Freskoa, garaikoa eta bertakoa. Jaten dugunak ezaugarri horiek betez gero, geure gorputza modu egokian elikatuko dugu. Oreka bilatzea da gakoa, denetik jatea baina neurrian, eta animalia jatorria duten produktuak murriztea. Ariketa fisikoa egitea ere ezinbestekoa da. D'elikatuz zentroak elikaduran hezten ditu ikasleak.

Modak alde batera utzita eta burua erabiliz elikatu beharko genuke geure burua Idoia Noain Ordiziako D’elikatuz zentroko nutrizionistak dioenez. Gaur egun informazio asko dugula dio, baina horri guztiari filtroa jartzea falta zaigula.

Elikadura eta bizi ohitura osasuntsuak izateko beharraz gero eta kontzienteago garela dirudi. Hala al da? 

Batzuetan baietz dirudi eta beste batzuetan ezetz. Informazio gehiegi dago eta jendea nahastu egiten da. Askotan gure osasunerako egokienak ez diren teoriak eta modak jarraitzen ditugu. Orain dela gutxi arte gazteen artean oso modan egon da beganoa izatea eta oso ezberdina da beganoa edo barazkijalea izatea filosofia bati jarraituta –kasu horietan, normalean, jendeak informazio asko izaten du– edo moda bat jarraitzeagatik edota pisua galtzeagatik egitea. Azken horrek, epe luzera, osasunean ondorioak izaten ditu. Elikadura txarrak eta ariketa faltak ondorioak dituzte: duela 40 urte zaila zen gaztetxo batek kolesterola altu izatea edo 30 urteko pertsona bati bihotzekoak ematea, baina gero AHALDUNTZE ESKOLA eta ohikoagoa da. Gero eta gutxiago mugitzen gara eta jende asko, gimnasiora ere kotxez joaten da.

Informazio asko dugu baina filtroa falta zaigu, beraz. 

Bai. Eta osasuntsu jatea ez da hain zaila. Duela 50 urte askoz ere osasuntsuago jaten zen, eta horretara ELIKADURA OSASUNTSUA bueltatzea baino ez da. Buruarekin jatea, alegia. Denetik jan behar dugu, baina gauza bakoitza bere neurrian. Gaur egun animalia jatorria duten produktu gehiegi jaten dugu.

Elikagaien artean aukera handiagoa da orain.

Bai. Eta prestatutako janari asko dago. Baina ez da ona produktuak deabrutzea. Guri ez zaigu gustatzen produktu onei eta txarrei buruz hitz egitea edo produktu osasuntsuei eta kaltegarriei buruz hitz egitea. Kaltegarritzat jotzen dudan zerbait oso tarteka jaten badut, ez baita kaltegarria izango. Baina arazoa hor dago: gaur egun ez dugu neurririk. Behar ez ditugunak gehiegi jaten ditugu, eta gehiagotan jan beharko genituzkeenak, berriz, gero eta gutxiago. Fruten eta barazkien kasuan, egunero hiru pieza fruta eta bi errazio barazki jan beharko genituzke eta gazteek ez dute hori betetzen. Bestalde, elikaduraren piramidearen puntan daudenak noizbehinka soilik jan beharko genituzke, astean behin, adibidez. Eta zenbat jendek gosaltzen du –eta ez umeek soilik–, kakao esnea gailetekin? Modu horretan gosaritan soilik piramidearen puntako bi elikagai jaten ari dira. Eta egunean zehar ere maiz sartzen ditugu puntako elikagaiak. Janari freskoa, garaikoa eta bertakoa jan beharko genuke, eta oreka bilatu.

Prestatutako jaki horiek asko ugaritu dira. Supermerkatuetan apalak beteta egoten dira… 

Prestatutako jakiak aipatzean pizzak eta hanburgesak datozkigu burura, baina tomate frijitua, maionesa, gailetak, madalenak… horiek guztiak ere prestatutako jakiak dira. Gaur egungo bizitza estiloak sukaldean aritzeko gero eta denbora gutxiago izatera bultzatzen gaitu eta aukera guztia hain erraz jartzen digutenez, erosoena aukeratzen dugu.

Eta eskolan nahikoa lantzen al da elikaduraren gaia? 

Ez. Nik esango nuke beharbada goizegi lantzen dela, eta ez dut uste umeek gehiegi barneratzen dutenik.

Txikitan lantzen da eta gerora ez da jarraipenik izaten? 

Hori da. Lehen Hezkuntzako 1. mailan lantzen da elikadura osasuntsua, baina gero ez du jarraipenik izaten. Eta umeekin lantzea ongi dago, baina gurasoekin ere landu beharko litzateke, ez baitira umeak janaria prestatzen dutenak.

Ikasle taldeak etortzen dira D’elikatuzera. Nola lantzen duzue gaia haiekin? 

Elikadura osasuntsuaren gaia lantzeko hainbat unitate didaktiko ditugu. Jolasen bidez egiten dugu, oso bisuala da eta oso erraz ikasten dute. Beste unitate batzuek produktuari begiratzen diote eta erosketari ere garrantzia ematen diogu. Ordizian dugun azoka baliatzen dugu eta bertara joaten dira erosketa egitera.

Elikadura osasuntsuaz hitz egitean, gosariaren garrantzia aipatzen da beti. 

Jende askok ez du gosaltzen eta gosaltzen duten gehienek ez dute behar den moduan gosaltzen. Gaueko baraua hausten du gosariak eta une horretan gorputzari energia sartu behar diogu ongi funtziona dezan. Ez soilik ariketa egiteko, baita pentsatzeko ere. Gosaltzen ez dutenek ez dute errendimendu akademiko bera, eta errendimendu fi sikoa, asko murrizten da. Sarritan, gainera, ez gosaltzea gizentasunarekin lotzen da. Gosari on batek hiru jaki izan behar ditu: fruta, esnekia eta zerealak. Eta denboraz eta konpainia onean egiten bada, askoz hobe.

Egoki elikatzeko irizpideak:

Orokorrean, asko jaten duguna murriztu beharko genuke eta gutxi jaten dugun horretatik, gehiago jan. Ez dago debekatutako janaririk baina neurrian jatea komeni zaigu. Hauek dira Idoia Noianek egoki jateko emandako irizpideak:

  • Zerealen taldeko jakiak ugaritu. Jende askok ogia debekatua du gizentzen duelakoan eta otordu guztietan ogi pusketa bat jatea gomendagarria da (integrala bada, hobe). Guztiok behar ditugu karbohidratoak.

  • Frutak eta barazkiak egunero jan behar dira. Egunero hiru fruta ale eta bi errazio barazki.

  • Lekaleak gero eta gutxiago jaten dira eta oso garrantzitsuak dira. Bertatik proteina lortzen dugu eta astean bitan jaten baditugu, ez dugu zertan animalia proteinarik hartu beharrik. Bigarren plater gisa jan beharko genituzke.

  • Fruitu lehorrak.

  • Oliba olioa.

  • Ez hartu frijitu gehiegi behar baino olio gehiago hartuko dugulako. Gehiago erabili plantxa, labea, egosita jan…

  • Nahikoa likido hartu.

  • Ariketa fisikoa beharrezkoa da.