Edu Zelaieta Anta, idazlearen eta irakaslearen iritzi artikulua.

 

Amaren ondoan eserita dago Malen, ia 4 urteko neskatxa bat. Beste haur batzuk, ordea, korrika eta saltoka dabiltza, jostetan. “Sentitzen dut, maitea, baina lurra irristakor dago”, azaldu dio amak. “Baina nik jolastu nahi duuut!”, protesta egin du alabak. Alferrik. Beste umeek elkarrekin gozatzen eta arriskuak neurtzen ikasten duten bitartean, Malenek amaren ondoan gelditu behar izan du.

“Barkatu, baina ahaztu egin zaio etxeko lanak egitea”. Hugoren aitaren ahotsa da oraingoan, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako tutorearekin hizketan. “Nik neuk ekarriko dizkizut bihar eginak dituela ikusteko”, erantsi du. Semea burumakur dago, isilik, lotsatuta agian. Mutikoak ez du egoera azaltzeko aukerarik izan; ez du erantzukizun naturala hartzerik eduki.

Aulki gurpildunean dator Nedal, 15 urteko nerabe bat. Tibia eta peronea hautsi berri ditu kirol federatuan. “Zer moduz zaude?”, galdetu diot. Amak erantzun dit zuzenean. “Nola moldatzen ari zara egunerokoan?”, saiatu naiz berriro gaztearengana zuzentzen. Amak hartu du hitza, semearen zailtasun eta lorpen guztiak kontatzeko. Bitartean, Nedalek sakelakoari begira segitu du.

Unibertsitatean aspaldi aldatu zen joera: urrun gelditu dira ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Gurasoek –bereziki amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben matrikulazio prozesuan. Zenbaitetan, informazio konfidentziala lortzeko-edo, ikasle plantak ere egiten omen dituzte telefonoaren bestaldean.

Errealismotik fantasiara eginda —Gianni Rodariren ipuin batean—, bidaiari bat “des-” aurrizkia duen herrialde batera ailegatu da. Bertan, “deslabanek” arkatza handitzen dute, “desarropategian” aurki ditzakezu nahi dituzun jantziak eta —dudarik gabe hoberena!— “deskanoi” batek badaki gerra desegiten. Nago ez ote gabiltzan gu ere antzera, baina “des-” aurrizkia gaizki erabiliz, babesa desbabesa bihurtuz.

Arestiko egoera bakoitzean protagonista izan beharko lukeenaren adina eta gaitasuna gorabehera, helduon patroi bera ageri da kasu guztietan: haurrari, nerabeari edota gazteari autonomia ukatzea.

Eta, errealismora itzulita, hala bizi gaitu paradoxak: asmo onez babestu nahi ditugun horiek, gainbabesaren ondorioz, desbabestu egiten ditugu.