Arrazakeria ikusarazteko ahalegina egin zuen Bizipozak bere jardunaldietan.
Irainen eta tratu txarren gainetik, egiturazko arrazakeria ikusarazteko eta aldatzeko ahalegina egin zuen Bizipoza elkarteak bere 8. jardunaldietan, Usurbilen. Hezkuntza sisteman dagoen arrazakerian arreta berezia jarri zuten hizlariek.
Bizipoza elkarteak arrazakeria deseraikitzeko ahalegina egin zuen urtero egiten dituen jardunaldietan. Baina zer da arrazakeria eta zer da arrazista izatea? Galdera horrekin abiatu zuten euren solasaldia Ndank-ndank elkarteko Eli Dominguezek eta Vorigii Bita aktibista antirrazistak. Usurbilgo Sutegi aretoan bildu zen publikoak honela definitu zuen arrazakeria: “bazterkeria”, “arazo handia”, “diskriminazioa”, “injustizia”… Bitak, ordea, harago joateko premia nabarmendu zuen, eta “Euskal Herriko emakume beltz gisa” daukan esperientziatik, honela deskribatu zuen arrazakeria: “Talde etniko batek, hau da pertsona zuriek, beste pertsonak diskriminatzea da arrazakeria; zuriak besteok baino gehiago direla sinestea”. Izan ere, Bitaren arabera, arrazakeriaz hitz egiteko pertsona zuriei buruz hitz egin behar da.
Arrazakeria egiturazkoa da gure gizartean, Bitak eta Dominguezek adierazi zuten moduan. “Arrazakeria ez da tratu txarrak ematea, bazterkeria edo hitz itsusiak esatea soilik; diskriminazioa ez dago harremanetan eta tratuan soilik; harago doa: gizartea eta sistema guztia zeharkatzen du arrazakeriak, baita hezkuntza ere”, adierazi zuen Dominguezek. Euskaldunak eta senegaldarrak batzen dituen Ndank-ndank elkarteko kidea, irakaslea eta hiru seme-alaba arrazializaturen ama da Dominguez. Arrazismoa deseraikitzen hasteko, lehendabizi hura ikusi eta existitzen dela onartu egin behar dugula adierazi zuten bi hizlariek. Bere esperientzia lekuko, Euskal Herria ere arrazista dela adierazi zuen Bitak: “Arrazismoan oinarrituriko aurreiritzi asko daude Euskal Herrian. Eta horiek ikusten eta onartzen hasi behar dugu, deseraikitzeko. Euskaldun zuriek, ordea, ez daukate euren burua arrazistatzat. Izan ere, Euskal Herria herri zapaldua izan da, eta euskaldun zuriek uste dute haiek herri zapaldua izan direlako eta enpatia sentitzen dutelako ez direla arrazistak. Baina, herri zapaldua izan arren, izan zaitezke zapaltzaile, adibidez, arrazismoarekin”. Horrelako kasuen aurrean, hori “pertsona zuri moduan” onartzea eta aldatzea falta zaigula adierazi zuen Dominguezek: “Pertsona batek gure jarrera arrazista dela esaten badigu, onartu egin behar dugu. Hori bai, egoera aldatzeko, ezin dugu gaia denboraren esku utzi, lanketa bat egin behar da arrazismoa gainditzeko aldaketak gerta daitezen”. Bita ere zentzu berean mintzatu zen: “Ez da nahikoa pertsona zuriek arrazializatuen egoera ulertzea eta enpatia sentitzea. Haserre egon behar gara. Arazo horri garrantzi handiagoa eman behar zaio; errua zuena da”.
Euskalduna izatearen balio guztiak zuritasunarekin lotzen ditugu inkontzienteki, eta hori oso kaltegarria da
Vorigii Bita, aktibista antirrazista
Arrazakeria egiturazkoa eta egunerokoa dela adierazi zuten bi hizlariek, eta hezkuntzan ere arrazakeria dagoela nabarmendu zuten. Eskolan esperientzia arrazista asko bizi izan zituen Bitak txikia zela: “Orain, pertsona heldu moduan, nire haurtzaroa gogoratzen hasten naizenean, beldurtu egiten naiz: nik eta nire moduan beltzak diren pertsonek iruzkin mingarriak jaso ditugu haurtzaroan, eta norberaren garapen psikologikoan eragin handia daukate jokabide horiek”. Arrazismoan oinarrituriko bullyingari eta tratu txarrei aurre egiteko protokolo espezifikoen beharra aldarrikatu zuten bi hizlariek. Dominguezen arabera, “historikoki komunitate beltzak jasan duen jazarpena egiturazkoa da eta transmititu egiten da”, eta horrek eragina dauka haurren arteko tratuan eta iruzkinetan. “Aztertu beharra daukagu Afrikari buruzko zer-nolako materiala erabiltzen den; izan ere, Afrika beti pobreziarekin lotzen da eta horrek eragin handia dauka haurren iruditerian eta pentsaeran, eta, ondorioz, haurren arteko konnotazio arrazistako iruzkinak ez dira bi berdinen arteko liskarrak. Horrelako kasuetan esku hartzea beste mota batekoa izan beharko litzateke”. Iritzi berekoa da Bita: “Txikienei estereotipoek eta aurreiritziek asko eragiten diete, eta haien garapen psikologikorako oso larriak dira. Umeak eskola garaian dauden bitartean, txikiak izanik, norberak jasan eta kudeatu behar ditu halako egoerak, eta ez da erraza. Eskolako testuinguruan bakarrik gaude, eta ez dugu babesik. Eskolak ume txikientzat espazio segurua izan beharko luke, baina ume txiki arrazializatu gisa bizi dugun esperientzia ez da leku seguru batean bizi beharko genukeena; ikastolan bizi izan ditugu gaur arte ekarri ditugun trauma asko”.
Haurtzaroak babesa irabazi duen moduan, haur arrazializatuek ere babesa behar dutela adierazi zuten hizlariek. Oraingoz kontrakoa da egoera eta Dominguezek deskribatu zuen moduan, haur arrazializatuen gurasoek gaur egun “prestatu” egin behar izaten dituzte euren seme-alabak gizarte arrazista honetan bizitzeko: “Gogorra da gure seme-alabei bizi beharko dituzten arrazakeria egoerei buruz hitz egin behar izatea. Herri txiki batean bizita, gaur egun, herritar bat gehiago dira eta bizipen positiboak bizi izan dituzte egunerokoan, baina, herritik ateratzen direnean, ezezagunen begirada bestelakoa izango da eta gure umeek begirada horiei aurre egin beharko diete”.
Ijitoa izanik ez zara inora iritsiko’ esaten zidan irakasle batek institutuan eta Pigmalion efektua gerta daiteke
Antoni Dual, Kale dor Kayiko elkartea
Hezkuntzaren eremua oso garrantzitsua da arrazismoaren kontra egiteko eta pertsona arrazializatuek bizipen duinak bizi ditzaten. Curriculumari, materialei eta eskaintzen ditugun erreferentziei erreparatu behar diegu gure jarduna kulturartekotasunarekin lerrokatua dagoen ala arrazista den behatzeko: “Arrazismoa da, baita ere, gure curriculumek kontatzen diguten historia, Afrikaren eta kolonien irudikapena, eskolako materialek eskaintzen dituzten eta batez ere eskaintzen ez dituzten erreferentziak…”, adierazi zuen Dominguezek. Hezkuntza antirrazista, ordea, haur arrazializatuentzat ez ezik, zurientzat ere onuragarria da Bitaren arabera: “Datozen belaunaldiei aniztasunaren benetako historia kontatu behar zaie, eskoletan hezkuntza antirrazista eta hezkuntza kritikoa sustatu behar ditugu. Eskoletan elkarrizketarako guneak sortu behar ditugu, gure ahotsa entzun behar da eta gure aniztasuna ospatu behar da. Berdintasunaren aldeko borrokan denok daukagu zeregina, bereziki pertsona zuriek, zuena delako errua”.
Etengabe galdetu diote Bitari “nongoa zara, baina berez nongoa?”. Gisa horretako galderek kanpotarra sentiarazten dute. “Euskalduna eta beltza izatea badirudi gatazkatsua dela —adierazi zuen Bitak—. Ni euskalduna eta afrikarra naiz, eta bi nortasunen artean nabigatzen dut, eta bi nortasunak ohoratu nahi ditut. Identitate krisi handia eragiten dizu jendeak etengabe kanpotar eta ez euskaldun sentiarazte horrek”. Dominguezen seme-alabek ere antzekoa bizi dute, Euskal Herrian beltzak dira eta Senegalen tubab (zuri) deitzen diete: “Euskal Herrian, euskaldun sentimendua eta euskalduna izatearen balio guztiak zuritasunarekin lotzen ditugu inkontzienteki, eta hori oso kaltegarria da —adierazi zuen aktibistak—. XXI. mendean immigrazioa errealitate bat da, eta bagaude euskaldun beltzak, existitzen gara eta hemen gaude. Euskarak ez dauka jaberik eta guztiok izan gaitezke euskararen historiaren parte. Pertsona immigranteok euskaraz egin dezakegu, euskaraz egin nahi dugu, eta, nire ustez, euskara ikastea eta euskara erabiltzea bertako kulturarekiko ikaragarrizko maitasuna erakustea da. Zuritasuna ez da euskalduna izatearen sinonimoa”.
Esperientziaren ahotsak
Eli Dominguezen eta Vorigii Bitaren arteko solasaldiaren ostean, beste lekukotasun batzuk entzun ahal izan ziren Sutegi aretoan, tartean, Amane Mei Otegi lasartearrak, Antonio Dual irundarrak eta Itziar Larrinaga abadiñoarrak hezkuntzarekin lotuta izan dituzten esperientziak kontatu zituzten:
Adopzioak tabu izaten jarraitzen du
Amane Mei Otegi Perezi, unibertsitatean hasi orduko, behin eta berriz galdetzen zioten nongoa zen. Eta hark lasartearra dela erantzutean, zorrotz, “baina, benetan, nongoa zara?” galdetzen zioten ezezagunek. Otegi Txinan jaio zen, eta 5 hilabeterekin Lasartera ekarri zuten bere adopzio gurasoek. Gaur egun irakaslea da, Ume alaia adoptatutako haurren gurasoen elkarteko kide da, eta arrazismoaz eta adopzioaren tabuaz badu zeresanik: “Lasartetik (nire konfort eremutik) atera nintzenean, galdera deseroso asko egin zizkidaten, gehiegi, neure nortasuna zalantzan jartzeraino. Landu gabe edo landu nahi ez dituzun gaiak ezinbestean landu beharrean sentitzen zara jendeak hainbeste galdetzen dizunean”. Hasiera batean, neketik eta haserretik erantzuten zien galderei eta iruzkin deserosoei, baina, bere buruarekin lanketa bat egin ostean, orain galdera egin dionari egoeraren deserosotasuna ikusarazten ahalegintzen da. Eta, egoerari buelta emanda, erreferentziak eskaintzen saiatzen da, adopzioa tabua dela ikusten baitu: “Irakaskuntzan ikusi dut kasu askotan helduok dauzkagula mugak, eta umeei errealitatea adierazita oso erraz moldatzen direla horretara. Ordezko moduan ibiltzen naiz, eta ikastetxe berri bakoitzean ikasleek beti edukitzen dute jakin-mina. Lasai asko kontatzen diet nire historia, eta, hortik abiatuta, familia ereduen gaia lantzen dugu eta beste gai asko ateratzen dira. Ni irakaslea naiz, baina pertsona ere banaiz, eta bizitza bat daukat; eredu izatea garrantzitsua da niretzat, ni erreferentziarik gabe hazi bainintzen; horrela hartuta, esplikazioak ematea aberasgarria da”.
Adopzioaren gaia eskoletan landu beharrekotzat dauka Amane Mei Otegik, eta ez soilik ikasturteko egun zehatz batean: “Curriculumean sartzeaz gain, modu naturalean eta modu esplizituan egunerokoan landu beharreko gaia da adopzioa, tabu izaten jarraitzen baitu”.
Ijitofobiari aurre eginez
Kale dor Kayiko ijitoen elkarteko kide da Antonio Dual. Bizipozako kide den elkarte horrek 30 urte daramatza Euskal Herrian ijitoekiko estereotipoen eta aurreiritzien kontra lanean. Dual eskolako hezitzailea da gaur egun, eta bere larruan bizi izan ditu ijitoekiko estereotipoak eta aurreiritziak, baita eskolako eremuan ere: “Eskolan iruzkin asko jaso izan ditut, irakasleengandik hasita. ‘Ijitoa izanik, ez zara inora iritsiko’, esaten zidan irakasle batek institutuan; ‘ez zara ezer izango, ez zara ezer izango’… Hainbeste aldiz gauza bera entzunda, Pigmalion efektua gerta daiteke, eta azkenean zeure buruari galdetzen diozu, ‘ez ote naiz ezer izango?’”. Dualek lortu zuen Pigmalion efektuari kontra egitea, baina irakasle hark, oraindik ere, institutu berean, haur ijitoei “ez zara ezer izango” esaten jarraitzen duela ikusi zuen Dualek, hezitzaile moduan han praktiketan hasi zenean.
Ijitofobiaren sustrai sakonak “egunerokoan eta arlo guztietan” bizi izan ditu Dualek. Baina bereziki hezkuntzan eragin nahi luke berak: “Hezkuntza sisteman gure historia ezagutaraztea gustatuko litzaidake; ijito herriak 600 urte baino gehiago daramatza hemen. LHrako eta DBHrako liburuak ditugu, eta gure kultura besteei erakutsi nahi diegu, horrela lortuko baitugu benetan inklusioa”. Horrez gain, “estereotipoak ez onartzea” eskatu zuen: “Ez onartu komunikabideek esaten digutena eta ijito gehiago ezagutu, orduan ikusiko duzue nolakoak garen”.
Erreferentzien garrantzia
Itziar Larrinaga irakaslea eta bi ume arrazializaturen ama da. Bi frontetatik ikusten du arrazakeria borrokatzeko premia: “Arrazakeriaz hitz egiten dugunean, gauza gutxi batzuetara mugatu ohi gara: ea irainik edo hitz itsusirik erabiltzen den; baina arrazakeria hori baino gehiago da: arrazakeria egiturazkoa da”. Bere semearen adibidea jarri zuen: “DBHko 4. mailan hurrengo ikasketei begira aukeraketa egin behar izan zuenean, urduri ikusten nuen. Kirola gustuko zuela-eta, kirol irakasle izan zitekeela esaten nion, eta bere galdera honakoa izan zen: ‘Ama, zuk ezagutzen al duzu irakasle beltzik?’. Ezetz erantzun nion, baina, era berean, ‘izan gaitezen gu geu atzetik datozenentzako erreferentzia’ proposatu nion”. Hezkuntza sistema eurozentrista izatea, curriculuma Mendebaldean zentratua edukitzea, literaturan, historian edo zientzietan beste kultura batzuetako erreferentziarik eta ekarpenik ez jasotzea ere arrazakeria dela azaldu zuen Larrinagak: “Gure umeengan nortasun arazoak sortzen ditu euren kulturak eskolan eta gizartean lekurik ez daukala ikusteak. Hezkuntza sisteman aldaketa behar dugu; irakasleok formatu egin behar dugu, zeren arrazakeriaren aurka egitea hitz desegokiak antzematea dela uste dugu, eta hori baino askoz gehiago da: curriculumak, materialak eta abarrak berrikusi behar ditugu”.