Askatasuna, desazkundea, bizitza jasangarriak… Horiek guztiak izan ditugu hizpide Hazi Heziren 54. zenbakian.

 

Askatasuna, desazkundea, bizitza jasangarriak… Horiek guztiak izan ditugu hizpide esku artean duzun aldizkarian. Eta galdera egin diogu geure buruari: nola heziko ditugu gure seme-alabak bizitza jasangarriagoa eta bidezkoagoa izan dezaten?

 

Zer pentsatua ematen dute Hazi Heziren 55. alean Ane Ablanedo irakasle eta neurosiaren prebentzioan adituak egiten dituen baieztepenek. Heziketa librea liburua argitaratu berri du Ablanedok Hik Hasiren eskutik eta elkarrizketa egin diogu neguko alean. Egungo heziketarekin kritikoa da Ablanedo eta, besteak beste, heziketa eta librea hitzak bateragarriak ez direla defendatu du. Haurrei bizitza libreagoa eskaintzeko eta gure bizitza libreagoa izateko zer egin beharko genukeen galdetzea garrantzitsua dela uste du, eta haziera politikoa dela dio, sistemak gure haurtzaroan eragiten duelako gizarte gisa, herri gisa edo pertsona gisa eduki beharko genukeen indar politikoa desaktibatzeko.

Sistemak ezartzen digun bizimodu horri aurre egiteko alternatiba izan liteke desazkundea. Eta horixe landu dugu gai nagusian. Abiada bizian bizi garela diogu denok, kexatu ere egiten gara, baina ez dugu horri aurre egiteko modurik topatzen eta desazkundeak horretarako bidea ireki diezaguke. Izan ere, materialki apalagoa den bizitza mota batek harreman eta zaintza sare zabalagoak eskain ditzake. Eta galdera hauxe izango litzateke: nola heziko ditugu gure seme-alabak bizitza jasangarriago eta bidezkoago baterantz?

Bizitza jasangarriak, bidezkoak eta askeak. Ez dugu nolanahiko erronka esku artean, baina gogoz heldu beharko diogu abiada bizikoa eta askotan inkontzientea den bizimoduari irtenbidea bilatu nahi baldin badiogu.