Azkenaldian —eta pandemiaren ondoren— gehitu egin dira nerabeen artean elikadura-nahasmendu kasuak, nork bere burua zigortzeko portaerak, jokoen mende egotea, nahasmendu obsesibo konpultsiboak, antsietatea, depresioa... Horiei aurre egiteko esperantza haziak proposatzen ditu Izar Arregi psikologoak.
Txorroskiloarekin eskumuturrak urratzen dituzte, tximetatik tira egiten dute, betileak kentzen dituzte, jaterari uzten diote... Nork bere buruari zauriak egiteko joerak gora egin duela dio Izar Arregi psikologoak, ikastetxeetan eta bere kontsultan ikusten duenean oinarrituz. Ezin esan joera orokortua denik, baina bai kasuek gora egin dutela. “Askotan nahiago izaten baita min fisikoa sentitu min emozionalaren ordez”, dio Arregik. “Zeren min fisikoa kontrola dezakegu; aldiz, min emozionala ez. Nahiago izaten da maiteminez egon ordez gripearekin edo koronabirusarekin egon”. Eta min fisiko horiek —iletik tira egitea, eskumuturrak markatzea, jateari uztea, musukoaren atzean gordetzea...— amorruaren eta ezintasunaren keinuak dira, inpotentzia kudeatzeko moduak.
Portaera horien atzean zer dagoen ikusi behar da edozein esku-hartze egin aurretik, eta Arregi psikologoak bi kasuistika daudela dio. “Adibidez, nerabe batek antsietatea eduki dezake desegituratutako familia batean bizi delako, ez delako inongo kide sentitzen, bakardade sentsazio handia duelako eta etsipen sakon batean dagoelako; edo alderantziz, antsietatea sentitu dezake partaide sentsazio oso handia izan arren gurasoengandik ezin delako banandu, haurtzaroari ‘aio’ ezin diolako esan eta nerabezaroari ‘kaixo’ ere ez, bere buruari asko exijitzen diolako, dena ondo egin nahi duelako eta lehenengo izan nahi duelako. Beraz, zein antsietate mota duen ondo bereiztu behar da. Zuzenbidean arituko bagina, zuzenbide zibila eta penala bereiztuko genituzke. Bakoitzak bere legeak ditu eta abokatu desberdinak egoten dira. Gure esparruan ere gauza bera, kasuistika bat edo bestea izan, esku-hartzea guztiz desberdina da”. Nerabe bat egoera batean edo bestean dagoen jakiteko, “nonbaiteko partaide sentitzen al da?” galdetzea funtsezko abiapuntua dela dio nerabezaroan espezializatutako psikologoak.
“Dentistak izango bagina, zera galdetuko genuke: ortondontzia behar du ala txantxarrak ditu? Txantxarrek mina ematen dute, baina errazago soluzionatzen dira. Ortodontziak ez du minik ematen, baina egiturazko arazo bat da eta horrek hiru mila euroko kostua izan dezake eta agian ez du funtzionatuko”.
Egiturazko arazoetarako, ‘ortodontzia’ lanak
Ortodontzia arazoak egiturazko arazoak dira eta kasu horietan partaide sentimendua landu beharra azpimarratzen du nerabeetan aditua den psikologoak. “Desegituratutako familietan daudenen eta benetako bakardadea dutenen kasuan oso garrantzitsua da nonbaiteko partaide sentiaraztea. Ez daitezela zenbaki bat gehiago izan, baizik eta Jon, Mikel edo Maria. Ez daitezela izan ikasle bat gehiago, auzoko bat gehiago, kirol taldeko bat gehiago; baizik eta kirol taldeko Maria, auzoko Mikel, eskolako Jon, gela honetako Naiara... Modu horretara, partaide sentituta, autoestimua igotzen zaie”.
Nerabe eta familia horiengana iristea zaila izaten dela aitortzen du Arregik. Haren ustez garrantzitsua da nerabe horiengana modu informalean iristea, eta horregatik koterapeutak sortu behar direla dio. “Nerabe horiengana erreferentziazko beste gazte batzuk gertura daitezke eta haiekin gauzak egin. Esate baterako, nerabeek 24 urteko gazte bat edukiko balute astean bi ordutan gitarra jotzen irakasteko; bat, autoestimurako indargune bat izango litzateke; bi, askoz merkeagoa izango litzateke; hiru, askoz ere naturalagoa; lau, eredu bat izango litzateke; eta bost, beraien kulturarekin gehiago uztartzen den lanketa bat egingo luke koterapeuta horrek emozioak landuz, alaitasuna landuz eta ona den horretan indarra jarriz. Gazte horiek, psikologo bat baino koterapeuta bat behar dute, merkeago eta txorakeria gutxiagorekin. Herri eta auzoetako sare sozialetan gehiago sinetsi eta koterapeutak sortzea izango litzateke psikologoon lana”. Eta koterapeuta horiekin musikako, sormeneko, marrazkiko, dantzako, literaturako... ikastaroak egin ditzakete, esate baterako.
Depresioan erorita eta antsietatearekin dauden nerabe horiek aktibista bihurtzea da Arregik aipatzen duen beste esperantza hazietako bat. “Zerbaitetan parte hartzen hasten direnean, zerbait egiteari ekiten diotenean, nonbaiteko partaide sentitzen dira eta horrek asko laguntzen du”.
‘Haginetako minari’ kasu egiten
Partaidetza sentimendu handia duten nerabeek ere depresioa, antsietatea, elikadura-nahasmendua edota euren buruak zigortzeko portaerak izan ditzaketela dio Arregik. Kasu horiek, ortondontzia arazoaren ordez txantxartzat hartzen ditu Arregik, baina halere landu egin behar direla dio. “Nerabe hauek burbuilan bizi ohi dira, partaidetza sentimendua badute, baina euren buruari asko exijitzen diote eta horrek antsietatera edo depresiora eraman ditzake. Adibidez, adin horretako mutil bat hazte prozesuan atzerago baldin badoa, orain arte kirolean ona izan bada eta orain ez baldin badauka hainbeste indar, orain ez dela hain ona sentitu dezake eta beste talde batera pasa beharko duela; edo ordura arte bere gorputzarekin gustura egon den nerabea bera gorputzarekin gustura ez egotera iritsi daiteke, eta ondorioz jateari utz diezaioke; edo 13 urteko nerabe batek ume izateari ez dionean utzi nahi haurtzaro ona eta babestua eduki duelako... Horrelako egoerek ere sortu dezakete depresioa edo antsietatea”.
Kasu horietan espektatibak jaisten laguntzea eta frustrazioa eramaten laguntzea gomendatzen du Arregi psikologoak. “Denei gustatzen zaie lehenengoak izatea, are gehiago horretara ohitu badira, baina pasatuko zaie. Sinistu dezagun haiengan”.
Gurasoen lekutik, semeagatik edo alabagatik penarik ez sentitzea oso garrantsitsua dela uste du Arregik. “Bizitzen ari den egoera jakin horregatik pena sentitu dezakegu, baina ez beragatik. Zeren gauza bat da zure seme edo alabaren egoera batek pena ematea, eta beste bat zure semeak edo alabak pena ematea. Bizitzako ikaspen bat da semea edo alaba bizitzen ari dena, nahiz eta guri pena eman gaizki pasatzen ari delako. Inportantea da gurasoek eurena ez proiektatzea”. Horrelako egoeratan gurasoek beldurra sentitu dezaketela dio, baina horren ordez zera pentsa dezaketela: “Gure semea edo alaba gaizki pasatzen ari da azterketa horrekin, udalekuetan ez dutelako hartu, urtebetetze askarira ez dutelako gonbidatu... baina gure semea edo alaba gai da beste lagun batzuk topatzeko, beste kirol talde batera pasatzeko eta abar”.
Kontrol sentsazioa
Kasu batzuetan zein besteetan, kontrol sentsazioa kontuan hartu beharreko aldagaia da, izugarri lagundu baitezake depresio eta antsietate egoeratan. “Zer dago gure esku?” galdera gakoa da. “Gurasoek zein gazteek hori galdetu behar diote beren buruari: zer dago nire esku? Gure esku al dago gure semearen edo alabaren lagunak jatorrak izatea? Ez. Gure esku al dago irakasle bat ez dakit zer izatea? Ez. Orduan, zertarako joan behar dugu justizia sentsazioarekin gure esku ez dagoen zerbait konpontzera? Paretaren kontra joatea da hori. Gauza batzuk ez daude gure esku, eta hobe da gure esku dauden gauzetan zentratzea: gure esku dago plastikoa jasotzea, baina ez ingurumen arazo guztiak konpontzea. Gure esku dagoen hori da esperantza iturria, emaitzak lor daitezkeelako, eta txikiak izan arren, guk lortzen ditugulako”.