Imanol Alvarez Varela. Biboko Ellacuria-Zurbaran institutuko Filosofia irakaslearen iritzi artikulua.
Aldaketa urteak izaten ari dira azken hauek hezkuntzan. Batzuekin adostasuna eta beste batzuekin desadostasuna izanik ere, haize berrien beharra genuela uste dut. Baina erreforma abian jarri zenetik, noraezean dabilen Hezkuntza Saila sumatzen dut. Intentzio pedagogiko onenarekin planteatutako helburuen kasuan —ez baita beti horrela—, joan nahi dugun lekura eraman behar gaituzten metodologia eta proposamenen faltan. Batzuetan, bitartekoak ez direlako egokienak, eta bestetan, zuzenean, ez dagoelako bitartekorik.
Kontu orokor bat dela uste dut, baina nik hurbiletik ezagutzen dudana hausnarketarako eta kritikotasunerako gaitasunaren afera da. Helburu garrantzitsua, agiri ofizialetan egiten zaion aipamenei so egiten badiegu. Ezinezko erronka, esku artean ditugun bitartekoak kontuan izanda. Ez da erraza. Baina ez legoke txarto, behintzat, adituengana jotzea. Konplexutasuna ulertzeko proposamenak behar dira, ez konplexuegiak diren proposamenak.
Haur filosofiatik, gehien bat Lehen Hezkuntzan zentratzen den Noria proiektua datorkit burura. Pentsamendu konplexua osatzen duten abilezia nagusien lanketa proposatzen duen materialak, gaitasunei praktikatik eta hausnarketatik heltzea ahalbidetzen du. Gauza bera ohitura eta balio moralekin ere. Errealitatea bere osotasunean pentsatzeko, ekuaziotik inoiz atera behar ez ditugunak. Bada, bitartekoak eta helburuak harremanetan egotea da abilezietako bat, hain zuzen ere. Lortu nahi dugun hori lortzeko egin beharrekoa zer den, eta egiten ari garena planteatzen laguntzen diguna, alegia. Egunerokotasuneko arazo txikienean zein hezkuntza erreforma erraldoi batean presente dagoen auzia. Eta horren modura, beste abilezia denak.
Jakinmin elkartetik, Hik Hasirekin batera, Elkarrizketa argudiatu kooperatiboak klaustroan eta bizikidetzan txertatzeko proposamena lantzen ari gara. Ikasleen arteko koordinazioa eta elkarbizitza direlako paradigma berrian beste bi ardatz. Kasu horretan ere, tamalez, bitartekorik gabeko helburuak.