Portuan, Kontxako badiari eta Kantauri itsasoari begira dago Donostiako Aquariuma. Urtero-urtero milaka bisitari hartzen ditu eta denek jakin-minez begiratzen dituzte arrainontzietan igeri dabiltzan arrain eta itsasoko bizidunak. Arrain, marmoka, anemona, itsas zalditxo eta itsas izarren artean marrazoak dira ikusmin handiena sortzen dutenak. Baita Getaria eta Zarautz artean ehizatutako balearen hezurdurak ere.

Europako lehen aquariumetako bat da Donostiakoa. 1908. urtean erein zuten gaur egun Aquariuma denaren hazia. Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak ozeanografia garatzea eta sendotzea zuen helburu, baina arrantza eta arrantzaleen bizimodua hobetzea ere lehentasunak zirenez, arrantza eskola sortu zuten lehenik. Zientzia laborategia ere sortu zuten eta hiru hiletik behin ozeanografiari, meteorologiari, arrantzari eta arrainen birpopulazioari buruzko ezagutzak zabaltzeko buletina argitaratzen hasi ziren. Gerora inauguratu zuten gaur egungo eraikina, Donostiako portuan dagoena. 1928. urtean zabaldu zituen ateak eta hainbat aldaketa eta berrikuntza izan dira ordutik. 1998an egindakoa handia izan zen Xabier Lasaga Aquariumeko Marketing eta Komunikazio arduradunak azaldu duenez: “Lehengo kristala kendu eta akuarioetan metakrilatoa sartu genuen. Horrek akuario handiak egiteko aukera eman zigun eta ozeanarioa egin genuen. Gaur egun Aquariumak duen akuariorik handiena da: milioi eta erdi litro ur baino gehiago biltzen ditu. Txuri eta Urdin marrazoak ekarri genituen eta horrek ikusgarritasun handia eman zigun”. 

2008an berrikuntza gehiago izan ziren. Besteak beste, beheko akuarioetan espezie tropikalak sartu zituzten: “Beste itsasoetan bizi diren espezie bereziak sartu eta museoa eraberritu genuen. Protagonismo handia eman genion 1878. urtean Getaria eta Zarautz artean ehizatu zuten baleari. Bertan dago bere hezurdura. Euskal Herrian ehizatu zuten azken aurreko balea da eta Aquariumeko ikonoa izan da beti”, dio Lasagak. 

Gaur egun, gutxi gorabehera, 43 espezietako 6.000 arrain daude ikusgai. Eta espezie gehienak Kantauri itsasokoak dira. 31 akuarioetatik 20, bertako espezieekin osatu dituztela dio Lasagak: “Ez dugu sorrerako ikuspegia galdu nahi eta bertakoek gure itsasoan dugun aberastasuna ezagutzea nahi dugu”. 

Arrainak baino gehiago 

Arrainek eta itsasoko bizidunek protagonismo berezia dute, jakina, baina Aquariuma hori baino askoz ere gehiago da eta bisita eginda, nabarmen geratzen da euskaldunok itsasoarekin harreman estua izan dugula mendeetan zehar. Euskal baleak eta haren inguruan sortu zen industriak protagonismo handia dute, euskal arrantzaleek non eta nola arrantzatzen zuten, arrantza sistemak, estropadak gure herri kirolak direla, euskaldunok kortsarioak izan ginela… Guztiak du lekua Aquariumean. Izan ere, museo ozeanografikoa ere bada.

Etengabe berritzen dute euren eskaintza. Bisitari askok errepikatzen dute esperientzia eta haiek gauza berriak ikusteko eta ezagutzeko aukera izatea nahi izaten dute. Eskaintza soilik ez, bertako ura ere egunero berritzen dute: “Egunero hartzen dugu ura Kontxako badiatik. Urak zirkuitu bat du eta % 3 berritzen da egunero. Ura badiatik jaso, garbitu eta zaharra botatzen dugu”, azaldu du Lasagak. Ikusten ditugun arrainontzi horien atzean, lan ikaragarria dagoela azpimarratu du. 

300.000 bisitari baino gehiago jasotzen dituzte urtero eta Euskal Herrian, Guggenheimen ondoren, bisita gehien jasotzen dituen museoa da Aquariuma. 

Hezkuntza eskaintza 

Bisitari horien artean asko eta asko ikasleak izaten dira eta horiei begira hezkuntza eskaintza zabala du Donostiako Aquariumak, hasi Haur Hezkuntzatik eta Batxilergoraino. Eskoletatik bisita ugari jasotzen dituztela aipatu du Pablo Casares, Aquariumeko Dibulgazio eta Hezkuntza Saileko koordinatzaileak: “Bisita gidatuak eta bisita libreak egiten ditugu eta urtero edo bi urtetik behin bisita gidatu berri bat eskaintzen saiatzen gara. Eskola curriculuma aintzat hartzen dugu jarduerak diseinatzerakoan eta Haur Hezkuntzako umeen kasuan, adibidez, koloreak edota formak lantzen ditugu”. Ikasleekin batera lantzeko fitxa didaktikoak osatu dituzte eta beste jarduera batzuk ere eskaintzen dituzte: familientzako tailerrak, esaterako. Guztien artean bereziena, ordea, Arrainekin lotan izenekoa da. Aquariumean, arrain artean lo egiteko aukera eskaintzen diete familiei zein ikastetxeei.