Xabier Sarasua, Iraleko irakaslea eta hikhasitarra.
Adiskide bati entzun diot droga ilegalak mesedegarri zitzaizkiola gaztetan; aldiz, orain hartu behar izaten dituen legezko drogek (botikek) kalte egiten diotela.
Mesede ala kalte, askok bilatzen dugu egunerokoan lasaigarriren bat (tabakoa...), erritmo biziari eusteko pizgarriren bat (kafea, edari energetikoak...), alaitzeko, ahazteko edo errazago sozializatzeko bixigarriren bat (alkohola) edota estresaren ondorioei aurre egiteko botikaren bat (ibuprofenoa, antsiolitikoak...).
Agian hobe genuke aztertu zerk eragiten digun desoreka, ondoeza edota etengabeko estresa, eta saiatu egoera kaltegarri hori aldatzen; edo, gutxienik, kausa hori orekatzen edo kaltea sendabidean jartzen, arima elikatzen duten jarduerak nahiz gorputza orekatzen dutenak bilatuz eta harreman aberasgarriak landuz.
Gure haurrak eta gaztetxoak ere berehala igarotzen dira euren plazeborako tiritatik gurasoen plazeborako Dalsy-ra! Eta lehen urtean 31 dosi txerto ematen zaizkie (EAEn), gurasoen beldurrak uxatzeko. Defentsak indartzeko balio duten betiko gaixoaldiak ere ekidin nahi ditugu, baina zer preziotan? Ba ote du zerikusirik gaur egun ugaritzen ari diren gaitzekin?
Bestalde, arretan edota portaeran zailtasunak dituzten neska-mutilei azkar asko errezetatzen zaizkie geuretzat nahiko ez genituzkeen pilulak. Baina, erremedioak alde batera utzita, zerk eragin ote dezake haurren artean nahasmenduak eta bestelako arazoak horrenbeste ugaritzea? Aldaketak ez dira kasualitatez gertatzen. Zenbat hilabeterekin banantzen ditugu gurasoen besoetatik? Zenbateraino aldendu ditugu naturatik eta errealitatetik, eta unibertso birtualetan murgilduarazi? Hori gutxi balitz bezala, a zer-nolako estresa sorrarazten diegun sarritan gurasook eta irakasleok: goizegi jaikiarazi, eserita eta geldi luze egonarazi, interesik pizten ez dieten zereginetan arretaz irautera behartu, asperduratik sormena pizteko behar duten denbora librea ebatsi...
Ume eta gaztetxo asko emozionalki gaizki dauden arren, konponbide onik ez dator drogen bidetik. Agian, hezitzaileok nahiz gurasook geure buruak emozionalki zaintzen hastea izan liteke lehenengo pausoa. Eta bigarrena, haurrengana edo gaztetxoengana errespetuz eta zaintzeko arduraz hurbiltzea.
Ondo zioen Nelson Mandelak: haurrak tratatzeko moduak definitzen du ondoen gizarte (edo zibilizazio) baten gizatasun maila.