Euskal eskola publikoa eta ebaluazio prozesuak.
Ebaluazio prozesuak eraldatzeko gaitasuna izeneko hitzaldia eskaini zuen Andy Morodok Euskal eskola publikoa eta ebaluazio prozesuak. Non gaude eta nora goaz? izenburupean HEIZEk antolatutako XI. Jardunaldi Pedagogikoetan. Psikologian lizentziaduna, irakaslea eta ikerlaria da Morodo. Ebaluazioaren eta feedbackaren gaineko ikerketa ugari egin ditu, eta gure inguruko hainbat ikastetxerekin lanean dihardu. Hitzaldian esandakoak jaso ditu Hik Hasik.
Gauzak aldatzen hasteko lehen pausoa ebaluazioa aldatzea da: ebaluazioa aldatzen dugunean, guztia aldatzen dugu. Nola ebaluatzen dugun eta nola ebaluatu nahi dugun pentsatu behar dugu, baina ordena jakin bati jarraituz: lehenik, ebaluazioa zehaztuko dugu, eta, ondoren, metodologiaren gaineko erabakiak hartuko ditugu.
Gure misioa ikasleak gero eta trebeagoak izatea da, eta foku hori ez dugu inondik inora galdu behar. Ikasleek ikasteko egoerak nola ebazten dituzten aztertu behar dugu, zer ikasketa sendotu behar dugun eta nola irakatsi behar dugun erabakitzeko.
Entrenatzaileen eta sendagileen antzekoak izan beharko genuke, nolabait, haien antzera egiten baitugu lan. Irakaslearen helburua ikasleek hobetzea da, trebeagoak izatea. Entrenatzailearen helburua taldeak hobera egitea da, taldeak gehiago eman dezala; eta sendagilearen helburua, berriz, gaixoek hobera egitea da, pertsonak osasuntsuago egon daitezela. Baina, zer da ebaluazioa haietako bakoitzarentzat? Entrenatzailearen kasuan, kirol zelaian gauzak nola doazen aztertu behar du, entrenamenduetan zer indartu behar den ikusteko eta jokalariei argibideak emateko. Sendagileak gaixoen sintomak eta ezaugarriak aztertuko ditu, kasu bakoitzean tratamendurik onena zein den erabakitzeko eta haien bilakaeraren jarraipena egiteko. Eta, irakaslearentzat, ebaluazioa ikasleek ikasteko egoerak nola ebazten dituzten aztertzea da, eta, hortik abiatuta, zer ikasketa indartu behar diren, nola irakatsi behar duen eta feedbacka nola eman dezakeen aztertzea.
Nola erabakitzen du irakasle bakoitzak bere esku-hartzea? Egin dituen aldaketek hobekuntzarik ekarri ote duten egiaztatuko du entrenatzaileak, eta beste entrenatzaile batzuei behatuz eta jokalariei eta lankideei entzunez ikasiko du. Sendagileak gaixoaren bilakaeraren jarraipena egingo du, eta ebidentzia zientifikoetan, prestakuntzetan eta kongresuetan oinarrituta eguneratuko du bere jakintza. Irakasleak, berriz, ebaluazio jarraitua egingo du, besteei behatuz eta ikasleei eta lankideei entzunez ikasiko du, eta ebidentzian eta prestakuntzan oinarrituta gaurkotuko ditu bere jakintzak.
Zertan oinarritu behar dugu erabakiak hartzeko?
Erabakiak hartzeko, bi alderditan oinarritu behar dugu: alde batetik, curriculumean eta indarrean dagoen araudian, eta, bestetik, ebidentzia zientifikoan.
Zer dio araudiak? “Ebaluazioa irakaskuntza zein ikaskuntza prozesuen hobekuntzarako tresna gisa erabili beharko da” (77/2023 dekretua, maiatzaren 30ekoa. 2024ko urtarrilaren 22ko agindua). Araudiak dio ebaluazioa hobetzeko tresna bat dela eta ez dela helburu bat. Beraz, ebaluazioak zer hobetu behar dugun esango digu. Era berean, honako hau dio: ebaluazioak globala, jarraitua eta hezigarria izan behar du.
Ebaluazioaz ari naizenean, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea ebaluazio hezigarriari buruz ari naizela. Kalifikazioa beste zerbait da; kalifikazioa notak jartzea da. Era berean, nabarmendu behar dugu ikasleak zehaztutako konpetentzia lortu duen ebaluatzen dugula, eta ez haren jarrera edo jokabidea.
Hobetzeko ebaluatzen dugu, beraz: ikasleen konpetentziak hobetzeko, alde batetik, eta gure jarduna, metodologiak eta prozedurak hobetzeko, bestetik. Eta, zentzu horretan, garrantzitsua da ikasleei hobetzeko aholkuak ematea: zer hobetu behar duten eta nola hobetu beharko luketen esan behar diegu. Ikasgelan zerbait egiten hasten garen bakoitzean, horren helburua zein den jakin behar dute, bai eta gure irizpideak zein diren ere. Izan ere, zer nahi dugun azaltzen ez badiegu, ikasleek ez dute ongi egingo. Bestalde, eskatzen diegun horri dagokion eredu bat aurkezteak asko errazten du ikasketa. Une oro buruan izan behar dugun helburua da ikasleak egunetik egunera hobeak izatea.
Irakasleoi dagokigunez, zer egiten dugun eta zer hobetu daitekeen ikusi behar dugu; hain zuzen ere, proposamenak pentsatzeko erabili beharreko espazioak dira ebaluaziorako saioak.
Holako hauek izango dira zuzendaritza taldearen eginkizunak:
Ikasketa eta garapena erraztuko ditu klaustroko irakasleen artean: irakasleen arteko lankidetza eta elkarren arteko behaketa bultzatuko ditu, eta estrategiak partekatzeko espazioak eta uneak erraztuko ditu.
Lurraldeko beste ikastetxe eta erakunde batzuekin sarean egingo du lan.
Tutore ekintzarako plan on bat ezarriko du. Helburua ikasleak orientatzea eta feedbacka ematea da.
Lana optimizatzeko tresnak eta txantiloiak eskainiko ditu.
Eredu ona emango du, eta ikastetxean giro ona sustatuko du.
Konpetentzien bidezko ereduak jakintzak eta konpetentziak bereizten ditu, eta konpetentziak egoerak ebazten jakitea esan nahi du. Beraz, horren arabera diseinatu beharko ditugu proposamenak. Hezkuntza sistemak erdigunean jartzen ditu ikasteko egoerak, eta gure lan nagusia ikasleei planteatuko dizkiegun erronkak diseinatzea da. Erronka horiek gainditzeko jakin behar dutena erakutsi behar diegu. Eta aintzat hartu behar dugu ebaluatzea aholkatzea dela, bestela ez baitu ezertarako balio. Bide horretan, feedbacka emango diegu, eta berriro egingo dute egin beharreko lana. Paradigma aldaketa da: sistema ziklikora pasatzen gara. Feedbacka bi aldiz egin beharko dugu gutxienez, edo hiruzpalau aldiz, egoeraren arabera. Nahi dugun emaitza jasotzeko modu bakarra ikasleak bultzatzea da lan hori berriro entregatu dezaten. Sistema horrek ikasleen produkzio gutxiago izatera eramango gaitu, baina edukiko duguna landuagoa izango da, behin eta berriz errepikatutakoa, eta ikasleek barneratua izango dute. Curriculumak hainbat eduki finkatzen ditu, baina askatasun handia dugu gaiak aukeratzeko eta gure erara moldatzeko. Beraz, ez dugu inolako arazorik aipatutako modu horretan aritzeko.
Ebaluazioa egokia izan dadin, fase guztiak aintzat hartu beharko ditugu. Hiru fase dira:
Informazioa biltzea: ikasketaren ebidentziak eta ikaslearen ezaugarriak kontuan hartu behar ditugu.
Informazioa aztertzea: ebaluaziorako tresnak, irizpideak eta adierazleak zehaztu behar ditugu.
Erabakiak hartzea: feedbacka sortuko dugu, eta horren araberako hobekuntzak bultzatuko ditugu. Azken batean, ebaluatzea erabakiak hartzea da.
Kalifikazioa vs. ebaluazioa
Ebaluazioa eta kalifikazioa ez dira gauza bera, eta ikuspegi aldaketa egin behar dugu: egiaztatzetik hobekuntzara pasatu behar dugu.
Kalifikatzea notak jartzea da, eta ikasturte amaieran egiten da hori. Txosten kualitatiboak idatzi behar ditugu, ikasleak zer eta nola hobetu dezakeen jasotzen dutenak. Izan ere, familiak txostena ulertzea nahi badugu, aholkuak idatzi behar ditugu. Geure erabakiek zehaztasun zientifikoa izan behar dute, eta ikasleek ikasten ikastea erraztu behar dugu.
Feedbackaren garrantzia azpimarratu nahi nuke berriro ere: kalitatezko feedbacka emateak ikasketa hobetzen du. Feedback horrek, jakina, hobetzera bideratutakoa izan behar du, eta ikasleek lana amaitu eta ahalik eta azkarren jaso behar dute. Hobe da ahoz egiten bada, eta zer hobetu behar duten eta nola hobetu behar duten esatera bideratu behar dugu. Ikasleari “hobetzeko hauxe egin dezazun gomendatzen dizut” esan behar diogu, eta autoebaluazioa eta koebaluazioa ere aintzat hartu behar ditugu. Beraz, hori guztia kontuan hartuta, ikasleak zer eta nola hobetu behar duen agertzen duten txosten kualitatiboak idatziko ditugu.
Era berean, oso garrantzitsua da ulermena lantzea. Ulermena lantzen badugu eta ikasten ikas dezaten laguntzen badiegu, gure ikasleen arrakasta akademikoa ziurtatuko dugu. Oso garrantzitsua da ikasleak gelan taldeka egotea; etapa guztietan ahaztu beharko genituzke banakako mahaiak. Eta beste alderdi batzuk ere kontuan hartu behar ditugu: ez du funtzionatzen ikasleak maila akademikoaren arabera taldekatzeak, ez eta ikasturtea errepikatzeak ere. Ikasturtea errepikatzeak ez du ikasketa prozesuan laguntzen; motibazioak eta autoestimuak behera egiten dute, eta ikasketa prozesua ez da hobetzen. Ikasturtea errepikatzea neurri pedagogikoa da, ez da zigor bat, eta notak ere ez dira zigor bat, ezta xantaia bat ere. Analitika baten modukoak dira, eta ez ditugu ikasleak emaitzen arabera zigortuko, baina tratamendua jarriko diegu.
Eta nola irits gaitezke hori guztia egitera? Lehenik, lehentasunak markatu behar ditugu. Helburua garbi izan behar dugu, eta garrantzitsua den horretan aritu behar dugu. Bigarrenik, tresna egokiak erabili behar ditugu. Gaur egun, badira ebaluazioa egiten laguntzeko hainbat tresna digital: iDoceo, AdditioApp, CoRubrics… Baina izarra ChatGPT da: adimen artifiziala. Jarduerak eta ariketak, ikasteko egoerak edota ebaluazio tresnak sortzeko eta egokitzeko balio du. Eta azken emaitzei, metodologiei edo materialei buruzko ideiak ematen ditu. Horrek denbora irabazteko aukera ematen digu, eta aurrezten dugun denbora tarte hori ikasleei orientazioa eskaintzen pasa dezakegu. Askotan, denbora falta izaten dugu, eta denbora aurrezteko tresnak dira horiek guztiak.
Hausnarketarako galdera batzuk ere ekarri nahiko nituzke hona:
Egokiak al dira zure programazioak konpetentziak lantzeko (curriculumeko irizpideak kontuan hartuz)?
Ikasleek hasieratik ulertzen al dituzte helburuak eta irizpideak?
Feedbacka ematea al du helburu zure ebaluazioak, hobetzeko aholkuak ematea?
Erabakiak hartzeko eta aldaketak bultzatzeko erabiltzen al duzu ebaluazioa?
Zure kalifikazioek egiaz adierazten al dute ikasleek konpetentzien arloan lortu duten maila?
Laburbilduz
|
|
|
|