Buru osasunaz hitz egitean faktore multzo baten harmonia onaz hitz egin behar da, egitura bati buruz, aldakorra den egoera bati buruz. Aldagai, hezurdura eta gorabehera horiei buruzko gogoetak daude bilduta hemen. Ohitura on guztiak bezala, haurtzarotik sustatu behar dira zenbait jarrera eta joera, buru osasunaren mesedetan.

Buru osasuna definitzeko errezeta magikorik ez baina zertzelada batzuk eman dizkigu Donna Apellaniz Nieto terapeuta emozionalak: “Orokorrean, nik esango nuke, buru osasunaz hitz egitea orekaz hitz egiten dela; oreka soziokulturalaz, fisikoaz eta mentalaz. Eta pentsatzen duguna, sentitzen duguna eta egiten duguna bat datozenean sentitzen gara orekan. Nola azaldu sinpleki? Bada, pentsa; euria ari du, busti egin nahi dut eta busti egiten naiz eta hortik datorkit plazera... eta beharbada katarroren bat (umorez esan du). Baina hortik doa kontua; pentsamenduekin, printzipioekin, baloreekin, sentimenduekin bat goazenean, koherentzian, orduan sortzen da ongizatea eta buru osasuna. Bai fisikoa eta baita erlazionala ere”.

Maite Lekuona psikologoak ere buruaren eta gorputzaren arteko konexioari eta biekiko onarpenari ematen dio garrantzia, eta oreka ere izan du hizpide, garrantzitsua dela nabarmenduz, baina ñabardura batekin: “Oreka behar dela esaten da askotan baina konplexua da hori, izan ere, nor dago orekatuta momentu oro? Denok dauzkagu gorabeherak eta bizitzako gatazkak, eta gorabehera horiek maneiatzen asmatzearekin lotzen dut nik buru osasuna. Azken batean, gatazka bat momentuko zailtasuna izan daiteke, baina aurre egiten diogunean, beste leku batean kokatzen gaitu; garatzen laguntzen digu. Beraz, bizitzak ematen dizkigun zailtasunei momentuan erantzuteko gaitasuna izatea da buru osasuna, eta horretarako, ezinbestekoa da autoezagutzaren bidean, tresnak pilatuz joatea. Lanabes horiek batzuetan ezkutuan dauzkagu, gugan, baina ez dakigu nola atera eta ateratzen ikasi behar izaten dugu. Beste zenbaitetan, ez ditugu inoiz tresna horiek barneratu eta arazoak ikasteko aukera bihurtzen dira”.


“Buru osasunaz hitz egitea orekaz hitz egitea da; oreka soziokulturalaz, fisikoaz eta mentalaz”


Donna Apellaniz 
Terapeuta emozionala


Kanpoaldetik hainbeste estimulu jasotzen den garaiotan barrualdea entzuteko “zarata handiegia” dagoela uste du Lekuonak eta, Apellanizek askotan isilarazita daramagun barruko ahots horri atxikitzen dio bere adimen emozionalarekiko interesaren sorburua: “Amak kontatu izan dit ume-umetatik esaten nuela emozio asko neuzkala barruan, gainezka egingo balidate bezala, eta beraz, uste dut beti jarri izan dudala barne munduan begirada arretatsua. Bestalde, 20 urte inguru neuzkanean, krisi baten ondorioz, nire buruari esan nion ezin nuela horrela jarraitu; antsietate handiz bizitzen. Garai hartan, gaiari buruz irakurtzen hasi nintzen, bizitza emozionala ulertzearen garrantziaz jabetzen. Magisteritza ikasten nenbilen eta gustuko nuen arren, ohartu nintzen nik zaintzan aritu nahi nuela, jendearen jiran lanean; gertuagotik jardun, pertsonekin, haurrekin, familiekin lanean, eta horretan nabil buru-belarri”.

Senak eta intuizioak bultza zuen Psikologia ikasketak egitera Maite Lekuona bera ere, behar zuelako hartu zuen bide hori: “Nire bizitzako une asko gogoratzen ditut eta maiz pentsatzen dut, une horietan laguntza premia neukala, eta pena dela bere momentuan laguntza eskatzen ausartu ez izana. Dena den, inkontzienteki bazen ere, banekien laguntza behar nuela eta horrekin lotzen dut psikologiarekiko gaztetxotatik neukan jakin-mina. Gaur egun, uste dut berkokatze prozesuak bizitzea, garatzea, eta barne lanketa iraunkorki egitea garrantzitsua dela; betirako bide baten moduan ikusten dut”.


“Lehenengo antsietate krisia gertatzen den unetik lanketa terapeutikoa martxan jartzea premiazkoa da"


Maite Lekuona 
Psikologoa



    
Buru osasuna helduen ardura eta kezka iturri soilik ote den edo haurrengan eta nerabeengan ere zaindu behar ote den galdetuta argi, dute erantzuna: “umetatik” begiratu behar zaio ongizateari. Apellanizek hala dio: “Helduak gara izan garen haur eta nerabe izan garelako; gure haurdunaldia, gure nerabezaroa, gure bizipen guztiak gara gu, gugan daramatzagu, eta horrekin guztiarekin bihurtzen gara heldu, ezin dira bereizi izan ginen umea eta garen heldua. Umeak oso erresilienteak dira, zerbaitek min egiten baldin badie, saihestu egiten dute edo min hori hartu eta indartu egiten dira, biziraute senarengatik-edo, eta aurrera egiteko kemen handia izaten dute. Nerabezaroan ere badago horretatik pixka bat, baina garai horretan burua hausnarketa gehiago egiten hasten da, dena ulertu nahian, eta bizitzan dena ulertzea ezinezkoa denez, trabatuz, ainguratuz doaz batzuetan nerabeak, zuloetan erortzen, burua zamatzen eta bide horretatik, oso mekanismo disfuntzionalak eta disoziatiboak gara litezke. Desoreka horiek zaindu ezean, pilota korapilatzen eta handitzen joaten da pixkanaka. Pilotak korapilatzeko denbora behar da, horregatik azaleratzen dira arazo asko urteek aurrera egin ahala; nerabezaroan, adibidez, baina aurrez sortzen hasitakoak dira gehienak”. Ume eta nerabeen suizidio kasuak oraindik ere tabu direla gaineratu du Lekuonak, orain gutxi hasi dela jendea horiei buruz hizketan, baina argi izan behar dugula existitzen direla, gertatzen direla suizidioak; haurrek eta nerabeek ere bizi bailezakete ezinegona. Beraz, min horiei aterabidea eman behar zaie. Nahiz eta askotan aurrera egiteko helduek baino bulkada indartsuagoa izaten duten, eurek ere laguntza behar dute.

Helduaroan, aurrez beharrezko lanketak egin ezean, batzuk ahal bezala aurrera egiten asmatzen dute, beste batzuk, bizitza arrunta eraman ahal izateko medikazioa behar izaten dute eta, kasurik txarrenetan, suizidio kasuak ere izaten dira, Apellanizen hitzetan.

Haurtzaroan eta nerabezaroan desorekarik ohikoenak zein diren jakin nahi eta hala dio Lekuonak: “Antsietate eta depresio kasu asko artatu ditut azken boladan. Hainbat formatan ager litezke arazo horiek: autolesioen bidez, suizidio saiakerekin, elikadura nahasteekin… Baina horien atzean, funtsean, antsietatea eta depresioa daude gehienetan”. Kasu kopuruaren igoera bizimoduaren aldaketak, pandemiak ala beste ezerk eragina ote den galdetuta ez dauka argi-argi, baina izan liteke orain “laguntza errazago eskatzen delako” eta, beraz, kasu gehiago diagnostikatzen direlako ere. Edonola, psikologoen lana normalizatzeko bidea oraindik ere luzea dela uste du: “Lanketa emozionala egitea geroz eta ohikoagoa da gaur egun, baina, oraindik ere, bai helduei baita gazteenei ere, kosta egiten zaigu prozesu bat abiatzea, eta laguntza eskatzea… Giharren batean min hartuz gero berehala hartzen dugu ordua masajistarenean edo okulistarenera daramatzagu haurrak ikusmenarekin arazoren bat sortzen denean. Baina buru osasuna lantzeko urratsa ez da hain erraz edo hain naturalki ematen”. Salbuespenak diren arren, nerabe batzuen kasua nabarmendu nahi izan du Lekuonak, badirelako laguntza euren kabuz eskatzen duten gaztetxoak ere eta “txalogarria” iruditzen zaio pauso hori euren kabuz ematea. Apellanizek ere belaunaldi oso indartsua datorrela irizten dio, “13 urterekin euren egoera emozionalaren eta pertsonalaren irakurketa fina” egiteko gai diren nerabeak ezagutu baititu kontsultan.

Bestalde, orokorrean, haur bati edo nerabe bati, lanketa emozionala egiteko aukera edo proposamena eskaintzea “opari handi bat” dela sinesten du Lekuonak: “Hala behar duen unean psikomotrizista batengana daramaten umeak zorte handia du eta tresna garrantzitsuak eskuratuko ditu, ziurrenik, zeinak bere bizitza osorako baliagarri izango zaizkion. Esperientzia ona izaten da beraientzat normalean”. Depresioak eta antsietateak adin guztietan sintoma berak sortzen ote dituzten galde eginik, “denetarik” dagoela dio, baina gogoetarako adibidea jarri du Lekuonak: “Antsietate krisi bat daukagunean denok izutu egiten gara, bada, pentsatu behar dugu, ume baten kasuan izu hori handiagoa dela, ez baitu sentsazio hori beste ezerekin identifikatzeko tresnarik”. Lehenengo krisia gertatzen den unetik lanketa terapeutikoa martxan jartzearen premia azpimarratu du, “globoak eztanda egin aurretik” neurriak hartu ahal izateko; “leherketa edo eztanda barrurantz edo kanporantz izan, kaltegarria izan daitekeelako” haurrarentzat edo nerabearentzat. Prozesu terapeutikoaren helburua betetakoan, prozesua ixtea komeni dela gaineratu du eta prozesu horiek batzuetan betirako ixten direla eta beste batzuetan urte batzuetara berriz lantzeko premia izaten dela, zauria berriz zabaldu delako edo aldaketa handiren batek berkokatzea eskatzen duelako. Apellanizek ere, bide horretatik detaile bat gaineratu du: “Batzuetan arazo zehatz bat konpondu nahi dugu; zauria sendatu eta kito, ahaztu, eta ahalik eta azkarren aurrera egin. Ordea, arazo bat ez da gauza isolatu bat, loturak izaten ditu egoera, jarrera edo pertsona zehatz batzuekin, eta arazo zehatza lantzeaz gain, bertatik ateratzen diren adartxoetako gaiak ere aztertu behar dira. Zauria sendatu baino, zauria zaindu egiten dugu, normalean, hobetu dadin, eta tresnak eskaintzen dizkiogu pertsona horri zauri hori egunerokoan berriz zabal ez dakion. Baina horrek ez du esan nahi tarteka zauriak ziztadarik eragingo ez digunik edo berriz zaintza eskatuko ez digunik gure bizitzako beste fase batean. Baliabideak ematea da kontua, behar ez diren gauza zaharrak kentzea eta kaosa ordenatzen laguntzea”. Horrez gain, Lekuonak dio haur edo nerabe bat prozesu zail bat bizi duelako jasotzen eta eusten ari den zaintzaileak ere zaintza eta erremintak behar dituela bera ere jasota senti dadin eta bere erruak eta beldurrak atera ditzan. Horretarako, adituen arteko “sare-lana” lagungarria dela dio.


Instituzioen rola

Etxean egin litekeenaz gain, egituratik eralda daitekeena kontuan hartu beharraz hitz egin dute Lekuonak eta Apellanizek. Azken honek, haur eta nerabeek “atxikimendu ziurra eta laguntza” eskainiko dieten pertsonak eta profesionalak “gertu eta eskuragarri” izatearen funtsezkotasuna azpimarratu du eta horretarako “baliabideak” behar direla. Haratago doa Lekuona: “Normalizatu egin behar da osasun mentalaren gaia, denon ardura da hori, baina instituzioek bultzatu beharrekoa, batez ere. Gaixotasun mentalez edo suizidioaz hitz egitea ez baita ideia arriskutsuak ematea, sentsibilizatzea baizik. Horrez gain, haur, gazte zein helduen esku jarri behar dira erremintak; berdin izan behar du bakoitzaren etxean zenbateko diru sarrera dagoen; denok dugu eskubidea barrura begiratzeko espazioak bermatuak izateko eta prozesu terapeutiko bat abiatzeko. Osasun arloak ganoraz erantzun behar du egoera emozionala edozein delarik ere, prebentiboki lan egitea funtsezkoa baita. Horretarako, inbertsioa egin behar da, noski”. Arazoak konpondu eta arazo potoloagoei aurre hartzea garrantzitsua da, osasun fisikoaren kasuan bezala “hasieran bihurritu bat zena larriagotu” egin baitaiteke eta pertsonen egunerokoa bera ere arinagoa baita arazoak zamatzen joan beharrean sortu ahala askatzen baldin badira. Hori egiten irakatsi behar litzaieke haurrei Lekuonaren aburuz, “autozaintzan arreta jartzen eta tresnak garatzen, beren buruarekin konektatzen jakin dezaten”. Jendarte gisa dugun bizimoduak eta abiadak bide hori zailtzen duelakoan dago eta uste du ikastetxeetan curriculuma malgutu behar litzatekeela eta “intentsitate orokorra jaisteko” aukerak eta tarteak bilatu. Horretarako, irakasleengan dagoen presio-maila jaitsi beharko litzateke eta irakasle bakoitzak, nork bere estilora, emozioak lantzeko dinamikak eta tarteak aurki ditzan ahalbidetu.

Apellanizek ere, terapeutak pribatuak izateak eta edonoren esku ez egoteak “buruhausteak” sortzen dizkiola argitu du: “Denek laguntza eskura izan dezaten, haurrakj eta nerabeak dauden tokietan, orientatzaile bat egon beharrean hiru egotea da gakoa, lehentasuna ematea gai horri eta duen garrantzia sozializatzea. Beste bide bat da eskolan tutoretza indar handiko arloa izatea eta astero terapeuta bat joatea haur zein nerabeei kezkagarriak zaizkien gaiak lantzera. Profesionala ezagutuko balute, gertukoa balitzaie, gero harengana jotzea errazagoa litzaieke. Eskolan erreferenteak txertatzeaz eta ugaritzeaz gain, haurrak eta gazteak ibiltzen diren inguruetan (ludoteketan, udalekuetan…) ere haien presentzia sustatzea ona litzateke, ikuspegi zabalagoz laguntzeko.
 


Emozioak, familiako senide gisa ulertuz
Sentimenduei tarte bat eskaintzea funtsezkoa dela uste dute bi adituek; tartearen bi adieretan: tarte bat eman behar zaiela haiei buruz hitz egiteko eta espazio bat eman behar zaiela atera daitezen. Horretarako, haurrak zerbait kanporatu nahi duenean, “mundua geratu” behar da Apellanizen esanetan. Tarte horiek sortzeko eta babesteko era asko egon litezke, horietako bat da Lekuonak proposatzen duen hauxe: “Bizi erritmoa eta eskakizuna jaitsiz, ondoan gaudela ikusarazi behar diegu haurrei eta nerabeei; gatazkek ondoan baino, aurrean kokatzera garamatzate askotan, eta ez, hobe da gatazken aurrean ere, ondoan jartzea eta ulertaraztea emozio guztiek lekua daukatela; senti daitezkeela galduta, haserre, orain pozik, orain triste… Emozio guztiak baitira beharrezkoak. Bi kasuetan dira biak garrantzitsuak, baina haurretan presentzia izugarri inportantea da eta nerabeetan, berriz, senti dezatela onerako zein txarrerako hor gauzkatela”. Zentzu horretan, nerabezaroa garai gogor bezain edertzat du Lekuonak, krisialdi garaia den heinean, krisialdiok aukera eskaintzen baitute “berloretzeko” eta aurrera egiteko “inpultsua hartzeko”. Nerabezaroari lotuta, Apellanizek berak ere, esangura handia eman dio “hor gaudela” adierazteari; nerabeek askotan adierazten omen dute, garai horretan, ez dutela gurasoen beharrik jadanik, baina ez omen da hala, haiek ere babestuta sentitzeko beharra dute oraindik, jasoketarena, eta helduarora igarotzeak dakarren “dolu txiki” horretan laguntzeak onurak dakarzkie.
    
Kontsultarako bidea egiten duten haur gehienen arazoa da ez direla “ikusiak eta sostengatuak” sentitzen, Apellanizen bizipenen baitan: “Haurrak garenean emozionalak gara erabat eta heldu baten burua behar izaten dugu emozio horiek kudeatzeko. Heldu bat zeinak esango digun hau edo hori gertatzen zaigula, hau edo hura behar dugula… Umeen aurrean funtsezkoa da emozioa entzutea, ez diskurtsoa entzutea; nondik, zein emoziotik ari diren ulertzea. Sostengua behar dute, epairik gabeko sostengua”. Nerabeen kasuan diskurtsoak bestelako garrantzia hartzen omen du: “Asko hitz egiteko beharra izaten dute, ulertuak sentitzeko beharra, eta bideratzen laguntzea estimatzen dute. Bai umetan eta baita nerabeetan ere, bidelagun izatea da funtsezkoena”. Etxean hizketarako uneak eta egoera gozoak bilatzea beharrezkoa denez, “eskuragarri” egon behar dela gogorarazi du Apellanizek. Kasu askotan, haurrak edo nerabeak beren barrua zabaltzeko prest egoten omen dira baina hezitzaile papera dutenak izaten omen dira “prest ez daudenak” edo “entzundako horrekin zer egin” ez dakitenak. 
    
Haur txikienekin, adierazteko modua ezberdina denez, begiratzeko modua ere findu egin behar da: “Beren sinbolismoari erreparatu behar zaio, zein jolas egiten duten, noiz isiltzen diren, galdera baten aurrean begirada kentzen ote duten edo lagun bati buruz hitz egitean urduri jartzen ote diren… Zehazki zer gertatzen zaien esatea kosta egiten zaie eta horregatik jarri behar da arreta desoreka edo bitxikeria horietan”. Lekuonak, premia eta desoreka horiek behatzeko “mundua haien altueratik” ikusten saiatzeko proposatzen du; exijentzia jaitsiz eta patxadaz aztertuz. Etxean sortu beharreko ohitura onak nola eraiki Apellanizek aipatu du: “Sinple-sinpleki, egunero nola gauden galdetzea eta horri buruz hitz egitea da abiapuntua. Horretarako galderak nola egin ere pentsatu egin behar dugu eta epaitu gabe entzun, jakinik txikiak eskubide osoa duela haserre edo triste egoteko. Horrek ez du esan nahi jo, iraindu edo zerbait puska dezakeenik, mugak jarri behar dira, baina sentitzen duen hori zilegi dela eta sentitu dezakeela jakin behar du; gertatzen ari zaiona ez dela txarra. Hartara, pixkana, gai izango da emozioak adierazteko, kalte egiten dioten egoeretatik aldentzeko. Espazio horiek behar dira, ukaziorik eta epairik gabekoak”. Tarte horiek eskaintzerakoan egiten diren akatsez galdetuta pare bat aipatu ditu. Batetik, askotan galdetzen diegula “zer moduz zaude, ongi?”, erantzuna aurrez emanez, alegia. Edo haserre baten aurrean: “Haserretu egin zarete orduan, baina konpondu duzue, ezta?”, eta ez diegu uzten korapiloa behar bezala askatzen edo azaltzen. Bestetik, “pazientzia gutxi” izaten da askotan, haurra triste edo haserre dagoenean “berehala ongi egotea” nahi, urduritasuna sortzen delako gurasoengan; kalean “ikuskizunik” sor ez dezan edo umea animoz baxu egon ez dadin. Horrelakoetan, baina, ukatu edo zalantzan jartzen dira maiz haurren emozioak. Beraz, arreta irekieraz jarri behar da eta helduek landu behar lukete haurraren jarrerak zer mugitzen duen haiengan eta hori nola kudeatu pentsatu, haurrari ezinegon horren “iraulketa ez egiteko”. Alaba-semeak beren argi eta itzalekin onartu behar direla eta eredu rola jokatu behar dela erantsi du Lekuonak: “Familia giroan, mahai bueltan-edo, emozioez hitz egiteko tarteak sortu behar dira, gurasoengandik hasita; konta genezake goizean une ilun bat izan dugula baina gero pasa egin zaigula eta gorabeheraren bat izan dugula lanean… Hala ohartuko dira helduok ere emozio guztiak izaten ditugula presente eta emozioak ulertzeko dinamika horretan errazago sartuko dira”.

Hitz gutxitan esanda, lekua eta denbora behar dute haurrek, beren emozioak gorde ez ditzaten eta gerora horietan katramilatuta gera ez daitezen.


Zorigaitza bizi duten haurren egoera eskolan

Gema Lasarte kazetari eta EHUko irakasleak azken urteetan zorigaitza bizi duten haurren eta nerabeen kasuak aztertzen ditu eta saretze lanean ari da, Erresuma Batuan eta AEBtan aspaldi abiatu ziren ikerketak eta begiradak Euskal Herriratzen. Funtsean dio, zorigaitz (disfuntzio familiarrak, indarkeria, abandonua, sexu abusuak, espetxea, drogak…) bat baino gehiago bizi dituzten haurrek izugarrizko zailtasunak dauzkatela eskolak eskatzen duen erritmoan eta bidetik joateko: “Curriculumari begira egoten da eskola eta alderantziz behar luke; ikasleari begira jarri behar genuke eta curriculuma haren beharretara egokitu; gaizki dagoen haur batek bidelaguntza behar du, ez begirada zigortzailea”. 
Eskolak, Lasarteren hitzetan, gaur egun antolatuta dagoen eran, bi errei dauzka eta ikasleak sailkatu egiten ditu: “Normalak, diagnostikoren bat daukatenak eta ondoren linbo bat, disruptibo eta antisozialen linboa”. Arauan sartzen ez diren guztiek eskolatik “sartu baino okerrago” ateratzeko probabilitate handia dutela sentitzen du. Garbi ikusten du haur bat gaizki dagoenean artatu egin behar dela: “Ondo dagoenari ondo datorkio laguntza eta babesa eta gaizki dagoenari bizitza salba zeniezaioke bidelaguntza onarekin”.

Sufritzen ari den ikasle baten aurrean eskolak “komunitate gisa” funtzionatu behar duela dio.Zorigaitzak bizi dituzten ikasleak erregulazio faltarekin heltzen dira eskolara eta gutxienekoa da parez pare irakasle erregulatu bat topa dezatela: “Lehenik ume horrek ongi sentitu behar du, bakean egon, babestuta, lagunak lagun gisa ikus ditzala eta ez etsai gisa eta noizbait, ongi sentitzen denean, agian noizbait zerbait ikasiko du. Baina lehenik eta behin, bere ongizatea ziurtatu behar da”. Haur horiek hiru arazo nagusi izaten dituzte eskolako martxari erantzuteko: emozionalki gorabeheratsuak dira eta ez dute emozioak kudeatzen ikasi, txikitatik erreferente desegokiak izan dituztenez helduekin konfiantza izatea kostatzen zaie eta funtzio exekutiboak (logika, komunikazio eta antolaketa gaitasuna…) kaltetuta izaten dituzte. 
Inklusibitatea “hitz neoliberal eta faltsua” iruditzen zaio, horretatik zinez urrun gaudelakoan eta egoera larri honen aurrean, indarrean den “tratu txar instituzionala salatzen” du, arduragabekeriaren ondorioz haur batzuk porrotera eta bizi-maila baxu batera “kondenatzen” direlako.  Haur horiek autokontzeptu eskasa izaten dute, autobazterketa sentitzen dute: “Bigarren mailako pertsonak senti litezke eta kontua ez da, urte batzuetara,  gizarteratzen direnean eta astakeriak egiten dituztenean asaldatzea, larritzea eta polizia bidaltzea; errepresiotik baino gehiago lortuko genuke heziketatik; komunitatea formatuz, eskolaren funtzionamendua aldatuz… Bestela, urtetik-urtera okerrera goaz”.