Haurtzaroa ahaztuetako bat izan da COVID-19aren pandemia gainditzeko estrategiak diseinatzerakoan.” HaurrakEreBai familia-sarearen hitzak dira. Oinherriko kideek ere halatsu pentsatzen dute: “[Haurrak eta nerabeak] ez dira existitzen. Herritar bezala krisi honetan ez zaie hitzik eman. Honek argi lagatzen du, oraindik ere zailtasun handiak ditugula haurrak orain eta hemen herritar moduan ikusteko”.

Lehen kaltetuak izan ziren haurrak: eskolak itxi eta etxera joaten lehenak. Eta irekiera-neurriak bizitzen azkenak: haur-parkeak hiru hilabetez prezintopean eduki dituzte. Helduak lanean eta tabernetan egon zitezkeen bitartean, haurrak etxean… Eragile askok nabarmendu dute krisi honen kudeaketak erakutsi duela gizarteak eta administrazioek zer leku, espazio eta aitortza egiten dieten haurrei eta nerabeei: eskasa. “Konfimendu-egoeran haurrei aitortu zaien leku eta denbora eskasa haurrek eta nerabeek lehendik ere gizartean eta herrietan duten pisuaren erakusle bat besterik ez da”, Oihane Ruiz arkitekto urbanista feministaren aburuz.

Familia askok euren etxe barrura gorde dute kexa, baina beste askok kalera atera dute, izan kazerolada gisa, izan sinadura bilketa bidez… Orain, ordea, normaltasun berria deitu zaion honetan eta bereziki aurrera begira, COVID-19ak utzi dituen irakaspen horiek gogoan izanik, haurrentzako eta nerabeentzako eta euren garapen eta sozializaziorako egokiagoak diren espazio  eta denborak diseinatzeko momentua da. Eta harago, egoera zaurgarrian dauden pertsona oro kontuan hartzekoa, COVID-19ak gogorki astindu dituen adinekoak, esate baterako. Oinherriko Maite Azpiazuk “zaintza komunitarioaz” hitz egiten du. “Denon premiak mahai gainean jarri eta denontzat egokia izan daitekeen irtenbide bat bilatzeko ordua da”.

Ardurak hartu eta ardurak partekatzeko unea. Haurren zaintza ez da soilik familiena. Eta beste irakaspen bat utzi badu COVID-19ak, horixe da: familia nuklearrak ezin du bere gain hartu osoki haurren zaintza, ez behintzat guraso biak lan egin behar dutenean, Mintzoan azaldu diguten bezala. Ekuazioa ezinezkoa da, eta galtzaile handiak haurrak dira. Administrazioek dagozkien ardurak hartu behar dituzte lanaren eta familiaren kontziliazio-neurrietan.

Ardura sozialaz hitz egiten dute, halaber, COVID-19aren inguruan egin dugun dosier berezian Alvaro Beñaran psikomotrizistak eta Josune Martirena psikologoak. Hala dio lehenak: “Hemen arazo komunitario bat dago, eta horri ere heldu egin behar diogu: nik nirea bideratu dut, orain has gaitezen komunitate mailan pentsatzen".Ez dezagula beste konfinamendurik behar irakaspenak gogoan izateko!