EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak garbi ikusten du hezkuntza sistema aurrerakoi eta berrituaren lehentasunezko zutabeetako bat dela dramatizazioa, eta horrexegatik aldarrikatzen du dramatizazioa curriculumaren barruan txertatzea gai nagusi edo ardatz irakasgai gisa. Ikaslearen prestakuntzan eta garapenean zergatik den tresna erabilgarria eta garrantzitsua azaltzen du hurrengo orrialdeetan .

Gaur egungo egoerari begira jarrita, orokorrean une honetan daukagun hezkuntza sistemak alde onak izan badituen arren, agerian gelditu dira haren gabeziak, eta horren kontzientzia hainbat eragilek, alderdik, sindikatuk eta era askotako talde eragileok izan dugu. Segur aski, zerrenda luzea egin genezake, baina ahulgune bistakoak honako hauek izan dira, besteak beste: 

  • Hizkuntza-ereduen porrota, ez baitute bermatzen haurrak euskalduntzea eta era naturalean euskaraz bizitzea. Ezarritako ereduak debaluatuz joateaz gain, euskararen erabilera ikasgela barruko jardueretara mugatu da, eta, kasu askotan, integratzailea izan beharrean, kontrako efektua lortu da. 

  • Hainbat balio aurrerakoiren gutxiespena, bai gela barruan eta bai kanpoan, balio horiek elkarbizitzarako gizarte jator bat osatzeko ezinbestekoak izan arren. Adibide eredugarriak ere badira haur askorekin, baina, zoritxarrez, ikastetxeetan honako sentsazio hauek ikusten eta sentitzen dira gero eta gehiago, neurri handi batean gizartean bertan ere badirelako: harrokeria, ume baimenduak, enpatiarik eza, elkartasunik eza, araurik gabeko haurrak, frustrazioa landu gabeko haurrak, errespeturik eza eta abar. 

  • Herri komunitatearen beharra eta haren parte-hartzea ukatzea. Hots, haur eta gazteen heziketan, irakasle eta gurasoez gain, gizarteak berak ere badu zer esan eta zer egin. Hezkuntza aurrerakoia ezin da ikastetxeetara edota hezkuntza komunitatera mugatu; aitzitik, egitasmo hezitzaile honetan parte hartu behar dute norberaren komunitate naturalean bizi diren eta jarduten duten bestelako profesional, senide, kolektibitate eta abarrek ere. 

  • Arlo humanistikoen bazterketa. Ume bat edo gazte bat sendagilea, garbitzailea, mekanikoa, arkitektoa edo politikaria izan daiteke etorkizunean, baina den-denak, lehen-lehenik eta gauza guztien gainetik, pertsonak izango dira, eta, zalantzarik gabe, haien jokabidea aurretik landutako eta ereindako heziketak markatuko du. Horren arabera, era bateko edo besteko pertsona izango da. Horregatik, atal humanistikoak lantzen dituzten arloak ezin dira baztertuta egon, gaur egun gertatzen ari den bezala. Musika txirula jotzera mugatzen da kasu gehienetan, plastika ahal duenak ematen du, eta dramatizazioa guztiz baztertuta dago, salbuespenak salbuespen. 

Dramatizazioa, bigarren mailako gaia 

Gaur egun, gure hezkuntza sistemak ez du dramatizazioa seriotasunez hartzen, eta ez ditu arlo horrek dauzkan onura eta aukera guztiak aprobetxatzen. Legean “artea” delakoaren barnean dagoen arren, oso ikastetxe gutxitan lantzen da, eta, lantzen denean, arlo artistiko bat bezala lantzen da kasu gehienetan, sustraian eta idiosinkrasian daukan izaera hezitzailea alboratuz. Esan bezala, dramatizazioa toki gutxitan jorratzen da, ia-ia salbuespen gisa; baina esan beharra dago salbuespen horiek direla, hain zuzen, beste hezkuntza mota bat garatu nahi dutenak eta, beren baliabide murritzekin, arlo humanistiko eta hezitzaile hori jorratzeko ahalegina egiten dutenak, ez administraziotik araututa eta bultzatuta dagoelako, ikastetxe zehatz horiek postura hezitzaileari eusten diotelako baizik, eta ahalegin ekonomiko bat egiten dutelako. 

Dramatizazioaren eta antzerkigintzaren beharra. Zergatik behar da dramatizazioa ikastetxeetan? 

a) Berezko ezaugarriengatik eta izaera baliagarriagatik. Dramatizazioak eta antzerkigintzak dituzten ezaugarriak ez dituzte betetzen beste arloek; beraz, arlo horiek jorratzerakoan, hainbat atal lantzen dira, bai esparru fisikoan, bai intelektualean eta bai jarreretan. Dramatizazioak ezaugarri asko dauzkan arren, hezkuntzari dagokionez, honako hauek aipatuko ditugu, garbi gera dadin zergatik den garrantzitsua ardatz irakasgai gisa curriculumean sartzea: 

  • Parte-hartzailea da. Ezartzen diren askotariko dinamikak, jolas dramatikoak, prestakuntzak, eztabaidak, adostasuneko uneak, talde-lanak, egitasmo dramatiko eta hezitzaileak eta abar jorratzeko, ikasle guztien parte-hartzea bultzatzen du. 

  • Sortzailea da. Ez dago dramatizazioko eskola-ordu bat non ez den zerbait sortzen; etengabeko sormenean jarduten gara, etengabeko prozesu eraikitzailean, ikasturtearen lehenengo egunetik azken egunera arte, era askotako edukiak betez hainbat helburutara iristeko. Beraz, sormen-prozesu horretan, eta adinaren arabera, hezkuntza-gaitasun guztiak betetzeko aukera ezin hobea dugu. 

  • Aktiboa da. Jarduera partehartzailea eta sortzailea den heinean, ezinbestekoa da era aktiboan garatzea. Ikasleak protagonista sentitzen dira, aktibatuta sentitzen dira, eta egiten dutenak zerbaitetarako balio duela sentitzen dute. 

  • Espaziala eta denborazkoa da. Dramatizazioaren munduan, dena da posible, dena gerta daiteke. Mundu errealetik mundu irrealera pasa gaitezke zirt-zart batean, eta, beraz, ez gara agertoki batera mugatzen. Dramatizazioak betetzen dituen hezkuntza edukiak toki eta modu anitzetan egin ahal dira, eta egin behar dira. Horrek haurren espazioa eta denbora hobeto ulertzen, kontrolatzen eta haietaz jabetzen lagunduko du. 

  • Inklusiboa da. Dramatizazioan eta antzerkigintzan, ez da sekula inor baztertua geldituko; are gehiago, jarduera horrek dauzkan ezaugarriengatik, denon arteko berdintasuna bultzatzeaz gain, jendeak “libreago” mintzatzeko eta adierazteko aukera izango du, bai ikastordu formaletan (eztabaida eta dinamika normalean) eta bai dramatizazioak eskaintzen dizkigun roletatik pasatuz unean-unean (aktore, koreografo, zuzendari, gidoigile, publiko…). Beraz, ikasleak egitasmo parte-hartzaile bateko protagonista aktibo eta sortzaileak diren heinean, bermatuta geldituko da denon inklusibitate integrala.

b) Artetik harago: dramatizazioaren eta antzerkigintzaren arteko desberdintasunak. Dramatizazioa (0 urtetik 12 urtera). Helburua ez da antzezlan bat egitea; garrantzitsuena prozesua bera da. Garrantzitsuena ez da aktoreak sortzea, pertsonak heztea baizik. Beraz, dramatizazioak eskaintzen dizkigun aukera eta baliabide guztiak haurren esku utziko dira, pertsona gisa garatu daitezen gaur egun eta etorkizunean. Antzerkigintza (13 urtetik aurrera). Adin batetik aurrera, helburua aldatzen da, eta gazte-nerabe horien interesguneak eta lortu beharrekoak aldatu egiten dira halaber, antzezlanari garrantzi handiagoa emanez, jardun horrekin erabat identifikatuta sentitzen direlako. 

Beraz, irakaskuntzaren barruan dramatizazioaz ari garenean, ez gara ari antzezlan bati buruz; ez gara jantzi, koreografia edota testu dramatiko bati buruz ari. Horretaz ere bai! Baina ez da garrantzitsuena: irakaskuntzaren barnean, dramatizazioaren funtzioa eta papera askoz harago doa. 

Dramatizazioa, irakaskuntzan, ez dugu lotzen artearekin, baizik eta heziketa aurrerakoi, moderno, erakargarri, dibertigarri, motibagarri eta baliagarriarekin, edukiak lantzeko eta helburuak lortzeko. Orain arte, legeak eta araudi guztiek dramatizazioari eman dioten estatusa arte dramatikoarekin lotuta egon da soilik. Eta egia da arte dramatikoa ere badela, baina, hezkuntzari buruz ari garenean, ezin gara horretara mugatu, dramatizazioak dituen ahalbide guztiak alboratuz. Hori Heziketa Fisikoa futbolarekin soilik lotzea bezala litzateke, edo, areago, Athleticekin edo Osasunarekin soilik lotzea bezala. Inork ez luke ulertuko, noski. 

Dramatizazioak eta antzerkigintzak bide propio eta autonomoa dute arte eszenikotik harago, eta horixe da, hain zuzen, jadanik zenbait tokitan lantzen hasi direna (bai Euskal Herrian eta bai Europako hainbat estatutan, gero azalduko dugunez) eta hezkuntza plan berri honetan, gure ustez, sartu beharko litzatekeena, erabakitasunez eta konbentzimenduz. 

Dramatizazioa hezkuntza sistemaren erdigunean. Zertarako? Pertsonak hezteko berezko arlo edo materia gisa, curriculumaren barruan 

Arestian aipatu den bezala, helburua ez da aktoreak sortzea, ez da antzezlanak egitea, ez da produktu artistiko bat taxutzea, baizik eta pertsonak heztea, ikasleen prestakuntzaren eta garapenaren prozesuan tresna erabilgarri eta garrantzitsu hau ezartzea. Hortakotz, hezkuntza gaitasunak jorratzeko, hiru zutabe nagusi hauek planteatzen ditugu:

a) Hizkuntza. Dramatizazioaren edukiak era naturalean lantzen dira, espazio zabalean, jite akademizistatik urrunduz, eta halako giro bat sortzen da ikasleentzat, beste era batean adierazteko eta komunikatzeko. Horrek hizkuntzaren inguruan egin beharreko lan guztia erraztuko digu. Izan ere, euskara “ikastetxeko hizkuntza” izatetik hizkuntza erabilgarri izatera pasatuko da: komunikatzeko, jolasteko, sortzeko, adierazteko, haserretzeko, barre egiteko eta, azken finean, bizitzeko hizkuntza bihurtu beharko dugu. Beraz, programazioetan, edukietan, jolas dramatikoetan eta gure jarduera guztietan, hizkuntza izango da beste guztia jorratzeko gure lehenengo zutabea eta abiapuntua. Horretarako, ziklo bakoitzaren hizkuntza premiak aztertuko dira, eta horren araberako estrategiak ezarriko dira. 

b) Edukiak. Bigarren zutabe nagusi honetan, eduki pertsonalak, kolektiboak eta teknikoak hartuko ditugu kontuan. 

Norberarenak. Asko izan arren eta gehiago zehaztu beharko den arren, eskematikoki esan dezakegu, dramatizazioaren bidez, honako atalak jorratuko ditugula behinik behin: 

  • Garapen kognitiboa: gorputzaren mugimenduak, ahotsaren intonazioa, bolumena eta kontrola, begiradaren adierazkortasuna… 

  • Sentimendu eta emozioen lanketa: poztasuna, tristura, frustrazioak, harridura, maitasuna, lotsa… 

  • Espazioa eta denbora: hurbila, urruna, erreala, irreala.. 

  • Irudimena eta adierazpenak: norberaren adierazpen librearen garapena. 

Kolektiboak. Gizarte bateko partaideak garen heinean, gizarte aurrerakoi bat garatzeko konpromisoa hartu behar dugu. Zentzu horretan, hezkuntza plan berri honi ezinbesteko ekarpenak egin diezazkiokegu dramatizazioaren eta antzerkigintzaren arlotik.

  • Balio aurrerakoiak. Gure gizartearen oinarriak dira elkartasuna, eskuzabaltasuna, adiskidetasuna, norberarekiko eta ondokoekiko errespetua, arduratsua izatea, enpatia, generomberdintasuna, pertsonen arteko berdintasuna, jazarpenmegoerak ekiditea eta horrelako balioak, eta, horren ondorioz, dramatizazioaren bidez landuko diren gai eta formetan isla argia izateaz gain, ezinbesteko abiapuntutzat hartuko ditugu. 

  • Elkarbizitza. Balioekin erabat lotuta dago. Denon arteko bizikidetzaren oinarriak eraikitzeko, ezinbestekoa da nork bere burua ezagutzea eta onartzea, eta, era berean, gure kideak ere onartzea eta haiekin jarrera positiboak izatea. 

  • Harremanak eta komunikazioa. Euskal gizartea komunikazio eremu handi bat da, eta horregatik, gure jarduera hezitzailearen zati garrantzitsuenetakoa da txikitatik elkar ulertzea, elkarrekin komunikatzen ikastea, adostasunetara iristen ikastea; beraz, jorratu beharreko alderdia da. 

Teknikoak. Atal honetan, “humanistikoak” ez diren gaiak sartuko genituzke, baina garrantzitsuak direnak zenbait eduki barneratzeko; esaterako, matematikako kontzeptuak, geografiakoak, etab. 

c) Testuinguru kulturala eta soziala. Gure kokapen geografikoa, soziala eta kulturala Euskal Herria denez, dramatizaziotik egin beharreko transmisioa errealitate kultural horrekin lotuta egongo da ekinbide gehienetan: abestietan, testuetan, egitasmoetan, etab. 

Aipaturiko hiru zutabe nagusi horietan sakonduz gero, hezkuntzaren gaitasun guztietara iristen da dramatizazioaren bidez, ardatz irakasgai gisa hartzen badugu. 

XXI. mendean, dramatizazioari dagokion tokia eman behar zaio, besteak beste, dituen ahalbide guztiak garatu ditzan ikastetxeetan, betiere heziketa aurrerakoi baten barnean. 

Irakasleen prestakuntza 

Hau guztia egiteko, hezkuntza komunitatearen gehiengoaren adostasuna behar dugu, behar diren baliabide guztiak aktibatzeko. Izan ere, irakasleak prestatu beharko dira, materialak berritu eta sortu, programazio elkartuak egin beharko dira, eta abar. Urteetako lana izango da, baina, zorionez, hainbat urrats jadanik eginda daude, eta esperientziak egon badaude; orokorrean, oso positiboak izan dira gainera. 

Esperientziak hemen eta kanpoan 

Esan bezala, ez gara hutsetik hasten, jadanik hainbat urtetako eskarmentua dugu. Eta horri esker aurkez dezakegu konbentzimendu osoz proposamen hau: dramatizazioa curriculumaren barruan txertatzea, gai nagusi edo ardatz irakasgai gisa. 

Euskal Herrian, erregistrorik ez dagoen arren, dramatizazioa eta antzerkigintza jorratzen dira hainbat tokitan gaur egun. Kasu askotan, curriculumaren barruan (ikastetxeen borondateagatik), eta beste batzuetan, ordutegitik kanpo. Batzuetan, didaktika zehatz baten bidez, beste batzuetan beste dinamika mota baten bidez, baina, orokorrean, badago arlo hau jorratzeko nahia eta beharra hezkuntza komunitatearen barnean; areago, ikastetxe askotan dramatizazioa eskaintzen ez bada, arrazoi ekonomiko hutsengatik da. Une honetan, Bilbon, Arratian, Uribe Butroen, Uribe Kostan, Debagoienan, Iruñean, Donostian, Iparraldeko zenbait tokitan, Enkarterrin, Txorierrin eta beste hainbat tokitan dramatizazio eta antzerkigintzako eskolak ematen dira, baina horiek guztiek eta etor daitezkeenek abaro baten beharra daukate, babes ofizial eta eraginkor bat behar dute, eta, gure ustez, hezkuntza plan berrian agertu behar luke horrek. 

Askotan, inguruko herri eta estatuetara begiratzen dugu, ea hezkuntzan hor zehar zer egiten duten ikusteko. Eta esan beharra dago beste toki askotan askoz aurreratuago daudela. Erresuma Batuan, Suedian, Portugalen edo Norvegian, esate baterako, dramatizazioari eta antzerkigintzari egundoko garrantzia ematen diete, erabakitasunez, eta horren ondorioz, curriculumetan sartuta dauzkate. Turkia, Grezia edo Kroazia motelago doaz, baina duintasunez tratatzen dituzte, betiere. 

Amaitzeko 

Hemen aurkeztu dizueguna eskema bat besterik ez da. Honek guztiak bere garapena beharko luke baldin eta denon arteko adostasuna lortuko bagenu; hau da, dramatizazioari eta antzerkigintzari garrantzia emango bagenie eta hezkuntzaren barruan beren tokian kokatuko bagenitu, curriculum barruko ardatz irakasgai gisa, haurren heziketarako ezinbesteko arloa delako.