TXIKI DYA KLUBA
Biziak salbatzeko oinarrizko ezagutza eskaintzen die DYAk ikasleei Txiki DYA Kluba egitasmoaren bidez. Duela hamar urte abiatu zuten egitasmoa Bizkaian eta orduz geroztik, ikastetxez ikastetxe lehen sorospenak ezagutarazten ari dira. Larrialdi egoeretan zer egin behar duten ikasten dute gaztetxoek eta jakin-min handiz hartzen dituzte DYAko boluntarioen azalpenak.
Lehen Sorospenak ikasgeletara eramaten ditu DYAk Txiki DYA Klubaren bidez. Iñako Ibañez Bizkaiko DYAko prestakuntza arduradunak eman digu egitasmoaren berri eta ikasleei, batez ere, salbamendu mugimenduak nola egiten diren azaltzen dietela adierazi digu: “Alboko segurtasun posizioa eta bihotz biriketako bizkortzea nola egin behar diren azaltzen diegu lehenik. Eta desfibriladorea zer den ere erakusten diegu. Kalean gero eta gehiago jartzen ari dira eta hala jarraitzea espero dugu zeren desfibriladoreek biziak salba ditzakete”. Izan ere, egitasmoaren helburua ikasleei oinarrizko kontzeptuak irakatsiz, ahalik eta bizitza gehien salbatzea da. “Europa Iparraldeko herrialdeetan lehen sorospenak ezagutzen dituzte herritarren % 70ek. Euskal Autonomi Erkidegoan, aldiz, ehuneko hori % 7koa da. Epe motzean portzentaje hori handitzea nahiko genuke. Mugimendu horiek oso sinpleak eta oso errazak dira eta edonork ikas dezake halakoak egiten”, esan digu Ibañezek.
Txiki DYA prebentziorako programa gisa ere jaio zen, Ibañezek azaldu digunez: “Haur askok ordu asko pasatzen dituzte aitona-amonekin eta adinean aurrera doazen aitona-amonek hainbat patologia izan ditzakete. Haurrei esaten diegu edozein sintoma atzemanez gero, dei dezatela lehenbailehen 112 telefono zenbakira. Modu horretan, haurrak helduaren biziraupen-katearen barnean sartzen ditugu”. Haurrek ikasten duten hori guztia gurasoentzako heziketa ere bihurtzen da Ibañezen hitzetan: “Ume askok gero gurasoekin praktikatzen dituzte ikasitako mugimenduak. Beraz, zuzenean ez bada ere, Txiki DYA Klubaren bidez helduak ere hezten ari gara. Dena den, proiektu honez gain irakasleei ere prestakuntza eskaintzen diegu hala eskatzen diguten ikastetxeetan. Izan ere, mugimendu horiek gero eta jende gehiagok ezagutu, hobe”.
Ikastaro praktikoa
Iaz pandemiagatik bertan behar utzi zuten programa. Ikasturte honetan berrabiarazi dute eta didaktikoagoa da orain. Jolasen bidez ezagutarazten dizkiete ikasleei oinarrizko kontzeptuak. Kahoot! motako jolasak erabiltzen dituzte, Trivial-aren antzekoak, guztia modu ludikoan ikas dezaten. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzendutako ikastaroa da, bi orduko iraupena izaten du eta alderdi praktikoak hartzen du denborarik gehien. Ikastaroa eskaintzen duten monitoreek teoria apur bat azaltzen diete hasieran, baina gero praktikak hartzen du lekukoa eta ikastetxera eramaten duten anbulantzia erakusten diete azken ordu erdian. Erabat hornitutako anbulantzia eramaten dute eta Ibañezek azaldu digu ikasleek zati hori oso gustuko dutela: “Anbulantzian sartzea eta barrutik nolakoa den ikustea asko gustatzen zaie. Gauza bakoitzak zertarako balio duen jakin nahi izaten dute eta gauza asko galdetzen dizkigute. Ikastetxeetan oso harrera ona izaten ari gara, baita ikasleen aldetik ere”. Ikastaroa doakoa da eta ikastetxe askotara joaten dira; interes handia sortzen du gaiak. Amaieran, ikasleei liburuxka bat banatzen diete ahoz landu dutena idatziz jaso dezaten eta estutxea ematen diete opari. Haurrak oso pozik egoten dira Ibañezek esan digunez, eta jakin-minez eta gehiagorako gogoz geratzen dira beti.
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.txikidyakluba.com atarian edota 944 10 10 10 telefono zenbakian