Lau urte daramatza Ondarroako edoskitze taldeak biltzen, Esnearen Ligako monitore Lide Azkuerekin. Beste herrietan bezala, presioetatik askatu eta zalantzak argitzeaz gain, babesa eta ulermena jasotzen dute andreek bilera hauetan.

Ama, izeba eta beste hainbat emakume hizketan ari diren bitartean, Gari txikiak aulki hutsak hara eta hona mugitzeko ahalegina egiten du. Doi-doi ematen ditu pausoak, baina lortu du bere helburua. Zarata egiten du egurrezko aulki astunak lurraren kontra, eta umeak helduei begiratzen die irribarrez, bere lorpena erakutsiz bezala. Gustura dabil, aulkiak dantzan jarriz, emakumeei ahotsa altxaraziz, harik eta aulki batekin min hartu duen arte. Orduan bere negarra izan da gailendu dena. Amak besotan hartu duenean berehala apaldu zaio negarra Gariri: bularra bilatu duenean lasaitu da erabat.
Ondarroako edoskitze taldearen bileran daude Gari eta bere ama. Gaurkoan zazpi emakume eta lau haur elkartu dira Kofradia zaharrean. Lau urte daramatza edoskitze taldeak elkartzen hemen, Lide Azkue Esnearen Ligako monitorearen gidaritzapean. “Berez emakume ia-ia denok eman badezakegu esnea, ez nuen ulertzen askok, nahi izan arren ere, ezin eman izatea; neuk ere, lehen umea eduki aurretik zera pentsatzen nuen, ‘ahal badut emango diot’. Asko irakurri nuen, eta ikasi nuen lagun-tzarekin, babesarekin eta informazio onarekin edoskitzeko esperientzia onak bizi daitezkeela”. Bere prozesuan zehar ikasi zuen hori guztia beste emakume batzuengana zabaltzeagatik hasi zen talde hau gidatzen. Bere borondatez eta diru-saririk gabe gidatzen ditu bilerak Azkuek, Esnearen Ligan formazioa jaso ondoren.

Edoskitze taldeko bileren helburua bularra eman nahi duten ama horiei laguntzea ematea da. “Gure helburua ez da inor konbentzitzea bularra eman dezan, hori norberaren erabakia da, eta badago nahikoa informazio onena zer den jakiteko. Norbaitek erabakitzen badu ez duela eman nahi, gu hor ez gara sartzen. Baina eman nahi duen horrek babesa eta laguntza izan dezan gaude gu hemen, esperientzia on bat izan dezan biltzen gara”.

“Talde  hauek beharrezkoak dira —esan du Goizargik. Bi urte eta erdi daramatza alaba eradoskitzen—. Hasieran beharrezkoa da lehenengo hilabeteak oso gogorrak direlako, bakarrik sentitzen zarelako… eta gero ere beharrezkoak dira, sasoi batetik aurrera bularra ematen jarraitzen baduzu eta, atxikimenduzko haziera badaramazu, jendeak txarto begira-tzen dizulako, ez baitago ondo ikusia urte eta erditik edo bi urtetik aurrera bularra ematea, eta ostera ere babesa edo aitorpena behar dituzu”. Baietz egin du buruarekin Uxuek, hilabeteko ninia bularrean duela: “Alde guztietatik presio handia sentitzen duzu”.

Bileran behin eta berriz atera da “presioa” hizpidera. Presioa erakundeen aldetik, gertukoen aldetik nahiz ezezagunen aldetik ere. “Beti dago kalean komentarioren bat egiten dizun norbait,  nahiz eta ezezaguna izan; bularra emateari buruz, edo hazierari buruz, hau edo beste ez duzula egiten, edo txarto egiten duzula… zuk zeure nekearekin, hormonekin eta zalantzekin nahikoa izango ez bazenu bezala”, dio Uxuek.

Osasunaren Munduko Erakundeak bultzaturik, osasungintzako erakundeek bularra emateko mezua zabaltzen duten arren, informazioa hedatze hutsa ez da aski Liderentzat, baliabideak eman behar zaizkie amei: “Erakundeak ahalegina egiten ari dira bularra emateko mezua zabaltzen, baina beraien mezua da onena dela eta bularra eman behar zaiola umeari; baina amak arazoren bat baldin badu, inork ez dio laguntzen —akaso emaginen batek, bere kabuz bere burua formatu duelako edo edoskitze esperientzia on bat bizi izan duelako—; zenbait kasutan, erakunde horiek beraiek aurreneko ezintasunarekin biberoia sartzen dute. Eta ama asko nahi eta ezinaren erdian uzten dituzte, mezu eta sentimendu kontrajarriekin”. Une zaurgarri, ahul eta sentibera horietan, gertukoenen presioa ere handia izaten da zenbait kasutan, Lideren arabera: “Azken belaunaldietan eten egin da edoskitzearen ezagutzaren transmisioa, eta emakumeok galdu egin dugu geure buruarengan konfiantza, ez soilik bularra emateko konfiantza, baita erditzean, haurdunaldian eta gure sexualitatearekin zerikusia duen guztian ere, menopausia, hilekoa…” Eta horrek ondorioak dituela dio Lidek:  “Konfiantza faltak ezintasunak dakartza, eta emakumeek esperientzia gogorrak bizitzen dituzte, zailtasunak dituztelako, asmatzen ez dutelako, edo mina edo zauriak dituztelako… Kasu horietan, ingurutik bularra utzi eta biberoia emateko mezuak jaso-tzen dituzte askotan”.

Aitaz, lehen hilabeteez, sexuaz...
Aitatasunaz hitz egiteko asmoa dute gaurko bileran. Normalki gai bat proposatzen du Lidek, baina bilerak beti irekita daude partaideek nahi dituzten kezkak argitzeko edo gaiak jorratzeko. Aitak egitura berrian duen rolaz jardun dira, rol berriaz, zenbaiten kasutan belaunaldi askotan emakumeak —ama, amona, izeba…— arduratu baitira haurraren hazieraz; ba ote duten aita horiek eredurik; haurdunaldian eta erditzean aktibo den aita baten eta ez den baten jarreraren arteko diferentziak izan dituzte hizpide; aitaren presentziaz eta absentziaz jardun dira, eta amaren bakardadeaz; edoskitzeak aitaren rola mugatu egiten ote duen ala ez galdetu dute, baina eurek eman dute erantzuna ere: “Zabaldua dago aitak parte har dezan, bularra eman beharrean, biberoia ematearen ideia, baina biberoia emanez haurraren hazieran inplikatzeko prest dagoen aita, edoskitzea erabakitzen dutenean ere inplikatuko litzateke, ezta? Bainu-tik masajera… hamaika gauza egin ditzake aita batek”.

Gaurkoan ez da aitarik edo bikotekiderik etorri. Baina sarritan etorri izan dira. “Euren bikotekideek bizi dutena ezin ulerturik etortzen dira —azaldu du Lidek—, eta hemen ohartzen dira hasierako hilabeteetako baxualdia, kezkak, beldurrak, nekea eta ezintasunak normalak direla”.  Amonak eta zaintzaileak ere etorri izan dira, “ama ulertzeko eta hari laguntzeko”.

Presioarekin batera, “ulermena” da amek hitzetik hortzera darabilten berba. “Hemen ulermena daukagu, negar egin dezakegu, purrustada batzuk botatzeko askatasuna daukagu, eta epaitu gabe, ulertuko gaituen jendea izango dugu ondoan”. Guztiek ulertu dute bilerara lehen aldiz etorri den haur jaio berriaren ama, kezkaz eta zalantzaz beterikoa: “nahikoa hartzen al dit? Ondo hartzen al dit? Zenbat denbora eduki behar dut bular bakoitzean? Denbora guztian hain lotua izango al da edoskitzea?”. Amek eurek erantzun diote, nork bere esperientziatik. “Lehenengo hilabeteak oso gogorrak izan ziren, ez daukazu ezertarako denborarik, denbora guztian umea titian duzula zaude; baina, hasierako zuloa pasa eta gero, lau bat hilabetetik aurrera, errazago eroaten da dena”. Ados daude denak Goizargik esan duenarekin. “Orain, nik uste dut gauzak errazago direla titia ematen diodalako —dio Enarak—, haurra gaixo dagoenean edo mina hartzen duenean, beldurtzen denean… bularrarekin erraza egiten zait lasaitzea”.  

Aitatasunetik, hasierako une latzetara… gaiz eta hizpidez aldatzen dute lagun-tertulia batean bezala, bilduta dauden amen kezken eta interesen arabera. Erditu osteko sexu harremanetara pasa dira ondoren, minaz, gogo fisiko eta emozionalaren gabeziaz… “Zenbait ginekologok esaten dizute lubrikatzailea erabiltzeko, horrek gogo gabezia konponduko balu bezala; baina, zertarako? Ahal den min gutxiena hartuta gizonarekin konplitzeko?”.Ezezkoa diote buruarekin, “baina horri buruz ez du inork berba egiten, asko jota bikotekidearekin berba egingo duzu, edo horrelako espazio batean”.

Berriro ere hitz egiteko espazioaren beharra atera da, ulermen beharra. “Haurdunaldi aurreko klaseak baino gehiago ostekoak behar ditugu —esan du Enarak—, taldeko babesa, ulertuko gaituen jendea ondoan izatea; hori da benetako laguntza”. Lidek dio amatasuna den bezala agertzen dela bilera hauetan: “Amatasunaren erretratu perfektua saltzen digute: ama izatea bikotekidearekin haurra paseora ateratzea dela, eder eta irribarretsu, baina ez da beti horrela. Haurra jaiotzean badirudi munduko pertsonarik zoriontsuena izan behar duzula, baina batzuetan ez zara, presioa senti-tzen duzu, nekatuta zaude, bakarrik, zalantzekin eta beldurrekin… eta hori guztia beste amekin partekatu ostean, hustu eta besteen esperientziarekin eta laguntzarekin bete ostean, indarberriturik ateratzen zara”.