Imanol Alvarez Varela. Biboko Ellacuria-Zurbaran institutuko Filosofia irakaslearen iritzi artikulua.
Bizikidetza taldeko koordinatzailea naiz aurten; zaila bezain polita. Kontuak kontu, bi dira orain arte atera ditudan ondorioak. Lehenengoari dagokionez, eta burokrazia zenbat maite dudan onartuta, ulertzen dut jarraibide komun batzuen beharra. Beste gauza bat da “protokoloa erdigunean” Hezkuntza Sailaren benetako leloa bilakatu izana. Denok dakigu ikasleei laguntzen dien lana bestelakoa dela, eta dokumentuen xedea, gure bizkarrak babestea dela. Minimiza ditzagun, orduan, horien konplexutasuna eta karga. Eta arazoa epaitegietan baldin badago, ikuskari batek iradoki zidan bezala, zuzendu harantz fokua. Zentzugabekeria bat da gure orduak txostenek dituzten zirrikituak tapatzeko erabiltzea.
Bigarrena ideia oso desberdinak dituzten pertsonen elkarbizitzarekin lotuta dago, gero eta polarizatuagoa dagoen gizarte batean, ideia oro eztabaidatzeko espazioak sortzea izan behar delako eskolaren ekarpena. Errespetua bermatzea ezinbestekoa da, bai, Popperrek tolerantziaren paradoxan zioen bezala. Baina diskurtsoak gutxiestea edo zentsuratzea da askotan gure joera, ideien hausporik onena. Askoz eraginkorragoak dira galderak, pentsatzeko eta argudiatzeko beharraren aurrean jartzen gaituzten heinean. Zergatik diozu hori immigranteei buruz? Nola ikusten duzu zuk feminismoa? Arrazoitzera bultzatu, erantzuna edozein dela ere, ekidin epaiketa zein bideratzea, epe luzera militantziarik eraginkorrena argudiaketarena baita. Gai konplexuek dituzten ñabardurak onartzeak ere asko laguntzen du, diskurtso hegemonikoak zalantzan jartzeko, jarrera metodologia bezain garrantzitsua baita. Zuzentasun politikoaren diktadura arriskutsua da.
Plano emozionalean, uler dezagun kanpotik datozen ideiek inoiz ez dutela etxean edo lagunartean jasotakoen karga, berdin du horien sen ona. Horregatik, ingurukoen zaintza bermatzen duten marra gorriak marraztuta, entzunak eta onartuak sentiaraztea da ikasle guztiei eskain diezaiekegun onena. Pentsatzeko gonbiteak, eta ez inposizioak, eramango gaitu heldu gaitezkeen lekura. Arrazoiak ez direlako inposatzen, eskatu egiten dira.