ARATZ VITORIA PORRAS GASTEIZKO EKIALDEA INSTITUTUKO 2. BATXILERGOKO IKASLEA

Egunak 24 ordu ditu, eta, horien artean, 7 ikastetxe barruan igarotzen ditugu. Nire institutuan, 8:00etan puntu-puntuan ateak ixten dituzte, eta 14:55 arte ez dituzte irekitzen, patiora ateratzeko izan ezik. Etxera heldutakoan, segituan bazkaldu eta korrika eta presaka Matematikako errefortzu saioetara joaten naiz astelehen eta ostegunetan; ondoren, etxera itzuli ikasten jarraitzeko. Astearte, ostegun eta ostiraletan, bizikleta hartu eta errugbian entrenatzera joaten naiz Gasteizko beste puntara. Itzuli, afaldu eta, esan bezala, ikasten jarraitzen dut. Asteburuetan, aldiz, partidua izan ohi dut, eta larunbat arratsaldeetan lagunekin irteteko aprobetxatzen dut. Kontuak eginda, esan daiteke egunero 10 ordu inguru igarotzen dudala liburuen artean, eta, asteburuetan, berez nire aisialdian, 4-5 ordu. Honelakoa da Batxilergoko bigarren mailako 17 urteko gazte arrunt baten bizitza. Hori guztia eramangarria da normalean, azterketa garaia heltzen den arte, hau da, hilabetean behin. Martxoko ebaluazioan, gainera, ebaluazio hori garrantzitsuena dela entzuten egon gara; notak igotzea komenigarria dela behin eta berriz entzuten dugu, hurrengo urtean nahi dugun graduan edo unibertsitatean sartzeko. Nire kasuan, batxilergo soziala egiten dut, eta oraindik ez dakit zer ikasi nahi dudan, baina lehenbailehen erabakitzea komeni zait, gutxieneko nota zein den jakiteko. Gauzak horrela, inoiz baino gehiago ikasteko unea heldu da, ikasturtea amaitzeko gutxi geratzen zaigulako. Ondoren, selektibitatea. Bai, Selektibitatea, Euskal Herriko zein Estatu osoko gazte guztion ikara: ikasturte osoan zehar emandako ikasgai guztien azterketa. Heldu gutxik imajinatu dezakete zer-nolako presioa pairatzen dugun ikasleok garaiotan, “titulitisak” jota gaudela aintzat hartuta. Duela bi urtetik hona, COVID19ak gazteon bizitzak hankaz gora jarri ditu, arlo sozialean zein hezkuntza esparruan. Aldaketarako behar horrek eredu berrietara egokiarazi gaitu, nahi eta nahiez. Garai latzak bizi izan baditugu ere, nire irudiko, gazteon indarrak eta aurrera egiteko gaitasunak nagusitu dira. Konfinamenduaren osteko garaien ondoren, gazteok jakin izan dugu alaitasunez berriro elkartzen, kaleak berreskuratzen eta gure proiektu komunitarioak garatzen. Eta hori guztia errealitate bihurtu ahal izateko, ezinbesteko zaigu ikasle mugimendua. Ikasgeletako ratioak jaistea, kontrol soziala desagertzea, protokolo eraginkorrak sortzea eta euskaraz ikasteko bitartekoak eskaintzea ez dira aldarrikapen hutsalak. Gure egunerokotasuna eta etorkizuna ditugu jokoan, eta eguneko 24 orduetan gainezka nagoen sentsazioa askotan izaten dudan arren, argi daukat borrokatzeak merezi duela. Nekatuta gaude entzuteaz gaurko gazteok dena daukagula eta edozer lortzeko ez dugula inolako esfortzurik egin behar, zeren gure adineko edonor jakitun da zein den aurretik daukagun panorama beltza. Beltza… Gorria… Baina alaitasunez eta kemenez beteko ditugu gure erronkak, eta amesten dugun etorkizuna ekarriko dugu gure kaleetara, ikastetxeetara, bizitzetara, bihotzetara…