Berebiziko garrantzia du haurrei etxeko ekonomia modu egokian antolatzeko tresnak eskaintzeak. 

 

Berebiziko garrantzia du haurrei etxeko ekonomia modu egokian antolatzeko tresnak eskaintzeak. Gerora arduraz jokatuko badute, oso garrantzitsua da beharraren eta nahiaren arteko aldea ezagutzea, etxeko gastuen berri izatea eta aurrezten ikastea.

 

Kontsumobide, Kontsumoko Euskal Institutua, haurrei eta gazteei etxeko ekonomia kudeatzen ikasteko tresnak eskaintzeko lanean aritzen da. Hango kide da Ibon Rodriguez, eta etxeko ekonomia egoki kudeatzeko zer egin daitekeen izan du hizpide.

 

Helduen ardura izaten da etxeko ekonomiaren kudeaketa, baina garrantzitsua al da haurrek eta gazteek ere horretan parte hartzea?

Oso garrantzitsua da, bai. Horrela, finantza trebetasunak garatzen lagunduko diegu, eta ekonomiari buruzko ikuspegi zehatzagoa izango dute etorkizunean, ziur aski. Parte hartzea adinaren araberakoa izango da, jakina, baina DBHn, esate baterako, interesgarria da zergak, aseguruak eta ohiko banku eragiketak zein diren ezagutzea.

 

Zer ikasi beharko lukete txiki-txikitatik?

Gastuen antolaketa egokia egiteko, oso garrantzitsua da beharraren eta nahiaren arteko aldeaz jabetzea. Jakin behar dute etxean badirela beharrezkoak diren gastu finko batzuk: etxea bera, gasa, berogailua, argindarra, ura… Noizbehinka sortzen zaizkigun gastuak zein diren ere jakin behar dute, eta baita inurri gastuak deritzenak zein diren ere: aintzat hartzen ez ditugun gastu txiki horiek guztiak, alegia. Ez zaigu iruditzen horietan diru asko xahutzen ari garenik, baina, guztia batuz gero, gastu handia izaten da. Adibidez, egunero etxetik kanpo kafe bat hartzen baldin badugu, zenbat gastatzen dugu kafetan hilabeteren buruan? Eta ume batek egunero goxoki bat erosten baldin badu? Gastu horiek beharrezkoak al dira? Txikitatik bereizi beharko genituzke beharrezkoak diren gastuak eta beharrezkoak ez direnak.

 

Eta ohitura onak hartzea da gakoa, beharrezkoak diren horietan murrizketak egiteko edo horiek kontrolatzeko?

Bai. Adibide bat jartzearren, jakin behar dute, ura iturritik ateratzen den unean bertan ordaintzen ez baduzu ere, kontsumitutako ur hori ordaindu egin behar dela gerora, eta etxean berogailua jartzeagatik ordaindu egin behar dela. Gastu horiek aintzat hartzen badituzte, kontsumo jasangarri baten aldeko urratsak egiten has gaitezke. Izan ere, garrantzitsua da jakitea gasa ordaindu egin behar dela, baina jakin behar dute, baita ere, gasa ez dela amaiezina.

 

Garrantzitsua al da haurrak eta gazteak aurreztera animatzea?

Oso garrantzitsua da. Gizarteko kontsumo ereduak etengabeko kontsumoaren alde egiten du, baina gure etxeko ekonomia, haurrek duten dirua eta munduak dituen bitartekoak ez dira mugagabeak; mugatuak dira. Hori dela eta, dutena ongi erabiltzen ikasi behar dute, bai eta haien kontsumo ereduak zer-nolako eragina duen ikusten ere.

 

Eta zer egin dezakegu etxeko ekonomia egokiro kudeatzeko?

Kredituak murriztu behar dira, eta beharrezkoa dena eta beharrezkoa ez dena bereizi, noizbehinkako gastuak zein diren identifikatu, eta gure kontsumo ereduak eragiten dituen ondorioak zein diren aztertu. Umeek jakin behar dute gurasoek egunero etxetik kanpo lan egitearen truke jasotzen duten dirua ez dela amaiezina; hortaz, gauzen prezioak ezagutu behar ddituzte: adibidez, futboleko botak behar badituzte zer alde dagoen bota arrunt batzuen eta markako beste batzuen artean. Horri buruz hausnartzera ere bultzatu behar ditugu. Kontsumo gizarteak etengabe gastatzera bultzatzen gaitu: kreditu txartelak, gauzak epeka ordaintzeko aukera… Zergak zer diren eta zergatik ordaintzen diren ere jakin behar dute; jasotzen dugun diru guztia ez dela etxera heltzen ohartu behar dute, zergak eta bestelako gastuak ordaintzera bideratzen delako.

 

Gurasoen esku dago, beraz, etxeko ekonomiari buruzko ezagutza transmititzea; baina egin al daiteke ezer eskolatik ere?

Eskolak etxean egiten dugun lan hori osa dezake, baina, etxean dirua eta janaria xahutzen ari bagara, adibidez, ezin dugu pentsatu eskolak dena konponduko digunik.

 

 


50/30/20 metodoa

Aurreztea garrantzitsua den arren, hileroko diru sarrerek zehazten dute aurreztea
posible den ala ez. Badira hainbat modu aurrezteko, eta horien artean ezaguna da 50/30/20 metodoa izenez ezagutzen dena. Horren arabera, hilabeteko diru sarrerak honela antolatu beharko genituzke:

- % 50, oinarrizko eta beharrezko gastu finkoak ordaintzeko: fakturak (ura eta argindarra, adibidez), janaria, garraioa, eskolako gastuak, oinetakoak eta arropa…

- % 30, noizbehinkako gastuak ordaintzeko: aisialdia eta kapritxoak (etxetik kanpoko bazkari edo afariak, zinema, bidaiak…).

- % 20, aurreztera bideratu beharreko kopurua.

Metodo hori aplikatzeko moduan dauden familien kasuan, errazagoa izango da gastuak kontrolatzea eta aurreztea, eskuartean duten dirua modu eraginkorrean kudeatzeko aukera izango baitute.