik ukatu dute, bigarrenek egon badagolea lekukotza eman dute eta saihesteko eta tipifikatzeko premia aldarrikatu. 2/2010 legearen etorkizuneko erreformari begira egindako lehenengo mintegien ondotik, "indarkeria obstetrikoa" terminoaren aurka agertu zen Espainiako Mediku Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorra, "indarkeria obstetrikoa" terminoa iraingarria dela adierazi zuen Kontseiluak, ez datorrela bat errealitatearekin eta profesionalak iraintzen dituela adierazi zuen uztailaren 12an ohar bidez. Kolegioaren idatziak jaso zuenez, termino horrek ez dio errealitateari erantzuten eta “zehaztasun zientifikoaren eta etika medikoaren printzipioaren arabera lan egiten duten profesionalen jarduna kriminalizatzen du”. “Indarkeria obstetrikoa” terminoarekin “beharrezkoak ez diren alarma sozialak” sortzen direla iritzirik, “zuhurtzia” eskatu zuten.
Mintegi horretan parte hartu zuen erditze errespetatuaren aldeko El Parto Es Nuestro elkarteak, non amez gain Hego Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko emagin asko elkartzen diren. Ibone Olza iruindarrak sortu zuen elkarte horrek "biolentzia obstetrikoa" lege erreforman izendatzea eta tipifikatzea aldarrikatzen du eta  mediku kolegioari gogorarazi dio hainbat nazioarteko erakundek aitortu egiten dutela indarkeria obstetrikoa izan badela, Munduko Osasun Erakundeak, Europako Parlamentuak eta Nazio Batuen Erakundeak, esate baterako. Azken erakunde horrek, hain zuzen ere, Emakumeen Kontrako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordearen bidez (CEDAW) 2020ko otsailaren 28an Espainia zigortu zuen indarkeria obstetriko kasu batengatik, eta biolentzia jasan zuen emakumea indemnizatu beharra izan zuen.

Biolentzia obstetrikoa indarkeria sinbolikoaren esparruan sartzen da (Pierre Bordieu filosofoak hala izendatu zuen eragiten duenak eta jasaten duenak oharkabean bizi duten biolentzia ikusezina, normalizaturik eta barneraturik dagoen abusua baita). Genero biolentziaren barruan izendatzen da biolentzia obstetrikoa, emakumeen eskubideak urratzen diren neurrian, haren intimitatea, duintasuna, aukera askatasuna eta bereziki biolentziarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidearen kontra doalako.

Orain arte Hego Euskal Herrian ez dira "biolentzia obstetrikoa"-ren barruan biltzen diren praktikak espresuki debekatuak eta lege bidez erregulatuak, baina debekatuak daude, pertsonaren oinarrizko eskubideen urraketa direlako. Hala ere, emaginek oro har, tipifikatzeko eta izendatzeko eskatzen dute, behingoz eta betiereko praktika hauek desagerrarazi ahal izateko. Osasun sexual eta erreprodukiboaren eta haurdunaldiaren nahitaezko etetearen inguruko legearen barruan "biolentzia obstetrikoa" izendatzeak eta erregulatzeak debatea sortzeaz gainera, informazioa zabaltzeko balio izan du.

Esku-hartze okerrak eta amaren duintasunaren aurkakoak
Oro har, bi gisatako praktika biolentoak gaitzesten dira "biolentzia obstetrikoa" izendapenaren azpian: batetik, ebidentzia zientifikorik gabe egiten diren praktika eta errutinak eta bestetik, giza eskubideak urratuko lituzketen praktikak. Lehenengoen artean, beharrizanik gabeko erditze induzitzeak leudeke; episiotomia sistematikoak; benetako beharrizanik gabeko zesareak; ama-haurra justifikazio medikurik gabe banantzea; edota ebidentzia zientifikoan oinarritzen ez diren esku-hartze obstetrikoak, Kristellerren gisakoak. Bigarrenak lirateke amaren autonomiaren eta duintasunaren aurkako praktika eta ekintzak, informazio okerrak, infantilizazioa, errespetu falta fisiko zein ahozkoak, juizioak, laidoak edota amari ez dagokion errua egoztea...

Datuek erakusten dute 2/2010 lege organikoak erreforma behar duela. El Parto Es Nuestrok 2018-2019 artean biolentzia obstetrikoaz egindako txostenean erditzetako esku hartze eta medikalizazioan egindako ikerketako datu bilketaren arabera, Espainiako Estatuko erditzeen % 34,2 tan erabiltzen da Kristeller teknika eta % 39,3tan beharrizanik gabeko episiotomiak egiten dira. Hego Euskal Herrian datuak apalagoak direla estimatzen dute bertako emaginek, baina lekukotasunek erakusten dute gertatu gertatzen direla.

Biolentzia obstetrikorik gabeko erditzeen aldeko mezuak osasunean oinarritzen dira, “erditze on bat ez da haurra eta ama osasuntsu irtetea soilik, baizik eta kalte emozional eta fisikorik gabe ateratzea”, adierazi dute emaginek. Lege erreformaren helburuetako bat biolentzia obstetrikoak dituen kalte emozional eta fisiko horiez sentsibilizatzea ere bada, eta aldi berean, erditze ez errespetatu batek ekar litzakeen prozesu neurobiologikoen inguruan sentsibilizatzea du helburu. Maila fisikoan emakumeek biolentzia obstetrikoaren ondorioz pairatzen dituzten kalteak honako hauek lirateke: urratuak, orbanak, bularra emateko zailtasunak... Maila emozionalean, ostera, atxikimenduari eragiten dion kaltea nabarmentzen du El Parto Es Nuestro erakundeak, erditze prozesuan gehiegizko esku-hartzeek gainera, erditze osteko depresio eta trauman eragiten dutela ikusi dute eta edoskitzean zailtasunak eragiten dituela. Halaber, haurrarengan ere ondorio zuzenak antzeman litezke, oso berezia den prozesu neurobiologikoa zailtzen baitu amagandik urruntzeak, zesarea batek edo erditze traumatiko batek, azala -azalarekin egoteak dakarren oxitozina jarioa eteten baitu eta horren ordez kortisola (estresaren hormona) jariatzen baita.

Ikusteke dago Espainiako Berdintasun Ministerioak Medikuen Elkargoaren gainetik biolentzia obstetrikoa tipifikatzea eta lege erreforman sartzea lortzen duen, bitartean, debateak lekukotasunak gizarteratzeko, informazioa zabaltzeko eta emakume zein profesional ugari erditze errespetatuen garrantziaz sentsibilizatzeko balio izan du.