Droga Abusuaren eta Legez Kanpoko Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Eguna da ekainaren 26a.
Droga Abusuaren eta Legez Kanpoko Trafikoaren Aurkako Nazioarteko Eguna da ekainaren 26a. Aukera ematen du egun horrek drogen kontsumoaren gainean gazteek dituzten kezkak eta jokabideak ulertzeko, prebentzioari begirada zabalagoz heltzeko eta hezkuntzatik zer egin daitekeen aztertzeko.
Azken urteotan drogen gaineko kontzientzia handiagoa badago ere, oraindik ere sarri lantzen da gaia hezkuntzan beldurraren, debekuaren edo mezu itxien bidez, eta ez gazteek bizi duten errealitatea ulertzeko eta harekin modu zintzoan konektatzeko beharra hartuta kontuan. Testuinguru horretan, Ailaket Elkarteak egiten duen lanak ikuspegi esanguratsua eskaintzen du prebentzioa zer den eta gazteekin gai hau nola landu daitekeen ulertzeko. Izan ere, hau dio Jokin Segoviak, Ailaket Elkarteko koordinatzaileak: "Bizitzako beste edozein esparrutan bezala, garrantzitsua da drogen gainean ezagutza kritikoa eta garatua izatea, babes faktore bat izan daitekeelako kontsumo posibleen aurrean".
Segoviak ohartarazi duenez, hezkuntzan drogen gainean eman izan den mezua oso oinarrizkoa izan da sarri, eta ezezkoa ematean dagoela gakoa azpimarratzen du. Baina, aldi berean, gogorarazten du gizartearen zati handi batek droga legalak edo ilegalak kontsumitzea erabakitzen duela, eta, horren aurrean, ezinbestekoa dela gazteei tresnak eskaintzea: "Gu saiatzen gara baiezkoa eman duen jende horri tresnak eskaintzen, kontsumo horrek izan ditzakeen arriskuak ahal den neurrian gutxitzen saiatzeko".
Bizitzako beste edozein esparrutan bezala, garrantzitsua da drogen gainean ezagutza kritikoa eta garatua izatea, babes faktore bat izan daitekeelako kontsumo posibleen aurrean
Jokin Segovia, Ailaket Elkarteko koordinatzailea
Normalizatutako kontsumoak eta arriskuaren pertzepzioa
Gazteen artean, drogen gaineko kezka ez da beti hasten substantzia ilegalekin. Aitzitik, egunerokoan oso presente dauden produktu eta ohiturek leku handia hartzen dute, eta, Segoviak azaldu duenez, horiexek agertzen dira sarri haien zalantzen erdigunean ere: "Gazteenek batez ere zigarreta elektronikoa, kafeinadun edari energetikoak, alkoholaren kontsumoa eta tabakoa dituzte buruan; horiek izaten dira haien kezka nagusiak". Hala ere, badakite kontsumoek ondorio txarrak izan ditzaketela, baina normalean dauzkaten erreferentziak oso muturreko egoerak izaten direla azpimarratu du Segoviak, mendekotasunen edo kontsumo luze eta arriskutsuen ondorioz gertatzen direnak, alegia: "Gazteei tarteko puntu horren irudikapen bat falta zaie; hau da, ohiko kontsumitzaile baten eta kontsumo problematikoa duen pertsona baten arteko eredua edo figura".

Normalizazio horretan, gainera, sare sozialek ere badute eragina. Segoviaren hitzetan, gazteek erreferentzia moduan dituzten pertsonak horrelako gauzak kontsumitzen ikusteak gauza bera egitera bultzatzen ditu gazteak, eta horrek jokabide batzuk ohikoagoak edo kaltegabeagoak balira bezala ikusarazten ditu. Adibide gisa jartzen du zigarreta elektronikoa Segoviak: "Oso normalizatuta dago zigarreta elektronikoaren erabilera gazteen artean, nahiz eta jakin arriskuak izan ditzakeela". Edari energetikoekin ere antzeko zerbait gertatzen dela gaineratu du Ailaket Elkarteko koordinatzaileak; izan ere, arriskuaren pertzepziorik ez dagoenez ia, ez dute inolako arazorik ikusten. Horrek azalduko luke, neurri batean, oso gazteak izan arren kafeina dosi handiak hartzen aritzea: "Azkar garatzen dute tolerantzia gazteek, eta, konturatzen ez badira ere, ondorioak izaten dituzte; adibidez, arretan, lo egiteko garaian eta antzekoetan".
Gazteei tarteko puntu horren irudikapen bat falta zaie; hau da, ohiko kontsumitzaile baten eta kontsumo problematikoa duen pertsona baten arteko eredua edo figura
Jokin Segovia, Ailaket Elkarteko koordinatzailea
Gazteekin zintzotasunez hitz egitea
Drogen prebentzioan, Segoviak argi du helduok bi akats nagusi egiten ditugula askotan. Azaldu du drogen gaineko hezkuntza beldurraren bidez kudeatzeko joera dagoela, batetik, eta ohartarazi du kontsumoaren aurrean beldurra sortzera bideratzen direla mezuak, arriskuak gehiegi handituz edo arriskuei buruz soilik hitz eginez. Bestetik, azpimarratu du ez garela beti zintzoak izaten gazteekin gai honetaz hitz egitean; askotan, rol jakin bat hartzen saiatzen gara, gure kontsumo propioak ezkutatuz edo aintzat hartu gabe, eta sinesgarritasuna kentzen du horrek: "Gazteak ez dira inozoak, konturatu egiten dira horretaz. Horregatik, gai hau lantzeko modurik egokiena zintzotasunean eta errespetuan oinarritzea dela uste dut, gazteekin gaia zintzotasunez lantzea. Horrek ez du esan nahi edozer ontzat ematea, baina bai gazteek hartzen dituzten erabakiak ulertzeko ahalegina egitea eta, aldi berean, behar diren mugak jartzea. Horrela soilik eraiki daiteke benetako konfiantza, eta konfiantza hori da, hain zuzen ere, prebentzio eraginkorrago baterako abiapuntua".