Bidaia pedagogikoa antolatu du Hik Hasik 2026an ere.

 

Aurten Danimarkara joango gara berrikuntza, ongizatea eta konfiantza ardatz dituen eredu pedagogikoa ezagutzera.

 

Estonian izan ondoren, 2026an Danimarkara bidaia pedagogikoa antolatu du Hik Hasik bertako hezkuntza sistema ezagutzeko helburuz. Berrikuntza, ongizatea eta konfiantza oinarri sendoak dira Danimarkako hezkuntzan, eta metodologia aktiboak eta lankidetza bateratzen dituzte ikasleen ongizate emozionalari eta ongizate sozialari garrantzi handia emanez.

Ikasleak pertsona osoak eta autonomoak izatea eta haien buruaz seguru sentitzea dute helburu eta horretarako bost oinarri bateratzen dituzte: ikasleen ongizatea; hezkuntza inklusiboa; berrikuntza pedagogikoa; irakasleen formazioa eta haienganako konfiantza, eta antolaketa deszentralizatua eta komunitatearen parte hartzea.   

Danimarkako ikastetxeek inklusioarekin konpromiso handia dute. Sistema deszentralizatua denez, autonomia handia dute eta komunitatearen parte-hartzea aktiboa da. Barne Produktu Gordinaren % 5,3 hezkuntzara bideratzen du Danimarkak.

Bidaia 2026ko apirilaren 6tik 11ra bitartean izango da eta hezkuntza arloko erakundeak zein ikastetxeak bisitatzeko aukera izango da.

 


Informazio praktikoa

· Bidaiaren iraupena: 2026ko apirilaren 6tik 11ra.

· Izen-emateko epea: 2026ko urtarrilaren 23ra arte.

· Kopenhagen ikusiko eta bisitatuko ditugun instituzioak eta ikastetxeak:

· Danimarkako Haur eta Hezkuntza Ministerioa.

· Kopenhageko Udala - Haur eta Gazteen Administrazioa.

· Kopenhageko Unibertsitate Eskola.

· Haur eskola.

· Ikuspegi eta ezaugarri desberdinetako hainbat folkeskole (erreferentzia den eskola publiko daniarra).