Kalitatezko denbora saldu ziguten. Etiketa ederra da. Baina ze paradoxa, denborak erakutsi du “kalitatezko” etiketa hori makillaje hutsa dela. Etiketa horrekin justifikatu nahi dela gurasoek, amek eta aitek, denbora eskasia dutela seme-alaben-tzako. Halabeharra balitz bezala. Patua. Lanak uzten dizkigun denbora apurrak zukutu egin behar ditugula seme-alabekin gaudenean, kalitatezko izango bada denbora hori. Agian batzuen lasaitasunerako justifikazio gisa balio du pentsatzeak haurrekin egunean pasatzen duten ordu betea / ordu parea aski dela haurren beharra asetzeko. Baina inori mesede egiten badio etiketa horrek, justifikazio horrek, hori sistemari da, ekoizpenean oinarrituriko sistemari, hari berdin baitio, ugaria den bitartean, kalitatezkoa ez izatea lanerako /produkziorako hartzen dugun denbora. Eta kondarrak zaintzarako.

Baina haurrak denbora behar du. Arreta behar du. Zaintzeko denbora behar da. Etiketarik gabeko denbora. Benetako denbora. Arreta eta presentzia.

Lerro artean horixe azaldu digute 30. HAZI HEZI honetan Maria Montessoriri buruzko Gai Nagusian Malen Olalde Aiurri eskolako irakasleak, edo Sara M. Sanabria psikologoak Diziplina Positiboari buruz eginiko Elkarrizketan. Izan ere, mende bete duten hezkuntza- eta psikologia-korronte horiek, haurraren errespetua oinarrian dutenek, denbora eskatzen diote helduari, behatzeko, beharrak identifikatu eta asetzeko, zaintzeko eta hezteko; zigorraz, xantaiaz edota sariez baliatu gabe haurrekin erlazionatzeko denbora behar da. Heziketa epe luzeko bidaia da, ez goizetik gauera emaitzak ematen dituen metodoa.

Sormenaz Oihane Ruiz Menendez arkitektoarekin eginiko elkarrizketan ere denbora aldarrikatzen du haurrentzako, eta zaintzarako: “Zuk umeei ez badiezu autonomia ematen ez dute garatuko. Espazioa eta denbora behar dute autonomia lantzeko, garai bakoitzean beren neurrian“. Denborarik gabe ez dago autonomiarik.

Eta denbora, arreta eta presentzia da. Eta horrekin marabillak egin daitezke, Imanol Mercero haur literaturako adituak dion eran. “Umeak eskatzen duena ez da gauza handia: bere ondoan egotea ordu laurden bat [helduak irakurtzen diola]. Hori egiten badugu, marabillak lor daitezke. Eta guk geuk ere, nekea eranzten dugunean, ez al dugu gozatzen?”

Gizarte produktibo honen lexikoa erabiliz, haurrei denbora eskaintzea da egin dezakegun inbertsiorik onena.