Nerea Mujika Ulazia | GEREDIAGA Elkartearen presidentea 

Durangoko Azokak aurten ere Ikasle Egunarekin zabalduko ditu ateak. Goizeko 10:30erako Euskal Herri osoko ikastetxe desberdinetatik datozen milaka ume egongo dira Landako Guneko ateetan, Azokak ateak irekiko zain. Zabaldu eta hasiko da festa: stand-ak begiratu, liburuak eta diskak ukitu, gune desberdinetako tailerretan parte hartu, ogitartekoa jan, ikuskizunak, kontzertuak,... autobusa eta etxera buelta.

Ume eta gaztetxo horientzat Ikasle Eguna izan ohi da Durangoko Azokarekin duten lehen harremana eta zenbaitentzat, ikastetxetik kanpo edo aisialdi modura euskal kulturarekin duten harreman gutxietako bat ere hauxe da. Bisita honetan, hartzaile izateaz haratago, euskal kulturaren eroale eta transmisore bihurtzen dira, Azokatik bueltan, ikusi eta jaso duten hori elkarbanatuko dutelako beraien etxeetan, gurasoekin, familiarekin.

Etorkizuneko irakurle eta zaleek haien lehen kontaktua dute Azokarekin, eta behin Azokara datorrenak errepikatu egiten du.

Ume horietako batek bere gurasoak erakarriko ditu hurrengo urteko Azokara eta euskal kulturara hurbilduko ditu; beste bat, nerabezaroan itzuliko da lagunekin Ahotseneako kontzertuak ikustera eta Kabi@n aurkezten diren kultura digitaleko azken berrikuntzak ezagutzera, edo urte batzuk beranduago bikotearekin gabonetarako opariak erosi eta Szenatokiko antzerki bat edo Irudieneako filme bat ikustera. Izango da koadrilarekin Landakotik buelta bat eman, aurkezpenen bat ikusi eta Plateruenako gaueko kontzertuetara etorriko denik, edo umea zela bere lehen Durangoko Azoka hartan bizitutakoa bere seme-alabek ere bizitzea nahi duena eta familian Saguganbarara joango denik.

Eta ume horietako bakoitza Azokara itzuliko da, behin, hiru, edo hamaika adiz. Durangoko Azoka bakarra izanik, bizitzeko modu asko daudelako, DA! asko dira.

Baliteke, ume horietako bat etorkizunean Azokaren beste aldera itzultzea: bere liburua edo diska sinatzera edo bere proiektua taularatzera. Durangoko Azokak, gaur hartzaile dena bihar sortzaile izatea ahalbidetzen du. Eta hori gertatzen denean, zoragarria da, guztiak zentzua hartzen du, eta sormenaren gurpila martxan jartzen da.

Durangoko Azokaren balio inmaterialaz hitz egiten dugunean, Euskal Kulturaren transmisioan betetzen duen papera nabarmendu behar dugu. Azokaren barruan, Ikasle Eguna estrategikoa da, belaunaldi berrietako euskaldunek parte hartu eta parte eman dezaten nahi dugulako. Izan ere, sormenaren lurraldeari bizia emango dioten zale berriak, sor-tzaile berriak eta eragile berriak nahi ditugu, kulturaren plazaz gozatzen eta gozarazten jarraitzeko.