Aspalditik dakigu gure aztarna ekologikoak planeta gainditzen duela; hala ere, eguneroko presak, jarduera ugariek eta kontsumo-eskaerek ia hausnartu gabe bizitzera eramaten gaituzte. 

 

Hazkunde mugagabeak planeta, komunitateak eta familien ongizatea ahultzen dituen bitartean, desazkundea bizitza eta zaintza erdigunean jartzeko trantsizio gisa aurkezten da. Trantsizio horrek, familiaren erritmoan eta harremanetan onurak dakartza.

Gero eta gehiagotan entzuten dugu “desazkundea” hitza, baina askotan irudi bera datorkigu burura: atzerapausoa, galerak, murrizketak. Krisien garaian, “gutxiago” entzuteak beldurra ematen du, bereziki eguneroko bizitza aurrera ateratzea lan handia denean. Baina agian galdera ez da zenbat galdu behar dugun, baizik eta zein logikaren arabera antolatu nahi dugun bizitza: zertan oinarritu nahi dugu ongizatea?  

Krisi ekologiko sakon baten erdian bizi gara. Aspalditik dakigu gure aztarna ekologikoak planeta gainditzen duela; hala ere, eguneroko presak, jarduera ugariek eta kontsumo-eskaerek ia hausnartu gabe bizitzera eramaten gaituzte. Etxeetan ere antzeko erritmoak errepikatzen dira: agenda beteak, jarduera ugari, pantailak, opor luzeak… eta haurra, non kokatzen da horren guztiaren erdian?  

 


Hazkunde mugagabea besteak-beste; natura, zaintza eta hezkuntza zapaltzearen gainean eraiki da.  Horregatik, desazkundea ez da soilik gutxiago egitea;  ekonomia bizitzaren,  naturaren eta komunitatearen  erritmoetara egokitzeko  saiakera da

Mirene Begiristain EHUko irakaslea eta Biolur elkarteko kidea


 
Desazkundea ulertzeko gakoak  

 

Mirene Begiristain, EHUko irakasle eta Biolurreko kideak, ohartarazten du gaur egun “ekonomia” hitza erabiltzen dugunean, gehienetan ekonomia kapitalistaz ari garela hizketan: “Merkatuaren logikak gidatutako sistema da, eta Barne Produktu Gordina hazten dela entzuten dugunean, automatikoki albiste ona dela pentsatzen dugu, hazkunde horren edukiari erreparatu gabe”. Hazkunde horren barnean industria militarra edo ingurumenari kalte handia egiten dioten sektoreak ere badaudela gogorarazten du Begiristainek; beraz, bizitzaren ikuspegitik behintzat, hori ez dela ona dio.  

Merkatuaren kanpoan badago beste ekonomia bat, askotan ikusezina deitzen dena. Bizitza sostengatzen duten jarduera guztiak biltzen ditu: natura, etxeetan eta auzoetan egiten den zaintza eta hezkuntza lana, eta harreman-sareak. Begiristainen hitzetan,  “hazkunde mugagabea elementu horiek zapaltzearen gainean eraiki da. Horregatik desazkundea ez da soilik gutxiago egitea; ekonomia bizitzaren, naturaren eta komunitatearen erritmoetara egokitzeko saiakera da”. 

Mikel Saralegi, Sustrai Erakuntza Fundazioko kideak, krisiaren dimentsio globala azpimarratzen du: “Gure aztarna ekologikoak lurrak ekoizteko eta hondakinak xurgatzeko duen gaitasuna gainditzen du". Horrek agerian uzten du ez dela gauza bera Euskal Herriko bizimodu oparoa eta Etiopiako herritar baten eguneroko bizitza, baliabideen eta pribilegioen banaketa oso desorekatua baita. Saralegiren ustez, desazkundea ez da soilik kontsumoa murriztea, egoera hori onartu eta hortik aurrera begiratzeko proposamena baizik: “Energiaren eta materialen kontsumoa murriztu behar da; ez pobrezia onartuz, baizik eta sistema bera eraldatuz”.  

Xanti Kiroga, Nafarroako REAS Ekonomia Alternatiboaren eta Solidarioaren Sareko kideak, beste ikuspegi bat eskaintzen du. Haren ustez, etengabeko hazkundearen ideia ez da beti gertatu den zerbait; azken hamarkadetan indartu den kontzeptu historikoa da. “Planeta mugatu batean bizi garenez, baliabide mugatuekin, logikoa izango litzateke mugak onartzea eta horien arabera bizitzen ikastea. Horretarako, ezinbestekoa da baliabideen bidezko banaketa lantzea. Izan ere, murrizketa eta bidezko partekatzea batera joaten ez badira, ez dago ongizate duinik gehienontzat".  

 


Gure aztarna ekologikoak lurrak ekoizteko eta hondakinak xurgatzeko duen gaitasuna gainditzen du

Mikel Saralegi Sustrai Erakuntza Fundazioko kidea


 

Bizitza jasangarriaren oinarriak  

 

Begiristainen arabera, “bizitzaren jasangarritasuna” hiru pausotan laburbil daiteke: ikusi, balioan jarri eta berrantolatu. “Lehenik, egoeraz jabetu behar dugu. Ondoren, gure eguneroko bizitza sostengatzen duten jarduerei —zaintza, elikadura, komunitatea— balioa eman. Eta azkenik, bizitza pertsonala, komunitarioa eta naturarekiko harremanak berrantolatu, hiruren arteko oreka bilatuz”. Begiristainen hitzetan, jasangarritasuna ez da hitz abstraktu bat; eguneroko praktika zehatzetan gauzatzen den zerbait baizik. Zaintza hitza da bere diskurtsoaren erdigunea. Ekonomia kapitalistak natura, zaintza eta hezkuntza ikusezin bihurtu dituela salatzen du Begiristainek. Desazkundearen ikuspegitik, ordea, horiek dira justizia sozialaren eta bizitza jasangarriaren oinarriak: “Ondo haztea ez da gehiago ekoiztea edo nota hobeak ateratzea. Hobeto bizitzea da: denbora partekatzea, elkar zaintzea, ingurumena errespetatzea eta komunitate sendoak eraikitzea”. 

Feminismoak ekarpen erabakigarria egiten du puntu horretan. REAS Nafarroako kide den June Sanmillanek gogorarazten duenez, “kontsumo-ohiturek, zaintza antolatzeko moduek eta lanaren banaketak gizarte osoa zeharkatzen dute". Feminismoak eta agroekologiak bat egiten dute helburu horretan: ikusezinean geratu diren lanak —elikadura, zaintza, hezkuntza— agerian jarri eta duindu egiten dituzte, eta bizitza erdigunean jarriko duten erritmo eta harreman berriak proposatzen dituzte. “Ekoizleen duintasuna eta herritarren elikadura-eskubideak uztartzen dituzten ereduek erakusten dute beste ekonomia bat posible dela”, gaineratzen du Begiristainek.  

Horregatik, desazkundea ez da soilik “gutxiago kontsumitzea”; maiz, beste maila batean “gehiago egitea” proposatzen du: lagunekin eta auzokideekin gehiago egotea, baratzean lan egitea, naturarekin konektatzea, bakardaderako eta hausnarketarako tarteak hartzea. Materialki apalagoa izan daitekeen bizitza batek harreman eta zaintza sare aberatsagoak eskain ditzake. Baina beti testuingurua kontuan hartuta: ez da gauza bera “gutxiago kontsumitu” esatea baliabiderik ez duenari edo sobera dituenari.  

 


Bizitzak merezi duela  pentsatzean dago gakoa;  horretarako, oinarrizko  beharrak asetzea beharrezkoa da

Xanti Kiroga eta  June Sanmillan REAS Nafarroako kideak


 

Desazkundea eta Ongizatea ekonomia sozialaren eta  solidarioaren ikuspegitik  

 

Kirogak eta Sanmillanek ekonomia sozialaren eta solidarioaren prisma erabiltzen dute desazkundea irakurtzeko. Haientzat, “ongi bizitzea” bizipozarekin lotuta dago: “Bizitzak merezi duela pentsatzean dago gakoa; horretarako, oinarrizko beharrak asetzea beharrezkoa da —etxebizitza, elikadura, hezkuntza, kultura, mugikortasuna—, baina baita naturaz eta bizitzaz gozatzeko denbora izatea ere". Denbora hori gabe, gainerakoak zentzua galtzen duela diote.   

Horrez gain, ekonomia pertsonen eta planetaren neurrira egokitu behar dela defendatzen dute; baliabideen banaketa bidezkoa eta elkarlaneko egiturak —kooperatibak, kontsumo-taldeak, autokontsumo energetikoa— sendotzeko tresna gisa.  

 

Eskolak eta etxeak dakartzan onurak eta erronkak  

 

Saralegiren ustez, “hezkuntzak ezin du egoera horretatik kanpo geratu. Larrialdi klimatikoa, biodibertsitatearen galera eta lurzoruaren ahultzea etorkizun urruneko hipotesiak izatetik, egungo eguneroko bilakatu baitira”. Horregatik, eskolak eta etxeak  ez luke desazkundea kanpoko gai gisa ikusi behar. Aitzitik, egunerokoan islatu behar dute: energiaren erabileran, hondakinen kudeaketan, mugikortasunean, jantokian, sukaldean, aisialdian edota jolastokiaren erabileran. 

Begiristainen ustez, haurrek benetako esperientzietan oinarritutako praktika txikien bidez ikasteko aukera behar dute. “Askotan eskolan, Agenda 2030 edo garapen jasangarriari buruzko diskurtso teorikoak jasotzen dituzte, baina praktikan parte hartu gabe; horrek, ordea, frustrazioa eragin dezake". Horren ordez, bizitza autonomotik eta praktikotik ikastea proposatzen du: jolasa nola antolatzen den, hondakinak nola bereizten eta kudeatzen diren, jantokia nola hornitzen den ata abar. Haurra horietan guztietan benetan inplikatuz, ikaskuntza esanguratsuagoa eta errealagoa lortzen da. 

Eskola berde baten ideiari helduz, Saralegik azpimarratzen du ezinbestekoa dela “planifikazio integrala”. Horrek esan nahi du ikastetxeak koherentea izan behar duela transmititu nahi duen mezuarekin: "Belaunaldi gazteek izango dute larrialdi klimatikoaren ondorioak bizitzeko ardura, eta horregatik gaurtik bertatik hasi behar da prestakuntza eta praktika errealak txertatzen". Eta, jakina, garrantzitsua da ikastetxea eta etxea elkarrekin jardutea lanketa horretan.  

Planifikazio integral horrek hainbat maila hartzen ditu bai etxean eta bai eskolan:  

Ingurune fisikoa: argiaren eta uraren erabilera arduratsua, berokuntzaren kudeaketa, itzal naturalaren presentzia eta eraikinen egokitzapena ingurumenaren ikuspegitik.  

Eguneroko jarduna: materialen berrerabilpena, hondakinen kudeaketa, teknologiaren erabilera arduratsua eta jardueren zentzuzko antolaketa.  

Mugikortasuna: eskolara eta lantokira joateko garraio jasangarria sustatzea —oinez, bizikletaz edo garraio partekatuan—.  

Eskola curriculuma: ingurumen-kontzientzia eta espiritu kritikoa txertatzea, ez diskurtso moralizatu gisa, baizik eta ulermena eta erantzukizuna sustatzeko tresna gisa.  

Eskola edo etxe berdea ez da ekintza isolatu bat, baizik eta egunerokoan txertatu behar den ikuspegia: energia, kontsumoa, harremanak eta balioak beste modu batean antolatzea.  

Presaren kultura ere ageri da etxeetan: jarduera gehiegi, agenda beteak eta “dena aprobetxatu” beharra. Saralegik egoera horren aurrean galdera batzuk plazaratzen ditu: “Zergatik dugu hainbeste presa? Zertarako? Erritmo horiek pertsona osatuago egiten al gaituzte? Gure komunitatea hobeto bizi al da?”. Haren ustez, heziketan ere ausardia behar da “gutxiago baina hobeto” egiteko. Hau da: jarduera gutxiago, baina sakonagoak; oporretako bidaia gutxiago, baina gertuko esperientzia esanguratsuagoak; pantaila ordu gutxiago, baina harreman eta jolas gehiago. Azken batean, helburua ikaskuntzak eta bizipenak baliagarriak izatea da.  

 


Merkatuaren logikak gidatutako sistema da, eta Barne Produktu Gordina hazten dela entzuten dugunean, automatikoki albiste ona dela pentsatzen dugu, hazkunde horren edukiari erreparatu gabe

Mirene Begiristain, EHUko irakaslea eta Biolur elkarteko kidea


 

Etorkizunerako bide berriak  

 

Begiristain eta Saralegi bat datoz ideia berean: “Desazkundea ez da utopia bat, baizik eta gaurtik bertatik lantzen hasi beharreko trantsizio bideragarria”. Horretarako, Begiristainek hiru ardatz proposatzen ditu merkatuaren mendekotasunetik askatuko diren bizitza eta denbora pentsatu ahal izateko:  

Gure elikadura birlokalizatzea: elikadura tokian bertan antolatzea, mugikortasuna murriztea eta hemen egin daitezkeen gauzak hemen egitea lehenestea.  

Desfamiliarizatzea: dena modu pribatuan egiteari utzi eta eredu komunitarioago bat garatu. Hau da, gure herrietan antolatu, saretu, zaintzak partekatu, eta lanak txandaka banatu, herrietako eta auzoetako sare komunitarioak indartuz. 

Desmerkantilizatzea: dena ez dadila izan diruaren truke; zaintza, hezkuntza eta elikadura ezin direlako soilik merkatuaren logikan antolatu.  

Saralegik ohartarazten du aldaketak lehenbailehen etorri behar direla: “Krisi klimatikoaren ondorioak ez dira urruneko amesgaiztoak; herrialde batzuk dagoeneko desagertzeko arriskuan daude, eta gure lurraldean ere basoen etorkizuna kolokan jar daiteke”. Haren hitzetan, zenbat eta lehenago hasi, orduan eta hobeto iritsiko gara; horregatik, desazkundea aukera gisa ikusten du, denon artean adostu beharrekoa eta gehiengo sozialak aurrera eramango duena. Etorkizuna ez dute teknologiaren edo erosotasunaren kontrako gizarte gisa irudikatzen. Aitzitik, oreka handiago baten bila dabilela azaltzen dute: naturarekin eta komunitatearekin lotura estuagoa, baliabideen banaketa bidezkoagoa, harremanetan zaintza eta enpatia ardatz hartuta, eta hezkuntzan sormena, koherentzia eta pentsamendu kritikoa sostengu duelarik. Helburua ez da seme-alabak etengabeko krisian bizitzera kondenatzea, baizik eta ingurunea ulertzeko, zaintzeko eta eraldatzeko gaitasuna ematea. Horrek irekiko ditu ongizaterako ateak, eta etorkizunaren aurrean jarrera aktibo, arduratsu eta esperantzazkoa garatzeko oinarriak ezarriko ditu.

 


Desazkundea lantzeko proposamenak 

 

Desazkundea eguneroko praktiketan lantzean dago gakoa, eta horretarako proposamen hauek ikastetxeko eta etxeko ohiko dinamikan integratzeko ildoak izan daitezke:  

1. Baratzea: baratzeak egunerokoaren parte izan behar du: lurra ukitzeak, landareak zaintzeak eta uzta partekatzeak erakusten dute nola sostengatzen den bizitza eta zein lanek egiten duten posible.   

2. Gaztaren ariketa: gure plateretik hasten gara mundua ulertzen, hau da, gure eguneroko kontsumotik bertatik. Gaztaren ariketak gure beharrak zerrendatzea eskatzen du —elikadura, energia, arropa, liburuak— eta galdetzea: nondik datoz? Nork egin ditu? Zer materialekin? Bertakoak al dira? Ondoren, gazta baten moduan irudikatzen da zenbateko autonomia dugun eta zenbatean gauden kanpoko sistemen menpe.   

3. Sukaldea: sukaldea laborategi indartsua da. Otorduek aukera ematen dute tokiko eta sasoiko elikagaiak lehenesteko, eta seme-alabekin elikaduraren jatorria lantzeko. Gurasoek bezala, seme-alabek hondakinak bereizi ditzakete, konposta egin dezakete eta proposamenak ere egin ditzakete. Helburua da ulertzea elikadura bizitza-sare baten parte dela, eta sare horretan guztion ardura dagoela.  

4. Kontsumoaren ariketa: kontsumoa ulertzen hasteko ezinbestekoa da eguneroko ohituretara jotzea. Horretarako, galdera hauek planteatu ditzakegu etxean: “Zertan gastatzen dugu dirua? Zein dira gure benetako beharrak? Nondik datoz erabiltzen ditugun produktuak?”. Galdera horien bidez, etxeko lehentasunak aztertuko ditugu, eta konturatuko gara kontsumo-erabaki bakoitzak eragin sozial eta ekologikoa duela.  

5. Mugikortasuna: auto elektrikoa ez da nahikoa, auto pribatuaren logika bera mantentzen baldin bada. Etxean, desazkundea lantzea bada mugikortasun-eredu alternatiboak sustatzea ere: oinez edo bizikletaz joatea, garraio publikoa erabiltzea edo auto partekatua bultzatzea. Oporretan ere ikuspegi hori txerta daiteke: urruneko bidaien ordez, hurbilagoak eta jasangarriagoak hautatzea. Adibidez, inguruko mendietara irteerak egitea, herriko proiektu agroekologikoak bisitatzea edo auzolanetan parte hartzea.  

6. Denboraren pedagogia:  familien denboraren banaketa birpentsatzea komeni da,  agenda betea izateak ez baitu bizikidetza osasuntsua bermatzen. Tarte zuriak onuragarriak dira: jolas librea, ibilaldi geldoak, “ezer produktiborik ez dagoen” uneak, hain zuzen ere. “Nork du erritmoa markatzeko boterea?”. Galdera horren bueltako elkarrizketa bultzatu daiteke etxean.  

Azken batean, proposamen horiek eguneroko ekintza txikiak dira, etxean ohiko dinamika pixkanaka eraldatzen lagun dezaketenak. Desazkundea lantzea galdera hau plazaratzea baita: nola heziko ditugu gure seme-alabak bizitza jasangarriago eta bidezkoago baterantz? Eta horrekin batera, zein urrats txiki egin ditzakegu gaurtik aurrera norabide horretan?

 


Zaintza eta elikadura ulertzeko beste modu bat

Ekonomiaren mapetan sarritan ez dira ageri bizitza sostengatzen duten oinarriak: ura, lurzorua eta etxeetan zein komunitateetan egiten diren zaintza lanak. Begiristainek azaldu duenez, gaur egungo ekonomia-
ereduan ikusgarritasuna merkatuan balio ekonomikoa dutenek lortzen dute; bizitza posible egiten duen guztia, berriz, ikusezin bihurtzen da.   

Feminismoak zaintza lan horiek agerian jartzeko eta balioan jartzeko tresnak eskaini ditu: zaintza ez da laguntza edo naturala, baizik eta lan soziala eta politikoa, justizia sozialaren erdigunean dagoena. Elikadura ere ezin da ulertu produktu hutsa bailitzan: ekoizpena, banaketa, prestaketa eta garbiketa lotzen dituen kate oso baten parte baita, eta kate horretako botere-harremanak ikusgarri eta bidezkoago egitea funtsezkoa da. 

Agroekologiak elikadura-sistema antolatzeko modu alternatiboa proposatzen du, supermerkatu handien logikatik aldenduz eta tokiko, ekologiko eta gertuko ekoizpena lehenetsiz. Bi ardatz nagusi ditu: batetik, baserritarren duintasuna eta bizi-baldintzak defendatzea; bestetik, herritar guztien elikadura-eskubidea bermatzea. Gainera, erritmo motelagoak, harreman komunitarioagoak eta elkarrizketa partekatua sustatzen ditu: “Norbera ez da nahikoa; sareak behar ditugu, eta haiek zaintzea da politika”.  

Ikuspegi hori seme-alaben heziketan aplikatzea ezinbestekoa da. Zaintza ez baita zama edo oztopo moduan ulertu behar, ikaskuntza prozesuaren ardatz gisa baizik. Ondo haztea ez da emaitzetan neurtzen –notetan edo titulazioetan–, harreman sareak eraikitzeko eta zaintzeko gaitasunean baizik.