PANTAILAK GURE BIZITZAREN ZATI DIRA ETA GURE ESKU DAGO ARDURAZ ERABILTZEA. HAURREK HORI EGITEN IKAS DEZATEN, ORDEA, EREDU IZANGO DIREN HELDUAK BEHAR DITUZTE HAIEN ONDOAN.

Osasun arazoak, hizketarako arazoak, harremanak izateko arazoak… Gero eta gehiago dira halakoak dituzten haurrak. Eta, kasu askotan, pantailen erabilera goiztiarrarekin eta desegokiarekin zerikusia duten arazoak dira horiek guztiak. Pantailek haurren garapenean sor ditzaketen arazoak begi-bistakoak dira dagoeneko, eta ikerketek eta errealitateak pantailak arduraz erabiltzeko beharra azalarazi dute. Gai horixe izan zuten ahotan hainbat hizlarik Pantailak 0-6an, zertarako? izenburupean Hik Hasik antolatutako jardunaldian. Denek bat egin zuten pantailak arduraz erabiltzea garrantzitsua dela esatean. Eta erabilerak esanguratsua izan behar duela azpimarratu zuten. Beharrezkoa al da, esaterako, haurrei ikasgelan forma geometrikoak erakusteko pantaila erabiltzea? Ezin al dugu hori beste material batzuk erabiliz egin? Gu mugikorrari begira eta haur txikiak telebistari begira egon beharrean, ez al da hobe elkarrekin tarte bat hartu eta ipuin bat irakurtzea? Hamaika galdera egin diezazkiokegu geure buruari. Ez da beharrezkoa pantailak erabat alboratzea, ordea. Sormena lantzeko edota esperientziak partekatzeko erabil ditzakegu. Baita gozatzeko ere. Gelako jarduna osatzeko ere erabil daitezke, jakina, beste material batzuekin egindakoa osatzeko denean. Kontsumitzaile huts bihurtzen garenean edota pantailek haurraren eta helduaren arteko harremana oztopatzen dutenean dator arazoa. Haurrak bere garapenerako behar-beharrezkoa du helduak ondoan izatea baina zer gertatzen da helduak begiak pantailan iltzatuak baldin baditu, edota, une batez lasai egoteko ume txiki bat pantailara begira jartzen badu? Arazoak ez baitira sortzen soilik haurrek pantaila begiratzen dutenean, arazoak sortzen dira pantailari adi dagoen helduak haurra begiratzen ez duenean ere. Euren burua subjektu gisa eraikitzeko helduaren presentzia behar dute haur txikiek eta helduok pantaila barneko edukietan igeri ibiltzen gara maiz, ondoan dugun txikiaren beharrak gerorako utzita. Haiekin egoteko denbora hartzea ezinbestekoa da osasuntsu gara daitezen nahi baldin badugu. Pantailak ez dira gure bizitzatik desagertuko. Gizarte digitalean bizi gara, pantailek inguraturik. Gure bizitzaren zati dira eta gure esku dago erabilera egokia ematea, arduraz erabiltzea. Haurrek hori egiten ikas dezaten, ordea, eredu izango diren helduak behar dituzte haien ondoan. Geure buruak hezi behar ditugu eta pantailatik burua altxa behar dugu txikiek ere altxa dezaten. Pantailak itzalita pertsonen arteko konexioak piztu daitezen. Pantailek gure arreta bahitu ez dezaten. Ingurura begiratuta ere, asko baitugu ikusteko eta ikasteko.

 


EAEko botere autonomikoaren politikak nazio-identitate espainolean sozializatzen ditu gure ikasleak... Hori da gure eskoletako geletan agerian ez bada ezkutuan indarrean dagoen curriculum nazionala

Joxe Manuel Odriozola