Ordutegiak, oporrak, gaixoaldiak... familia eta lana uztartzeko ekilibristarena egin behar izaten dute gurasoek. Baimenak, murrizketak, telelana... irtenbide desberdinak bilatu dituzte Hendaiako gurasoek seme-alabez arduratzeko.
Hazieraz, edoskitzeaz, amatasunaz, aitatasunaz... gurasoekin elkartu eta huntaz edo hartaz hitz egiten hasi, eta berehala ateratzen da lanaren gaia hizpidera. Aitatasunasunaren erronkez hizketan hasi, eta beharra oztopo gisa ager-tzen da berehala, seme-alabekiko eta familiarekiko aitek hartu nahiko luketeen arduraren aurrean; edo lanera itzultzeko zailtasunak, lehengo erritmoak jarraitzeko ezintasunak aipatzen dituzte emakumeek… Huntaz eta hartaz hasi, eta beti lana hizpide.
Oraingo honetan beraz, lana bera gaitzat hartu eta gurasoak elkartu ditu Hazi Hezik, Hendaian. Lapurdiko kostako herrian izan da bilkura, hain zuzen ere, errealitate diferenteak ezagutzen baitituzte bertan bizi diren gurasoek, baimen, ordutegi, eskola-opor eta egutegi desberdinak baitituzte Hendaiako guraso batzuek eta besteek, Bidasoaren alde batean edo bestean lana egin.
Hendaiako Gure Ikastolaren atarian egin dugu hitzordua. Aita zenbait eta ama ugari dira txikienen zain daudenak. Jasone Irozek bi haur ditu;
Mirari Etxarrik 3 urteko alaba du; Garbiñe Darcelesek eta Natalia Latorrek bina seme dituzte; Xabi Muñozek bi seme-alaba ditu eta Idurre Eskisabel 3 urteko alabaren ama da. Parkera gerturatu, eta berehala elkartu dira Fredo Karrikaburu eta Agurtzane Lana, eta guztien seme-alabak.
Guraso guztiek moldatu edo murriztu behar izan dute lanaldia seme-alabak izan ondoren, edo aldatu dituzte lanak, edo hartu dituzte baimenak eta eszedentziak.
Hizketan hasterako, Bidasoaren alde batean edo bestean lan egiteak ekartzen dituen diferentziak agertu dira, ezberdinak baitira Hegoaldean eta Iparraldean lana eta seme-alabak kontziliatzeko neurriak. Frantziako Estatua Islandia, Danimarka, Suedia, Erresuma Batua edota Finlandiaren zaku oparoan sartzen da, bai familiek jasotzen dituzten laguntzei dagokienez, bai lan mundura inkorporatzen diren emakumeen kopuruari dagokionez ere. Herrialde horiek guztiek Barne Produktu Gordinaren %3tik gora bideratzen dute kontziliazio neurrietara. Espainiako Estatua, aldiz, lana eta familia bateragarriak egiteko politika eraginkorren zerrendan oso atzera dago. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) salatu zuen ez dagoela kontziliazioa bermatua, eta gutxiegi dela lana eta familia uztar-tzeko lagun-tzetara bideratzen den kopurua.
“Nola eginen dugu?”
Haurra jaio aurretik etorri zitzaien ia guztiei familia eta lana nola kontziliatu ahal izango zituzten galdera. Bi puntu izan ohi dira bi alorrak uztar-
tzeko zailtasunen iturburu: eskolen eta lanaldien egutegi eta ordutegien arteko inkonpatibilitateak eta haurren gaixotasunak. Ardura edo kezka handiagoz batzuek, lasaitasun handiagoz besteek, “munduan guraso guztiek egin badute, guk ere eginen dugu”, pentsatu zuen Jasonek. Baina zalantzarik gabe diote kontziliazioa gai arantzatsua bihurtu dela gaur egun.
Bateraezinak ziren lana eta familia Mirariren kasuan, senarrak eta biek hiru errelebotara egiten baitzuten Donostian lan, astegunetan zortzi orduz eta asteburuetan hamabiz, alaba jaio aurretik. Parentesi bat egin, eta denboraldi baterako berak lana uztea erabaki zuten, administrazioak haurrak zaintzeko hiru urtez ematen dituen laguntzez baliatuz. Lana uztea ez, beharrera itzultzea egingo zaiola nekeza begitantzen zaio Mirariri.
Itzulerak, ordea, baditu alderdi onak ere, soldataz beraz gain, noski. Beste gai batzuk, beste jende bat, beste leku batzuk... lanera joateak dakarren sozializazio bidea nabarmentzen dute guztiek. Jasoneren kasuan, lehen umea jaiotzean, aski fite hasi zen lanean, berak hala behar baitzuen: “Bat-batean hain aldaketa izugarria izan zen ezen nik neure burua berraurkitu behar bainuen antolaketa berrian, eta horretarako, behar nuen lanean hasi”. Baita Idurrek eta Garbiñek ere, “amaz gain pertsona nintzela oroitarazi behar nion neure buruari”. Lanez aldaturik, lanaldia murrizturik edo etxetik lan eginez, hirurek segi-
tzen dute beharrean gaur egun.
Lanera joan behar dutenek, dela lanaldi osoan edo murrizturik, hiru helduleku baliatu ohi dituzte Hendaian: haurtzaindegiak, nunu partikularra zuzenki kontratatzea edo nunuen elkartera jotzea. Haurtzaindegiak goizetik arratsaldeko 6ak arte egoten dira zabalik, eta orduka ordaintzen da, baina, usu, haurtzaindegietan ez dago ume guztiak jasotzeko adina plaza. “Umea ukan aitzin, haurtzaindegian plazarik baden begiratu behar da”, esan du irriz Fredok. Bestela nunu edo zaintzaileengana jotzeko tradizio handia dago Lapurdin. Departamentuak homologaturik dagoen nunu bat zuzenean kontratatu dezakete familiek, edo nunuen elkartera jo, eta haien etxeetan zainduko dituzte aldiko bi edo hiru haur elkarrekin. Departamentuak oso gertutik egiten du nunuen funtzionamenduaren jarraipena. Haurrak 6 urte bete arte familiak zergen araberako diru-laguntza izango dute seme-alabak nunuen edo haurtzaindegien laguntzarekin zaindu ditzaten.
Lehen semea ukaitean, nahi baino ordu gehiagoz eduki behar zuten Jasonek eta bere bikotekideak umea haurtzaindegian, bien lan ordutegiak zirela eta. “Beti azkeneraino gelditzen zen bakarra zen”. Ezin iritsia sentitzen zuen Jasonek, “beti lasterka eta beti berandu, horrek dakarren estres eta presioarekin”. Ez lanera nahi bezala ailegatzen zen, ez semearengana aski lasai. “Bertze ume bat ukaitekotan, gauzak bertze era batean egitea erabaki genuen”. Bigarrena eduki-
tzerako, lanez aldatu eta malgutasun handiagoa eskaintzen dioten bi lanaldi erdirekin osatzen du orain eguna.
Soluzioak sistematikoak ez eta indibidualak, norberak bilatu beharrekoak direlako kexu da Jasone, enpresa, oro har, ez delako moldatzen egoera berrietara, nahiz eta legez baimenak ematera behartua dagoen, eta bikotea delako, ia malabarismoak eginez, seme-alaben zaintzara eta lanera moldatu behar dena. “Neu, emaztea, izan nintzen lana aldatu behar izan zuena, ezin genuelako horrelako estresarekin”.
Emakumezkoak izan ohi dira murrizketak hartzen dituztenak, baimenak hartzen dituztenak, “ez dakit emakumezkook hartzen ditugun, edo murrizketek gu hartzen gaituzten”. ELGAren arabera, 25 aldiz gehiago dira lana uzten edo aldatzen duten emakumeak gizonezkoak baino. Alta, aita zaintzaren eta hazieraren parte sendo bilakatzeko modua dela ikusten dute eurek ere lanaldia murriztea edo baimenak hartzea. Hala egin zuen Xabik: bikotekideak eta biek txandakatu egin dituzte eszedentziak, lehenik amak hartu zuen, eta ondoren Xabik berak jarraian, seme-alabek 15 hilabeteko aldea baitute: “Lanean aukera genuen hartzeko, eta umeei kasu egitea pentsatu genuen, haiek behar zuten gu eurekin egotea”. Inguruan badituzte, ordea, aitek nahi izanagatik ere eszedentzia hartu ezin izan dutenen kasuak ere, edo hartu bai, eta ondoren lanpostua galdu dutenak. Baina baita lana umeekin ez egoteko aitzakiatzat hartu duten kasuak ere, edo gizonezkoei “deus egiten uzten ez dieten emakumeak, horrek amendako dakarren estresarekin eta bikotean tentsio iturri bilakatuz”, azaldu du Jasonek.
“Orekan dago gakoa”
“Lasterka, estresaturik, presiopean...Merezi al du egoera horretan lana egiteak?”, galdetu du Nataliak Jasoneren azalpenaren ondoren. “Oso kontu pertsonala da, baina etxetik kanpo lan egiteak estresatua ibiltzea eta bizi-kalitatea galtzea esan nahi badu, merezi al du lan egiteak? Dirua beharrezkoa da, ezinbestekoa, baina zaintzailea hartzeak, edo haurtzaindegiak, aisialdiko ekintzetara eramateak, gasoilak... kontuak egin behar dira, eta bizi-kalitatean duen ondorioa ikusi”.
Orekan dago gakoa Garbiñeren aburuz, kantitatearen eta kalitatearen arteko orekan, lan orduek eta estresek seme-alabekiko harremanaren kalitatean, norberarekiko eta bikotearekiko izan ditzaketen ondorioen arteko orekan. “Lehentasunak jarri behar dira, eta maniak baztertu: kanpoan lan egin, etxean lan egin, umeak hazi... Ezin da denetara iritsi eta beti ehuneko ehuna eman!”.
Amatasuna eta “etxekoandreatasuna” bereizi beharra azaldu du Idurrek. Amatasunari inkontzienteki bada ere atxikitzen dizkioten “maniak” dira bazter uzten hasi litezkeenak, horiek ziren Idurrek okerren zeramatzanak, amatasunagatik etxean gelditu eta bertatik lan egitea erabaki zuenean. “Etxean zaude, umearekin bakarrik, eta nik neuk inplikarazten nion neure buruari etxea beti garbi-garbia egon behar zuela, pastelak egin behar nituela... Inkontzienteki bada ere, pentsatzen dugu ez garela ama onak baldin eta arratsaldeko bostak laurden gutxietarako ez bagaude prest, merienda, kantinplora eta frutarekin, dena txukun eta irribarretsu ikastola atarian”.
Amatasunari loturiko exigentziak, eta, askotan, autoexigentziak oso handiak direla onartu dute, “emakumezkoen-tzako beti hamarra izan behar da”. Kalkuluak egin ditu Nataliak, “kanpoan, lanean, etxean, haurrekin... denean ehuneko ehun eman nahi dugu, eta hori ezinezkoa da. Ezin da, baina egin egiten dugu”. “Hegoaldean, Iparraldean eta munduko bazter guztietan lan ordutegiak ez dira eginak gurasoendako”, dio Jasonek, eta Idurrek zehaztapena egin du: “Oro har, per-tsonarentzako ez daude eginak lan ordutegiak. Egunerokoaren herena horretan pasatzea, ez da humanoa”.