Nerabezaroaren ezaugarri berezia da emozioak intentsitate handiz bizitzea. Nola bizi dute, bada, nerabeek maite duten pertsona baten heriotza?
Ane Izagirre doluan aditua den psikologoak dio nerabeek helduek bezala bizi dutela dolu prozesua, nahiz eta emozioak beste modu batzuetan azaleratu.
Nerabezaroa garai bizia da, intentsitate handikoa berez, aldaketa fisiologiko, kognitibo eta sozial handien garaia da eta horrek esperientziak intentsoki bizitzera eraman ohi ditu nerabeak. Nola bizi ote du nerabeak, bada, bere ezaugarri horiekin guztiekin, gertuko pertsona baten heriotza, izan adiskide batena, gurasoarena edo senidearena? Ane Izagirre doluan espezializatutako psikologoari galdetu diogu. “Nerabeek heriotza eta dolua helduek bezala bizi dituzte, emozioak berdinak dira eta baita doluaren prozesua ere, emozio horiek azaleratzeko modua izan daiteke desberdina”, erantzun du.
Nerabeekin heriotza lantzeko, kontuan izan behar dira nerabezaroa bera eta doluaren prozesua. “Aldaketa fisiko eta fisiologiko garaia da, ez daude, guztiz garatuta; aldaketa sozialen garaia ere bada —lotura familiarekikoa izatetik, lagunekikoa izatera pasatzen da—; aldaketa kognitiboak eta aldaketa identitarioak gertatzen direla ere kontuan izan behar dugu horrelako galera batek nola eragin dezakeen aztertzen hasteko”.
Heriotzaz eta doluaz hitz egiten hasi aurretik, Izagirrek nabarmendu du dolua prozesu bat dela, “erantzun adaptatibo bat, ez da gaixotasun baten moduan hartu behar, maite dugun pertsona bat galtzen dugunean hasten den prozesu bat da”. Prozesu horrek hainbat etapa ditu eta denbora eskatuko du lanketa egiteko: krisia, babesa, integrazioa edo asimilazioa eta transformazioa dira etapa horiek. Izagirrek azaldu duenez, hainbat emozio biziko ditu prozesu horretan dagoenak, hala nola, tristura, amorrua eta kulpa eta baita, ondorioz, antsietatea ere: “Helduak bezala bizi ditu emozio horiek nerabeak, baina beste modu batean azaleratuko ditu”.
Tristura ezinbesteko bizipena izango da adiskide bat edo senide bat galdu duen pertsonarentzat, baina nerabeen kasuan, sarri beste modu batzuetan azaleratuko dute emozioa: “Triste egongo dira, baina agian, tristura suminkortasunarekin azalduko dute, eta ustez heriotzarekin loturarik ez duen edozein gai txikirekin sumindu ohi dira. Amorrua ere haserretik bizi ohi dute, eta injustizia sentimenduak leku handia har dezake garai horretan: ‘mediku horrek lehenago detektatu izan balu….’ ardura exogenoarekiko haserrea bizi ohi dute”. Erruak ere presentzia handia hartu ohi du dolu prozesuan: “Egiteari edo ez egiteari loturiko errua ohiko emozioa da nerabeengan: ‘Hau egin izan banu’, edo kontrakoa: ‘Hau egin nuen eta ez nintzen denbora gehiago egon berarekin…’, euren buruari zama handia ezarri ohi diote erruari loturik”. Emozio horien guztien ondorioz, antsietatea bizitzea ohikoa izaten da dolu prozesuan, “eta identitarioa den garai horietan antsietateak intseguritatea, beldurrak, loaren galera eta angustia ekar diezazkioke nerabeari, eta doluan dagoen nerabeak ez du bere lekua aurkitzen”. Emozio horiekin guztiekin lotuta, nerabearen ibilbide akademikoa okertu egin daiteke eta arrisku jokabideak hartzeko aukerak ere ugaritu egin daitezke.
Laguntza behar du, beraz, doluan dagoen nerabe batek. Laguntza profesionala izan daiteke, baina laguntza familiak, adiskideek eta eskolak ere eman dezakete: “Egoera horretan dagoen nerabe bati laguntza eskaini eta bidelaguntza ematen badiogu, inpaktua txikiagoa izango baita”. Adiskideak eurak izan daitezke prozesuan lagundu dezaketenak: “Sarea da esparru segurua nerabearentzat. Lagunekin seguru sentitu ohi da nerabea, bere bizitzaren parte garrantzitsua dira”. Oreka topatu ohi dute doluan dauden nerabeek adiskideen artean: “Ez dira arraro sentitzen norbait hil zaielako, bat gehiago izan nahi du lagun artean. Motxila hustu eta norbere egoeraz hitz egin ahal izateko lekua aurkitzea oso lagungarria da”. Doluan dagoen adiskide batekiko jarrera mesedegarria “galdetzea” dela uste du Izagirrek: “Askotan beldurretik eta ez mindu nahian, doluan dagoenari ez diogu gaia ateratzen, baina egokia da honakoa proposatzea: ‘behar baduzu, hemen nago’”. Izagirrek doluari aurre egiteko eredu dualaren modeloarekin egiten du lan klinikoa —bere aita Patxi Izagirre psikologoarekin—, eta, modelo horri jarraiki, lagun arteak doluan behar dugun emozio konbinaketarekin lagundu diezagukegula nabarmentzen du: “Momentu batzuetan minarekin konektatuak egongo gara, eta geure buruari baimentzen diogu hala egotea, adibidez lagun artean; baina, era berean, talde horretan minetik deskonektatzeko aukera izatea oso garrantzitsua da, bietatik beharko baitugu prozesuan”.
Triste egongo dira, baina agian, tristura suminkortasunarekin azalduko dute, eta ustez heriotzarekin loturarik ez duen edozein gai txikirekin sumindu ohi dira. Amorrua ere haserretik bizi ohi dute, eta injustizia sentimenduak leku handia har dezake garai horretan: ‘mediku horrek lehenago detektatu izan balu….’ ardura exogenoarekiko haserrea bizi ohi dute
Familiaren laguntza
Haatik, nerabezaroan lagunarteak indar handia daukala esan arren, familiak espazio seguru garrantzitsua izaten jarraitzen du, bai adiskideren bat edo baita senideren bat hil zaion nerabearentzat: “Gurasoak ispilu gara, baita heriotzean ere”. Gurasoen egitekoa, doluan ere, “eskura egotea” dela dio psikologoak: “Nahiz eta minez gaindituta egon, une horietan ere gurekin konta dezaketela sentitu behar dute”. Egoerei eta emozioei hitza jartzea garrantzitsua dela dio Izagirrek, eta nerabeei ez zaiela ezer ezkutatu behar: “Hitzak neurtu egin behar dira, baina jasangarria zaien egia hori esan egin behar zaie, gaixotasunaren eta heriotzaren gaineko egia esan behar da”. Era berean, bai azken uneetako errituetan nola agurretan nerabeak parte izatea garrantzitsua da, ondoren dolua zeharkatzeko: “Proposatu behintzat; hil zaigun pertsona maitearen gauzetatik askatzean adibidez, arropak kentzean esate baterako, nerabeek parte hartu dezakete”.
Gurasoei norbere emozioak eta seme-alabenak kudeatzea egokitzen zaie senide baten heriotzean. “Gu geu ere senide baten heriotzean triste gaude, eta askotan pentsatzen dugu nola egingo dugun seme-alaben aurrean negar. Negar egitea sanoa da, baina garrantzitsua da minarekin konektatuta gaudela erakusteaz gain, buelta emateko gai garela ere erakustea, ez gaudela angustiak gaindituta”. Neba-arreba edo gurasoa galdu duen nerabe horien kasuan, gainera, dolu bikoitza bizi dezakete nerabeek: “Arreba galdu duenak, adibidez, gurasoak ere galtzen ditu neurri batean, haiek ere doluan baitaude; eta guraso bat galdu duenak ere beste gurasoaren heldulekua ez dauka lehen bezain finkoa, hura ere doluan baitago”. Kasu horietan rol aldaketa gertatzeko arriskuak kezkatzen du Izagirre: “Rol alderantzikagarriak ikusten ditugu nerabeetan, eta hori kezkagarria da. Berea ez den ardura hartzen du, ama galdu duenak, adibidez, aitari laguntzeko rola hartzen du, eta nerabearen beraren dolua izoztua edo atzeratua gelditzen da, eta, landu ezean, aurrerago atera ohi da beste egoera batzuetan”.
Eskola, doluan bidelagun
Lehen urteetan eta urte gozoetan bezala, nerabezaroan ere eskolak rol garrantzitsua izan dezake doluan dagoen pertsonarentzat, “eta bereziki gelako adiskide bat hiltzen den kasuetan”. Eskolak prebentzioan eta posbentzioan lagun dezake, heriotzaren pedagogia eginez lehendabizi —prebentzioa—, eta heriotzaren unean doluari leku eginez —posbentzioa—: “DBHn ezin da prebentzioa egiten hasi, prebentzioa oso txikitatik hasi behar da, eskolak curriculumean zehaztuta eduki beharko luke garai bakoitzean zer eta nola landu; hau da, zer materialekin landu atzeraezintasuna eta frustrazioa”. Posbentzioari dagokionez, Izagirreren aburuz, DBHn doluan dagoen pertsonaren intimitatea gordetzea garrantzitsua da, alde batetik, baina baita ikasle horri harrera bat prestatzea ere —“behar dituen egunak etxean goxo igaro ostean”— eta gelakide bat hil denean oso-oso beharrezkoa da agur kolektiboa egitea. Doluari lekua egin behar zaio eta denbora eman behar zaio”.