Hezkidetza bizikidetzatik bereizi ezin den atal baten modura ulertzen dute Ortuellako San Felix ikastolan, eta bi arlo horiek batera lantzen dituzte. Hezkidetza ikastolako curriculumean modu integralean txertatua dute, eta etapa guztietan lantzen dute gai hori. Pertsonen garapen integrala helmuga, garrantzi berezia ematen diete espazioaren antolaketari eta gatazken konponketari, eta zortzi gidalerrori jarraituta antolatzen dute euren jarduna.
Hezkidetza etengabe lantzen dute Ortuellako San Felix ikastolan. Ikastolako jarduera guztiak hartzen ditu barne arlo horrek, eta ez da tutoretzako orduetara mugatzen. Urte asko daramatzate gaia lantzen, eta horren adierazle da osatu duten Hezkidetza Taldea. San Felix ikastolako Lehen Hezkuntzako irakasleak eta Hezkidetza Taldeko arduradunak dira Marta Osorio eta Rebeca Suañez, eta astero elkartzen dira, gaia nola landuko duten aztertzeko. Ondoren, etapa guztietako irakasleekin biltzen dira, eta, modu horretan, landu beharreko gaiak ikasgela guztietara iritsiko direla ziurtatzen dute. Suañezek azaldu du hezkidetzaren gaiari garrantzi handia eman diotela beti San Felixen: “Gure helburu nagusia pertsonen garapen osoa da. Edukiak lantzea garrantzitsua da curriculumeko helburuak betetzeko, baina, batez ere, pertsonaren garapenari ematen diogu garrantzia, eta bide horretan, funtsezkoa da hezkidetzaren gaia. Era berean, emozioen lanketari garrantzi handia ematen diogu, eta hezkidetzarekin batera, beste hainbat balio etiko ere lantzen ditugu. Dena lotua dago”.
Irakasleen, familien eta, oro har, komunitate osoaren inplikazioa erabatekoa da San Felixen. Familiek ikastolako jardueretan parte hartzen dute, eta sarritan emakume ezagunak ikasleentzat erreferente ez direla ikusita, senideak gonbidatzen dituztela azaldu du Suañezek: “Emakume ezagunak aipatzen ditugunean, ez dira ikasleentzat erreferentzia izaten. Pentsatu genuen hemen bertan baditugula amak, amamak edota izekoak, eta horiek gonbida ditzakegula egiten dutena ikastolan kontatzera. Horietako asko animatu dira, eta oso esperientzia polita izan da”.
Hezkidetza eta bizikidetza banaezinak direla uste dute San Felixen, eta batera lantzen dituzte bi gaiak. Arazoak konpontzeari garrantzi handia ematen diotela adierazi du Suañezek: “Arazoren bat baldin badago, egiten ari garena utzi, eta hori konpontzera jotzen dugu. Eskola eteten dugu, berdin dio Matematikako ordua den, Erlijiokoa edo beste edozein ikasgaitakoa. Arazoak unean bertan konpontzen ditugu, tutoretzako orduen zain egon gabe. Edukiak lantzeko presioaren ondorioz, gatazkak konpondu gabe alde batera uzteko joera izaten da maiz, eta ez gara konturatzen ikasleentzat hori kaltegarria dela”. Bereziki zaintzen dute hori guztia San Felixen. Tarte horiek hartzea eta denbora eskaintzea garrantzitsua baita ikasketa prozesua egokia izan dadin. Bestela, ikasleek ez dute aukerarik izaten lasaitasunez aurrera egiteko. Hauxe dio Osoriok: “Ezinbestekoa da giro ona eta lasaia izatea, eta horri begira, emozioen eta gatazken kudeaketarako espazioak ditugu. Adibidez, ‘Hitz eta pitz’ izeneko gunea. Guretzat, oso garrantzitsua da une batez gelditzea eta zer gertatu den eta nola sentitu diren pentsatzea. ‘Hitz eta pitz’ egoera deserosoak argitzeko gunea da”.
‘Hitz eta pitz’ txoko bat da. Ikastolako solairu bakoitzean duten txoko bat. Banku bat dute, eta ahoaren irudia eta belarriarena dituzte alde banatan. Hitz egiteko, ikasleak ahoaren aldean jartzen dira, eta entzuteko, berriz, belarriaren aldean. Haurrek eta gaztetxoek txokora joatea eskatu ohi dute gatazkak kudeatzeko eta elkarren arteko arazoak konpontzeko. Suañezek adibide hau jarri du: “Demagun jolasgaraia amaitzean gelara sartu eta arazo bat dutela. Ea ‘Hitz eta pitz’ txokora joan daitezkeen galdetzen digute, eta gelatik ateratzen dira. Guk eskola ordua hasten dugu, haiek arazoa konpontzeko behar duten denbora hartzen dute, eta behin konponduta, sartu egiten dira”.
Osoriok dio ikasleek, normalean, dena euren artean konpontzen dutela: “Gatazkak euren kabuz konpon ditzaten saiatzen gara, eta ondoren, guk esku hartzea beharrezkoa bada, esku hartzen dugu. Baina, normalean, ez da beharrezkoa izaten”.
Espazioen antolaketa
Hezkidetza ardatz hartuta egin dute espazioen eta patioaren antolaketa San Felix ikastolan. Futbolak patioan eta batez ere mutilen artean espazio handia hartzen zuela kontuan hartuta egin zuten hausnarketa. Hala azaldu du Osoriok: “Hasieran, baloia eta futbola ziren protagonistak, batez ere mutilen artean; baina gatazkak sortzen ziren, eta jende asko bazterrean gelditzen zen. Hori ikusita, plano berria egin genuen jolastokirako, eta hainbat gune prestatu genituen: esku pilotan aritzeko gunea, dantzan aritzeko gunea, jolas librerako gunea… Ikasleekin batera eta haien zaletasunak kontuan hartuta antolatu genuen espazioa”. Dantzako guneak arrakasta handia izan duela aipatu dute Osoriok eta Suañezek. Ikasleen gustuko musikarekin egin zuten kantuen zerrenda, eta oso gustura aritzen dira dantzan mutilak zein neskak. Kanpoan soilik ez, barnean ere aintzat hartzen dute espazioak denek partekatzeko direla, eta horren adibide da Lehen Hezkuntzan ere mutilek eta neskek komun bera erabiltzen dutela. Ez dago bereizketarik.
Komunikazioari dagokionez, berriz, gurasoei gazteleraz zuzentzen zaizkienean, kontu handiz aritzen dira genero bereizketarik ez egiteko, eta, testulibururik erabiltzen ez dutenez, hezkidetza dute oinarri San Felixen sortzen dituzten materialetan. Horrez gain, gela bakoitzean duten liburutegi txikian, beti dute tokia hezkidetzaren gaiarekin lotutako liburuek.
Urte asko daramatzate San Felixen hezkidetzaren gaia lantzen, eta pozik daude emaitzarekin. Hala dio Suañezek: “Hemendik Muskizeko San Juan ikastetxera joaten dira Batxilergoa egitera, eta hango arduradunak oso gustura daude San Felixeko ikasleek elkarbizitzarako dituzten balioekin. Jatorrak, zentzudunak eta kritikoak dira, eta laguntzeko prest egoten dira beti”.
Zortzi gidalerro
Zortzi puntutan bildu dute San Felix ikastolan hezkidetza lantzeko egiten duten lana:
Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean
Hezkidetzaren lehenengo zutabea da pentsamendu kritikoa, eta ikasgelan berdintasuna lantzeko oinarria. Garrantzi handia ematen diote genero ikuspegia modu kritikoan lantzeari. Horretarako, beharrezkoak dira pentsamendu kritikoa duten irakasleak, eta hezkuntza genero ikuspegitik landu ahal izateko, berebiziko garrantzia ematen diote irakasleen prestakuntzari.Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista
Hizkuntzaren erabilera ez da neutroa. Hizkuntza ez-sexista erabiltzea genero maskulinoa eta femeninoa ez erabiltzea baino harago doa, eta genero bereizketarik egiten ez duten hizkuntzei ere eragiten die. Bestalde, irudiek komunikatzeko indar handia dute, eta iruditeria kolektiboa eraikitzen laguntzen dute. Beraz, beharrezkoa da horiek ere genero ikuspegitik aztertzea.Emakumeen jakituriaren integrazioa, eta haien ekarpen soziala eta historikoa
Ikasgeletako materialetan eta testuliburuetan, ikusezinak izaten dira emakumeek historian zehar alor guztietan egindako ekarpenak. Androzentrismoak gure kultura menderatu du, eta hutsune handia eragin du emakumeen jardunaren ezagutzan eta emakumeen aintzatespenari dagokionez.Gatazken konponketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez
Elkarbizitzan genero ikuspegia aplikatzea oinarrizkoa da indarkeria sexistari aurrea hartzeko. Elkarbizitza positiboak errespetuan eta berdintasunezko harremanetan oinarritu behar du. Hezkidetzak harremanetan indarkeria aurreikusteko baliabideak, estrategiak eta ezagutza eskaintzen ditu. Maiz, estereotipoekin bat ez datozen pertsonak zigortu egiten dira, eta eskola jazarpena ere paira dezakete. Berdintasuna eta hezkidetza oinarri hartuta eraikiko ditugu berdintasunean oinarritutako elkarbizitza baketsu eta enpatikoa lortzeko ikastetxeak.Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa
Lana sexuaren arabera banatzeak desparekotasuna eta diskriminazioa azaleratzen ditu. Hori dela eta, independentzia ekonomikoa landu behar da, independentzia pertsonala eskuratzeko oinarri gisa. Lan munduan dauden desberdintasunak kontuan hartuta, hezkidetzak oreka lortu nahi du, etxeko eremuan eta eremu publikoan.Ikastetxeko espazioak, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak
Ikastetxeetako espazioak mutilek hartu izan dituzte, lehiazko jokoetan aritzeko. Harreman berdinzaleagoak bultzatzeko diseinatu dira jolastokiko jarduerak eta espazioaren banaketa, bai eta erabilera justuagoa egiteko ere. Era berean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak neskek eta mutilek modu berean partekatzeko moduan proposatu behar dira. Horrek guztiak, besteak beste, ikastetxeko jaialdiak edota inauterietako mozorroak birpentsatzera garamatza. Horietan guztietan, berdintasuna lantzeko eta estereotipoen aurka egiteko ekintzak landu behar dira.Berdintasunezko hezkuntza afektiboa eta sexuala
Sexu hezkuntzak pertsona gisa haztea eta sexuarekiko jarrera positiboa eta arduratsua izatea du helburu. Hala, arduraz jokatzen laguntzen du, bai nork bere buruarekin eta baita inguruan dituen pertsonekin ere. Hezkuntza sexuala are eraginkorragoa da genero ikuspegitik jorratuz gero. Era berean, eraginkorragoa da familiekin koordinatuta lantzen denean, hau da, etxean eta ikastetxean ahaleginak batzen direnean, eta berdintasunean, osasunean, gozamenean eta pertsona guztiekiko eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako sexu hezkuntza eskaintzen denean.Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioa eta indarkeria kasuetan esku hartzea
Hiru jarduera motari buruz ari gara: ikasleak sentsibilizatzeko helburua dutenak, ikastetxean gertatzen diren matxismo eta indarkeria egoerak hautematea helburu dutenak eta, azkenik, ikastetxean indarkeria kasuak hauteman ondoren zuzeneko esku hartzea burutzea helburu dutenak.