ESKOLAZ KANPOKO JARDUEREN HIPERPROGRAMAZIOAZ MINTZO DIRA ZENBAIT ADITU. AISIALDIKO EKINTZAK EGOKIAK IZAN DAITEZKEELA USTE DUTE, BAINA ARAZOAK SOR DAITEZKEELA PROGRAMAZIO HORI ASTUNEGIA ETA GEHIEGIZKOA DENEAN, HIPERANTOLAKETA HORREK UMEEN HAZKUNTZA- ETA BIZITZA-PROZESURAKO UNE INFORMALEN GALERA EKAR BAILEZAKE.
Eskolatik atera eta arrapaladan ingelesera joaten da haur asko, edo musika-eskolara edo futboleko entrenamendura, edo... hamaika aukera daude haurrentzat, nerabeentzat zein haien familientzat arratsalde osoak “okupatuta” pasatzeko. Sarri, beste horrenbeste gertatzen da asteburuetan ere. Kasu askotan, eskola kirola tarteko, haurrak hartu eta batetik bestera ibili ohi dira familia ugari: orain pilota, gero futbola, hurrena errugbia edo eskubaloia... eta oporraldietara ere luzatzen da programatutako jardueren zerrenda hori.
Ez. Ez da haur eta nerabeen beharra goitik behera hain egituratuta dagoen aisialdia edukitzea. Adituek argi diote hori. Baina izenari erreparatuz libre behar lukeen denborak, ezer gutxi du libretik kasurik gehienetan. Familia askori, ordea, ez zaio beste erremediorik geratzen: haurrek eskolatik kanpo igarotzen dituzten ordu horietan guztietan, zer egin seme-alabekin? Nor arduratuko da haien zaintzaz? Gainera, bizitzan aurrera egingo badute ez ote zaie komeni honetan eta hartan forma-tzea? Eta, hortaz, zergatik ez erabili aisialdia eskolako jarduna osatzeko edo kirola egiteko edo hizkuntzetan trebatzeko?
Bigarren eskolaldiaz edota jardueren hiperprogramazioaz mintzo dira aditu zenbait. Horietako bat da Asier Huegun EHUren Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakaslea. Neurrian, aisialdiko jarduerak egokiak izan daitezkeela dio, baina arazoak sor daitezkeela eskolaz kanpoko programazio hori astunegia eta gehiegizkoa denean. Huegunen esanetan, hiperantolaketa horrek une informalen galera ekar lezake: “Umeen hazkuntza- eta bizitza-prozesurako ezinbestekoak diren une informal horiek desagertzeko arriskuan daude. Eskolaz kanpoko jardueren neurriz kanpoko programazioak ekarri du hori. Eta ez die inondik ere haur eta nerabeen premiei erantzuten. Haien beharra ez delako arratsalde, asteburu eta oporraldi osoak jarduera batetik bestera pasatzea, baizik eta behar hori askoz ere esperientzialagoa da, bizitzarekin loturikoagoa. Haur eta nerabeek denbora behar dute lagunekin ibiltzeko, aspertzeko, asma-tzeko, patxadan egoteko...”.
Patxadarik gabe, ekintza batetik bestera zalapartaka, jarduera bat amaitzerako bestea hasteko presaka... ibiltze hori gaur egungo gizartearen isla dela uste du irakasleak; Zygmunt Baumanek ‘likidotasun’ gisa definitu zuen horren ispilu: “Uneoro jardueretan, ekintza batetik bestera saltoka ibiltzeko behar hori gaur egungo bizimoduaren ondorio da, geratu eta norbere buruari edo seme-alabei benetan zer egin nahi duten galdetzeko sosegurik gabe”.
Etengabeko estimulazioa behar du haur askok ez aspertzeko, eta uneoro entretenituta egoteko. Likidotasunarekin eta kanpotik betebehar edo presio gisa datorren zerbaitekin lotzen du hori ere Huegunek. “Askotan txotxongiloen pare ibiltzen gara batetik bestera, egiten ari garen horretan arreta jarri gabe, zentzurik eman gabe, eta trinkotasunik gabe”. Ezin uka daiteke askotan ingurukoak joaten direlako joaten direla haur asko eskolaz kanpoko ekintzetara. Presio soziala ere badago, bakarra izan daitekeelako norbere haurra eskolaz kanpoko jarduera antolatuetan parte hartzen ez duena.
Negoziazioa eta mugak
Egora horren guztiaren aurrean, hausnarketa behar dela uste du Huegunek, eta gurasoen nahiz seme-alaben arteko negoziazioa, eskolaz kanpoko denbora logika baten baitan egituratzeko. Zentzu horretan, mugak jartzearen aldekoa da irakaslea, beti ere seme-alabak babesteko eta beste era bateko esperientziak bizitzeko aukera eskaintzeko: “Hau ezin da izan Eurodisney. Zertan parte hartu nahi den eta zertan ez erabaki behar da. Zein da ekintza batera joateko irizpidea? Laguna ere badoala? Ikusi behar dugu gure seme-alaben nahi edo eskakizun horien atzean zein arrazoiketa eta motibo dauden”. Izan ere, irakasleak uste du antolatuak ez diren uneak ere behar dituztela umeek euren garapenerako eta hori ere bada denbora libreko ekintzak mugatzeko arrazoietako bat.
Aisialdiarekin loturiko emozio orokorra positiboa izatea inportantea den arren, denak ezin du izugarrizkoa izan beti
Asier Huegun
EHUko irakaslea
Konpromisoa da denbora libreko ekintzetan parte hartzeko orduan kontuan izan beharreko beste ezaugarri bat, Huegunen iritziko. Azken urteetan ohikoa bilakatu da, zerbaitetan hastea, probatzea, saioren bat egitea... eta gero ikustea haurrak jarraitu nahi duen edo ez. Alegia, askotan ez dago jarraikortasunik egiten den horretan. Irakasleak aipatzen duen legez, “desapuntatzea” aditza asmatu dugu, eta horrek ere bete-betetan du zerikusia likidotasunarekin, batetik bestera ibil-tzearekin, orain hau eta gero bestea egitearekin... baina seriotasunik edo sendotasunik edo zentzurik... gabe. “Esperientzia oso-oso txarra baldin bada, uler daiteke zerbait uztea; baina inondik inora ere ez kapritxo baten ondorio bada”, gehitzen du pedagogoak. Izan ere, zenbait autoreri jarraiki, irakasleak esplikatzen duen eran, gaurko gizartean sarri nahastu egiten dira aisialdia eta hedonismoa. “Batzuetan gustura joan-go zara jarduera batera, eta beste zenbaitetan ez hain gustura. Baina bizitza horrelakoa da. Gaur egun badirudi denak izan behar duela oso ondo pasatzea. Eta aisialdiarekin loturiko emozio orokorra positiboa izatea inportantea den arren, denak ezin du izan izugarrizkoa beti”.
Gainera, konpromisoarekin lotuta, beste gauza bat ere gertatu ohi da. Eskola-kirolean, adibidez, kirol bat baino gehiago egitera derrigortuta egon ohi dira haurrak. Askok futbola egin nahi izaten dute, baina besterik ez, eta beraz, futbola egiteko tarterako soilik hartzen dute konpromisoa, eta aldiz izena emanda egon arren, beste kirolei ezezkoa ematen diete, haiek probatzeko aukera euren buruei murriztuz eta beste kirolak gogoko dituzten kideei haiek egitea eragotziz.
Denbora libreko ekintza antolatuak familian adosterakoan, beste muga bat ere egon liteke Huegunek adierazitako eran: ekonomikoa, hain zuzen. Gutxi hitz egiten den arren eskolaz kanpoko jardueren kostuaz, asko garestiak izan daitezke familia ugarirentzat. Eta horrekin loturik beste arazo bat ere sortzen da: segregazioarena. Iñaki Alonso Save de Children-eko EAEko koordinatzaileak 233. hik hasi aldizkarian dioen moduan, denbora libreko eremuan sozializatzeko jokamolde jakin batzuk daude ezarrita eta horrek eragin zuzena du familiengan eta horietako umeen gizarteratzean. “Aisialdia erabat kontsumoari eta espazio zehatz batzuei dago lotuta, eta ondorioz, familia batzuk eta horietako kideak denbora libreko zirkuitu arrunt horretatik kanpo geratzen dira. Kirola egitea bezalako jarduera arrunt batean, esaterako, klubek gero eta kuota altuagoak ezartzen dituzte, eta familia askok ezin dituzte ordaindu. Baina beste hamaika adibide ere jarri ahalko nituzke. Kontua da aisialdirako ohiko bideak ezin dituztela erabili, eta, etengabe, sozializaziorako esparrua murrizten ari zaiela”. Eta, gainera, Huegunek aipatzen duen eran, maila sozioekonomiko baxua izatearen estigma erantsi behar zaio horri guztiari.
Une informalak beharrezko
1989an Nazio Batuek egindako Haurren Eskubideen Hitzarmenean, 31. artikuluan, haurrei aitortu egiten zaie atsedenerako, aisialdirako eta jolaserako eskubidea. Eta eskubide hori, haurrak eskolatua izateko duenaren maila berean kokatzen da, gainera. Francesco Tonucci pedagogo sonatuak dioenez, haurrek modu askean eta espontaneoan ibiltzeko premia dute: “Gurasoei gomendatu behar genieke egunean gutxienez pare bat ordu uzteko euren seme-alabei helduen kontrolik gabe jolasean euren lagunekin”.
Pedagogoak eransten duenez, garai batean haurren denbora banaketa nabarmena zen. Alde batetik, derrigorraren denbora zegoen, eskolako tartea eta etxeko lanena. Bestetik, berriz, plazerarena eta jolasarena: denbora librea. Azken aldian, ordea, haurren denbora librea erabat eraldatu da, eta kaleari, plazari, kanpoko bizitzari beldurra zaionez, haurrei gero eta gutxiago ematen zaie etxetik kanpo euren kideekin eta euren kasa ibiltzeko aukera. “Kalera jaitsi, lagun bat bilatu, jokoa eta arauak adostu eta ondoren jolastu; edo natura aztertu, objektuei begiratu; helduen jarrerak behatu eta kontuak atera; beraien indarren pareko arriskuak hartu eta oztopoak gainditu, gatazkei aurre egin eta konpondu; etxera nekatuta bueltatu, beharbada lokaztuta, asaldatuta, gurasoek jakin ezin ditzaketen kontuak kontatzeko irrikaz. Haurrek hiruzpalau urtetik aurrera bizi behar lituzkete era horretako esperientziak. Edonondik begiratzen diogula ere, bizipen horiek oinarrizkoak direlako haurraren garapenerako. Gaur egun, ordea, mutilak hamar urtetik aurrera ekingo dio bide horri eta neskak, beharbada, beranduago, garapen kognitibo eta sozialaren aroa aspaldi burutu denean”, argitzen du Tonuccik Haurren Hiria liburuan.
Huegunek ere bat egiten du gogoeta horiekin. Eta, hain zuzen ere, bere iritziz, aisialdiak gaur egungo gizartearen joera nagusiei kontrapisua egiteko aukerak ematen dituen denbora eta espazioa eskaini beharko luke. Batetik, irakaslearen hitzetan, taldean egiteko zerbait litzateke, kideekin partekatzeko momentu bat —izan gazteagoekin, adin berekoekin nahiz nagusiagoekin—. Beraz, batetik, taldetasunaren garrantzia azpimarratzen du. Bestetik, berriz, Huegunek ikuspegi soziala ere oso kontuan hartu beharko litzatekeela dio. “Iruditzen zait gaur egungo aisialdiak jardueretan soilik pentsatzen duela; ekintza hau edo hori egitean. Eta hori ondo dago, baina, horrekin batera galdetu behar genuke gure denbora librean egiten ditugun ekintzek zer ekarpen egiten dioten herriari”. Izan ere, Huegunen aburuz, John Dewey pedagogoak zioen bezala, aisialdiak pertsonarengan arrasto eraikitzaileren bat utzi behar du, ez hedonismoari edo momentuko plazer-sentsazioari lotuta bakarrik, baizik eta garapen pertsonalerako aukera ematen duen zerbait bezala: “Haur edo gazteak sentitu behar luke bere sakonenean denbora librean egin duen horretatik pertsona bezala hobea izateko eta bizitzan aurrera egiteko zerbait ikasi duela”. Garapen pertsonala eta garapen kolektiboa aldi berean uztartzen dituen denbora libreaz ari da Huegun. Gainontzean, arriskua egon bailiteke aisialdia gaur egungo gizarteko joeren ispilu izatekoa: kontsumoarena, likidotasunarena, hedonismoarena, abiadurarena, ekintza batetik bestera zentzurik gabe saltoka ibiltzearena, etab.
Elkarren zaintzarako sareen premia
Haur, heldu, familia... bakoitza bere etxeko gotorlekutik isolaturik jarduteak ere ez du laguntzen, Huegunen ustez, denbora libre osasuntsu bat egituratzen. Nabarmena baita, haur asko hizkuntza-eskolara, musika-eskolara, eskola-kirolera, bertso-eskolara, antzerki-eskolara... apuntatzen direla beste inon eta beste inorekin egoteko aukerarik ez dutelako. Sarri, familiak, edo guraso-haurrak, bakarrik daude, inolako harreman- edo laguntza-sarerik gabe. Zentzu horretan zaintza erdigunean jarri duen feminismoari egiten dio erreferetzia irakasleak, uste baitu herrietan zaintza-sare sendoak egituratzeak haur eta gazteen haziera eta heziketari mesede egingo liekeela eta baita guraso zein familien egunerokoari ere. Eta Carolina del Olmo filosofoaren eta ¿Dónde está mi tribu? liburuaren egilearen hitzak dakartza gogora, 15. Hazi Hezi aldizkarian egindako elkarrizketa nagusitik: “Nire ustez, gaur egungo gizartearen erronka handia elkartasun eta senidetasun modu berriak bilatzea da. Ez dugu tribua behar seme-alabak hazteko soilik, tribua behar dugu gauza guztietarako. Niretzat egokiena ez da hazierarako sare bat jostea, edo hezkuntzarako sare bat, edo behar zehatz batzuetarako sare zehatz batzuk sortzea. Niretzat egokiagoa da senidetasun harremanak berreskuratzea. Badakit senidetasuna ez dagoela modan, baina berreskuratu beharko genuke kontzeptu hori”.