Imanol Alvarezen iritzi artikulua.
Bizikidetza taldeko koordinatzailea naiz aurten, zaila bezain polita. Kontuak kontu, bi dira orain arte atera ditudan konklusioak. Lehenengoari dagokionez, eta burokrazia zenbat maite dudan onartuta, ulertzen dut jarraibide komun batzuen beharra. Beste gauza bat da “protokoloa erdigunean” hezkuntza sailaren benetako leloa bilakatu izana. Denok dakigu ikasleei laguntzen dien lana bestelakoa dela, eta dokumentuen xedea, gure bizkarrak babestea dela. Minimizatu ditzagun, orduan, horien konplexutasuna eta karga. Eta arazoa epaitegietan badago, ikuskari batek iradoki zidan bezala, zuzendu haruntz fokoa. Zentzugabekeria bat da gure orduak txostenek dituzten zirrikituak tapatzeko erabiltzea.
Bigarrena oso ideia desberdinak dituzten pertsonen elkar-bizitzarekin dago lotuta. Gero eta polarizatuagoa dagoen gizarte batean, ideia oro eztabaidatzeko espazioak sortzea izan behar delako eskolaren ekarpena. Errespetua bermatzea ezinbestekoa da, bai, Popperrek tolerantziaren paradoxan zioen bezala. Baina diskurtsoak gutxietsi edo zentsuratzea da askotan gure joera, ideien hausporik onena. Askoz eraginkorragoak dira galderak, pentsatu eta argudiatzeko beharraren aurrean jartzen gaituzten heinean. Zergatik diozu hori immigranteei buruz? Nola ikusten duzu zuk feminismoa? Arrazoitzera bultzatu, erantzuna edozein dela ere, ekidin epaiketa zein bideratzea, militantziarik eraginkorrena argudiaketarena da epe luzera. Asko laguntzen du gai konplexuek dituzten ñabardurak onartzeak ere, diskurtso hegemonikoak zalantzan jartzeko, metodologia bezain garrantzitsua baita jarrera. Arriskutsua da zuzentasun politikoaren diktadura.
Plano emozionalean, ulertu dezagun kanpotik datozen ideiek inoiz ez dutela etxean edo lagunartean jasotakoen karga, berdin du horien sen ona. Horregatik, ingurukoen zaintza bermatzen duten marra gorriak marraztuta, entzunak eta onartuak sentiaraztea da ikasle guztiei eskaini ahal diegun onena. Pentsatzeko gonbiteak, eta ez inposizioak, eramango gaitu heldu ahal garen lekura. Arrazoiak ez direlako inposatzen, eskatu egiten dira.