Umea jaiotzea pozarekin, zoriontasunarekin lotu ohi dugu, baina emakumearen bizitzan eta gorputzean lurrikara eragin ohi duen une horrek ez du beti zoriona ekartzen. Hainbat emakumek erditze osteko depresioa izaten dute, tristurak eta antsietateak biltzen ditu eta egoera berriari aurre egin ezinik sentitzen dira. 

Erditze osteko depresioa existitzen dela jakin badakigu, baina zer den edota zergatik sortzen den ezezaguna da askorentzat. Julene Armendariz, pedagogoa eta terapeuta perinatala da eta erditze osteko depresioa zer den azaldu du: “Gogo-aldartearen nahasmendua da eta erditu ondoren eragin diezaieke emakumeei. Tristura, antsietatea eta neke handia izatearen sentimenduak izan ditzakete, eta horrek eguneroko zereginak egitea zaildu diezaieke, baita euren burua edota haurra zaintzea ere”.

Haur jaioberriek hogeita lau orduz behar dute arreta, eta, hori kontuan izanda, normala da amak nekatuta eta batzuetan jota sentitzea. Amak muturreko emozioak bizi izan ohi ditu erditu ondoren, oso modu sutsuan: poza, irrika, beldurra, zalantza, nekea… Baina bereizketa egitea ezinbestekoa dela dio Armendarizek: “Erditu ondoren nekea edota tristura sentitzea eta erditze osteko depresioa bereizi behar ditugu. Erditze osteko depresioan bizipen horiek biziagoak dira eta denboran luzatzen dira. Normalean emakumea ez da hobeto sentituko dagokion tratamendua hartu arte”.

Haurdunaldian eta erditzean bezala, emakumea oso zaurgarria da erdiondoan ere. Haurra jaio ondoren aldaketa hormonal, biokimiko, psikologiko eta sozialek bere bidea jarraitzen dute, intentsitate handiko aldaketak dira eta horrek nahasmendu psikikoa sor lezake. Emakumeak bizitzen ari den egoera horri aurre egiteko gai ez dela senti dezake. Presioa, estresa edota tentsioa oso kaltegarriak dira garai horretan amarentzat zein ume jaioberriarentzat.

Armendarizek azaldu du pandemia garaian gora egin zuela erditze ondoko depresioa izan zuen emakume kopuruak: “Pandemia garaian erdiondoko depresioen kopurua hirukoiztu egin zen. Eta, orain, pandemia garaian ez bagaude ere, gizartean eta osasun sisteman izan zuen eraginak bizirik jarraitzen du eta emakumeok ondorio horiek pairatzen ditugu. Osasun sistemak ez du jakin izan haurdunaldian, erditzean eta erdiondoan amen eta umeen osasun mentala zaintzen. Protokoloak estutu dituzte eta biolentzia obstetrikoa areagotu da. Horrek eragin zuzena du amaren osasun mentalean, eta, ondorioz, erdiondoko depresioaren agerpenean”.

Haurrarengan izan ditzakeen ondorioak
Erditze osteko depresioa duten emakumeen seme-alabek garunaren funtzionamenduan aldaketak izaten dituzte, eta, horren ondorioz, gerta liteke aurrerago arazo emozionalak eta portaera-arazoak izatea. Armendarizek zehaztu du horren arrazoia: “Hori gertatzen da, egoera depresiboak amek euren umeei erantzuteko duten gaitasunari eragiten diolako. Deprimituta dauden amek zailtasunak dituzte haurrarekin lotura sortzeko eta haurraren seinaleei erantzuteko. Haurrek estres handiz bizi dute egoera eta horrek garunean eragiten du zuzenean. Kronikoki deprimitutako guraso batek hazitako haurrak bizitza osorako ondorioak izan ditzake hainbat autorek diotenez”. 
Arazoak irtenbidea du, ordea: “Lehen ez zegoen jakiterik amaren erditze osteko depresioaren tratamenduak aldaketa horiek lehengoratu zitzakeen ala ez. Orain, berriz, badakigu baietz. Ikerketa batean argi ikusi zuten amak tratamendua eta laguntza jaso dituen kasuetan, haurraren aktibitate neuronala normalizatu egin dela, erdiondoko depresiorik izan ez duten amen haurren mailara iritsi arte”.

Detekzio goiztiarra, gakoa
Erditze osteko depresioaren iraupena aldatu egiten da kasuaren arabera, baina garaiz atzematea da gakoa: “Sintomak lehenbailehen identifikatzeak eta emakumea tratatzen hasteak berebiziko garrantzia dute. Pediatrek horretarako aukera itzela dute. Izan ere, gurasoek haur jaioberriak sarri eramaten dituzte osasun zentroko errebisioetara, eta pediatrek aukera hori balia dezakete amari zer moduz dagoen galdetzeko, eta depresio zantzurik ba ote duen ikusteko. Behaketa hori haurrak hiru urte bete arte egitea aholkatzen dute Ameriketako Estatu Batuetako pediatrek. Izan ere, erditu eta hiru urteren tartean azalera ditzake emakumeak sintoma depresiboak ikerketa batek ondorioztatu duenez. Beraz, erdiondoko depresioa ez da erditu eta ondorengo egunetan soilik atzematen den zerbait, hurrengo hiru urteetan azaleratu daitekeen desoreka baizik”.

Edozein emakumek izan dezake erditze osteko depresioa, baina badira arrisku taldean kokatzera bultzatzen duten hainbat faktore. Besteak beste:
- Haurdunaldian zehar, edo haurdunaldia baino lehen, depresioak edo osasun mentalari dagozkion arazoak izatea.
- Haurdunaldian, erditzean edota erdiondoan estresa, tentsioa eta presioa bizi izana.
- Biolentzia obstetrikoa bizi izana.
- Bakarrik, bikotekide edo familiaren babesik gabe sentitzea.
- Sozialki, ekonomikoki edota familiari dagokionez egoera zaurgarrian egotea.

Prebentzioa eta esku-hartze goiztiarra gakoak dira, amaren eta haurraren osasun mentala zaintzeko eta, beraz, erditze osteko depresioa saihesteko.

Haurdunaldian eta erditzean tratu humanizatua izatea, amaren beharrak, erritmoak eta prozesuak errespetatzea eta zaintzea ezinbestekoa da, kasu guztietan, baita erdiondoko depresioaren prebentziorako ere: “Beharrezkoa da haurra jaiotzen den unean bertan amarekin, azala azalarekin kontaktuan jartzea, lasaitasunean, estres fisiologiko guztia lasaitzen joan dadin eta bien arteko atxikimendua indartzen has dadin. Horrek edoskitzea ahalbidetzen eta errazten du. Amagandiko edoskitzea, adibidez, modu zuzena da estres toxiko goiztiarra gutxitzeko. Hainbat ikerketek erakutsi dutenez, amagandiko edoskitzeak haurren ongizate fisikoa eta mentala areagotzen ditu. Amak haurraren seinaleei modu sendoan erantzuten dienean, seme-alabengan erresilientzia iraunkorra izateko eszenatokia prestatzen du. Bularra ematean amak haurraren seinaleei ematen dien erantzuna berez sortzen da eta horrek eragin zuzena du haurraren osasun mentalean”.

Bestalde, erdiondoan beste ama batzuekin egotea, haziera edo edoskitze taldeetan, esaterako, oso onuragarria da. Amen antsietatea eta bakardade sentsazioa gutxitzen dira, eta ongizate maila altuagoa bizitzen dute.

Amek epairik gabeko espazioak behar dituztela dio Armendarizek, tribuan partekatzeko espazioak: “Amok espazio seguruak behar ditugu, bizitzen ari garen prozesuak beste amekin, beste familiekin eta profesionalekin partekatzeko. Epairik gabe. Tribuan. Gure barne munduan mugitzen ari den hori guztia azalera dezakegun espazio bat behar dugu, besteak bizitzen ari direna entzuteko eta behar dugun sostengu emozionala jasotzeko. Hori da benetako prebentzioa, eta instituzioek egoera horiek posible egiteko ardura hartu beharko lukete. Zorionez, udal batzuk ildo horretan lanean ari dira jada. Bejondeiela! Ea pixkanaka aukera horiek geroz eta errealagoak diren”.


Erditze osteko 
depresioaren 
ezaugarriak:


- Tristura, antsietatea edo barne-hutsune handia bizitzea.
- Suminkortasuna.
- Erruduntasun sentsazioa.
- Ezintasuna, itxaropenik eza.
- Ezer egiteko gogorik eza eta interes falta.
- Energia gutxi eta gehiegizko nekea.
- Gehiegizko urduritasuna.
- Kontzentratzeko, gauzak gogoratzeko edo erabakiak hartzeko zailtasunak.
- Lo egiteko zailtasunak edo lo gehiegi egitea.
- Apetituan edota pisuan aldaketa handiak.
- Gorputzeko molestiak edo minak.
- Haurtxo jaioberriarekin lotura emozionala sortzeko arazoak.
- Haur jaioberria zaintzeko gaitasunari buruzko etengabeko zalantzak.