Hezkuntzaren Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresuak 1.000 lagun inguru bildu zituen Bilbon martxoaren  9an eta 10ean.

 

Hezkuntzaren Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresuak 1.000 lagun inguru bildu zituen Bilbon martxoaren  9an eta 10ean. Bi egunetan akademia munduko profesionalak, ikuskariak, ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, orientatzaileak eta administrazioetako hezkuntza profesionalak elkartu ziren. Abiapuntu eta ikuspegi askotariko testigantzen eta esperientzien topaleku bihurtu zen Euskalduna Jauregia: zortzi herrialdetako adituen hitzaldiak eta 102 poster horren lekuko. Eta guztiak  asmo berarekin: ebaluazioa hezkuntza eremuak  hobetzeko erabiltzea.

 

Eremu edo ertz asko ditu hezkuntzak eta ebaluazioa horiek hobetzeko erabili daitekeela baieztatu zuten kongresuan parte hartu zuten hizlariek. Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere hala ondorioztatu zuen: “Uste dut hemen bildu garen guztiok ebaluazioaren kultura sendotzea nahi dugula eta prestigioa eman nahi diogula”. Inork ez zuen zalantzan jarri ebaluazioa lagungarria dela hobekuntzak gauzatzeko: hizkuntzen irakaskuntzan, ikasleen aniztasunari erantzuterakoan, ikasleen arrakasta bermatzeko, irakasleen lana hobetzeko, ikastetxeen funtzionamenduak hobera egiteko… Horretarako, baina, ebaluazioak eraginkorra izan behar du eta horrek hainbat alderdi lantzea eta kontuan hartzea eskatzen du: elkarlanean aritzea, irakasleak konpromisoa hartzea, adimen artifizialaren laguntza modu egokian erabiltzea eta gizarte hobeagoa izateko bokazioarekin gauzatzea, besteak beste. “Argi daukagu ebaluazioaren misioa zubi bat eraikitzea dela, azken helburua ikasleen arrakasta bermatzea delarik”, azpimarratu zuen Pedrosa sailburuak.

Arrakastari eta eraginkortasunari buruz aritu zen, hain zuzen ere, Luis Lizasoain EHUko irakasle ohia. Ebaluazioa, ekitaterako, eraginkortasunerako eta hobekuntzarako tresna? izeneko hitzaldia eskaini zuen Lizasoainek eta kalitatea denontzat eta inolako diskriminaziorik gabe lortu behar dugula esanez hasi zen. Ebaluazio diagnostikoari buruz aritu zen eta ebaluazioaren azken helburua gure sistemen hobekuntza erreala bultzatzea izan behar duela azpimarratu zuen.

 

 

Ikastetxerik onenen bila

Lizasoainen esanetan, ikastetxerik onenak identifikatu behar ditugu haien praktika onak ezagutzeko eta hain ongi funtzionatzen ez duten ikastetxeen hobekuntza bultzatzeko. Eta zein dira ikastetxerik onenak? Urte luzez egindako hainbat ikerketen emaitzak aintzat hartuta, ikastetxe onek dituzten ezaugarriak aipatu zituen Lizasoainek: “Faktore sozioekonomikoek eta kulturalek inpaktu handia dute. Ikastetxearen testuingurua kontuan hartzea ezinbestekoa da”. Aldagai gehiago ere badira, ordea. Errendimendu altuko ikastetxeek ezaugarri hauek izaten dituzte:

  • Ikasleen lanaren kontrol handia egiten dute.

  • Irakasleen ongizate emozionala zaintzen dute.

  • Aniztasunari aurre egiteko duten moduak garrantzi handia du.

  • Lana errazten duen klima dago eta profesional asko gatazken ebazpenean edo bitartekaritzan formatu dira.

  • Barne baliabideen kudeaketa oso eraginkorra dute. Errefortzu programak dituzte, errendimendu baxua duten ikasleei arreta berezia eskaintzen diete eta eskola batzuetan ko-irakaskuntza dago. Zailtasunen detekzio goiztiarra egiten dute eta esku-hartzea lehenbailehen egiten da.

  • Denek partekatzen dute ikuspegi eta filosofia propio bat.

  • Ebaluazioa ikaskuntzarako tresna gisa erabiltzen dute; izaera formatiboa du.

  • Ikasleekiko zein irakasleekiko espektatiba altuak dituzte.

  • Metodologiei dagokienez aniztasuna dago eta konpetentzia bidezko ikuspegia nagusitzen da.

  • Egunerokoaren kudeaketa oso ongi antolatuta eta planifikatuta dago. Koordinazio handia dago.

  • Klaustroaren dedikazioa handia da eta irakasleek ikastetxearen hezkuntza ikuspegi integralarekin bat egiten dute.

  • Lidergo demokratikoa dute, ikuspegi pedagogikoa duena. Talde lana da nagusi.

  • Formazioa eta etengabeko hobekuntza. Zuzendaritza taldeak formazioak antolatzen eta bultzatzen ditu eta beharren ebaluazio sistematikoa egiten da.

  • Zuzendaritza taldeak programen eta ekintzen ebaluazioa bultzatzen du. Ondoren  autoebaluazioa ere egiten da, ebaluazioa bera datu iturri gisa erabiliz.

Eraginkortasun txikiagoa duten ikastetxeetan konplexutasun handiko egoeretatik eratortzen diren zailtasun eta arazo sistematikoak daudela aipatu zuen Lizasoainek. Hauek dira horien ezaugarriak:

  • Langile taldearen egonkortasun falta, batez ere ikastetxe publikoetan.

  • Irakasleen formazioa ez da taldean hartutako erabakia.

  • Segregazio ekonomikoa dago eta talde jakin batzuetako kide izateagatik gertatzen den segregazioa ere bai.

  • Klaustroa zatituta egoten da eta koordinaziorik ez.

  • Errepikatzea ohikoa izaten da.

  • Ikasgelako denboraren kudeaketa ez da ona.

  • Ikasleekiko espektatiba baxuak izaten dituzte.

  • Familiekin duten harremana konplikatua da.

  • Ikastetxe batzuek ikasleak errendimenduaren arabera taldekatzen dituzte.

  •  

Ideia bat argi utzi nahi izan zuen Lizasoainek: “Edozein ikastetxe eraginkortasun altuko ikastetxea izan daiteke. Praktika onak bi elementuren mende daude: profesionaltasuna eta konpromisoa”.

 

 
Gizarte-bokazioa duen ebaluazioaren ezaugarriak

Paula Elosua hizlariak kontzeptu berri bat aurkeztu zuen: gizarte-bokazioa duen ebaluazioa. Psikometriako katedraduna da EHUn eta Psikologian doktore izateaz gain informatika eta estatistika ikasketak ditu. “Gaur egun, neurketa hutsetik harago, ebaluazioa eraikuntza eta praktika soziala dela aitortzen da”. Hitz horiekin gerturatu zen kontzeptura Elosua.

Ebaluazioaz hitz egiten hasi ziren lehenak txinatarrak izan ziren, VI. urtean. Geroztik helburu desberdinetarako eta modu askotara erabili izan da: “Gaur egun ebaluazioa praktika sozial bat da”, azpimarratu zuen Elosuak. “Hasteko, gizarte jakin batean eta testuinguru jakin batean sortzen da, eta beraz, kontuz ibili behar da interpretazioekin. Bigarrenik, ebaluazioa informazioa lortzeko erabiltzen da; beraz, informazioa ekintzak bideratzeko erabili behar da eta ekintzek sozialki erabaki arduratsuak hartzeko izan behar dute. Hori da UNESCOk dioena eta guk hezkuntzan jarraitu behar duguna. Horri deitzen diogu gizarte-bokazioa edo erantzukizuna duen ebaluazioa; ez da zenbaki bat ematea, zerbait zabalagoa da”.

Erabaki arduratsuak hiru mailatan hartzen direla azaldu zuen Elosuak: makroan, mesoan eta mikroan; hau da, hezkuntza sisteman, ikastetxean eta gelan: “Beraz, maila edo foku horietako bakoitzaren arabera definituko ditugu helburuak eta zehaztuko ditugu prozedurak eta puntuazioaren erabilera. Ideala mikrora iristea da, gelara. Baina batzuetan, mikrora iristeko makrotik pasa behar da. Horregatik, hiru fokuak gogoan izatea garrantzitsua da”.

 


Edozein ikastetxe eraginkortasun altuko ikastetxea izan daiteke

Luis Lizasoain, EHUko irakasle ohia


 

Eta hiru arloetan lan egiten dutenak elkarlanean aritzea ezinbestekoa da gizarteari begiratzen dion ebaluazio tresna sortzeko: psikometristak, curriculum adituak, instituzioak eta irakasleak. Psikometristak ebaluazioa teknikoki diseinatuko du. Curriculum adituak ikaskuntza prozesuaren elementu gakoak zein diren esango dio psikometristari, ebaluazio tresna eta curriculuma lerrokatuta egon daitezen. Administrazioak baliabideak emango ditu eta interpretazio instituzionala egingo du. Eta hori dena irakasleari iritsi behar zaio, emaitzak bideratu ditzan eta ekintza pedagogiko bihurtu ditzan. “Hori guztia ez baldin bada kontuan hartzen, ez dugu lortuko koherentea eta gizarteari begiratzen dion ebaluazio sistemarik”,  gaineratu zuen Elosuak. “Are gehiago, guztien inplikazioa behar da, batez ere irakasleena. Ebaluazioan inplikaziorik ez baldin badago, ez dago ezer. Eta ebaluazio hezitzailean irakaslea inplikatzen ez bada, ez dago ezer egiterik”.

Elosuak gehitu zuen inplikazioaren oinarrian prestakuntza eta pertzepzioa daudela: “Prestakuntzarik ez baldin badago eta pertzepzioa ezkorra baldin bada, ebaluazioak ez du gauza positibo askorik ekarriko”. Horregatik, garrantzitsua da irakasleen mugak, iritziak, itxaropenak, motibazioa eta prestakuntza ezagutzea eta lantzea.

EHUko katedradunak onartu zuen oso konplexua dela ebaluazio tresna bat sortzea. Haatik, prozesu horretan argi eduki beharreko puntuak zein diren azaldu zuen: “Zer, zertarako, baliotasuna eta nola. Ongi definitu behar da zer eta zertarako neurtuko den eta nola aplikatuko den. Eta horrekin batera interpretazioa eta komunikazioa ere oso inportanteak dira. Errealitatea eta testuingurua aintzat hartuta interpretatu behar dira datuak. Eta komunikazioari dagokionez, ebaluazioak argia izan behar du, aurretik ongi azaldu behar da zer eta nola ebaluatuko den. Eta ebaluazioa egin ondoren berdin. Normalean txostenak egiten dira, eta egokiak izan arren kontuz txostenekin; icebergaren azken punta baizik ez dira, eta ez dute azpikoa islatzen”.

Horregatik azpimarratu zuen psikometristak funtsezkoa dela ebaluazio tresnak ongi erabiltzea: “Erabilera arduratsua eta koherentea egin behar dugu. Gizarte-bokazioa duen hezkuntza-ebaluazioak teknikoki zorrotza izan behar du, ekitatearen aldeko erabakiak gidatzeko balio behar du, datu esanguratsuak sortu behar ditu eta arduraz erabili behar ditu”.

 


Gizarte-bokazioa duen ebaluazioak erabilera arduratsua eta koherentea eskatzen ditu

Paula Elosua, Psikometriako katedraduna EHUn eta Psikologian doktore


 

EKHA, konpetentziak ebaluatzeko tresna digitala

Joe O´Hara Hezkuntzako katedradunak eta Dublin City Unibertsitateko irakasleak bere hitzaldian adierazi zuen garrantzitsua dela konpetentzien ebaluazio prozesuan tresna digitalak lagungarri izatea. Eta kongresuan horietako batzuk aurkeztu zituzten.

Horietako bat da EKHA Ebaluazio Konpetentzialerako Hezkuntza Aplikazioa. Ikasleen konpetentziak ebaluatzeko tresna digitala da. Amaia Jaio Hezkuntza Saileko ikuskariak eman zituen aplikazioari buruzko xehetasunak. “Curriculum dekretu berriek paradigma aldaketa ekarri dute. Ikaskuntza prozesua jakintzagaika antolatuta geratu da eta jakintzagai bakoitzean konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta oinarrizko jakintzak landu behar dira, bukaeran ikasleen irteera profilera iristeko. Hori guztia planifikatu eta egituratu egin behar da, eta EKHA aplikazioak horixe egiten du: loturak egiten ditu eta automatikoki egituratzen du”, azaldu zuen Jaiok.

Datuak bildu, neurketak egin eta aztertu egiten ditu, koherentzia pedagogikoa emanez: “Egitura bat eskaintzen du eta irakasleek ez dute etengabe dena aztertzen egon beharrik. Era berean, ikastetxean lerro pedagogiko bateratua edukitzen laguntzen du eta ebaluazio kultura sustatzen ere bai”.

Irungo Hirubide BHIn 2024-25 ikasturteko hirugarren ebaluazioan hasi ziren EKHA aplikazioa erabiltzen eta ikasturte honetan formatzen, erabiltzen, hausnartzen eta doiketak egiten dihardute. Jaso Larruskain zuzendaria oso gustura dago:  “Ikasleek momentu oro lantzen dituzte konpetentziak, baina ezinezkoa da denak ebaluatzea. Aplikazioaren bidez ikaskuntza prozesuren momentu ezberdinetako datuak eta neurketak biltzen ditugu, eta hori dena objektiboki egiten da. Datuak ongi aztertzen ditu eta koherentzia pedagogikoa ematen dio. Horrek erabakiak hartzen laguntzen du, bai erabaki pedagogikoak eta bai antolaketari dagozkionak”.

Jaiok zalantzarik gabe baieztatzen du oso tresna erabilgarria dela ikastetxeentzat: “Oso erabilgarria da haien hezkuntza proiektua, lerro pedagogikoa, lan planifikatua eta koordinazioa aurrera eramateko. Irakasle bakoitza bere jakintzagaian aritu arren, oso ondo lerrokatuta daude ikasleen irteera profilarekin. Izan ere, bakoitza bere jakintzagaitik, prozesua elikatzen ari gara ikasleen garapen akademikorako eta pertsonalerako”. Gainera, hezkuntzako beste aplikazioekin lotura duenez, haietako informazioa ere badago. Tresna bateratua da eta etapa osoari koherentzia pedagogikoa emateko lagungarria da.

Orain ezarpena eta zabalkundea dira erronka. Laster ikastetxeen eskura egotea espero dute.

 

 

Ikasleek momentu oro lantzen dituzte konpetentziak, baina ezinezkoa da denak ebaluatzea. Aplikazioaren bidez ikaskuntza prozesuren momentu  ezberdinetako datuak eta  neurketak biltzen ditugu, eta hori dena objektiboki egiten da

Jaso Larruskain, Irungo Hirubide BHIko zuzendaria


 

ETHAZI, feedbacka eta hausnarketa oinarri

Euskadiko Lanbide Heziketan urte dezente daramatzate ikaskuntza aurreratuetan eta eraldaketa digitalean sakontzen, eta ETHAZI izeneko ikaskuntza eredua sortua dute, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza. ETHAZIren ezaugarri nagusiak lau dira: moduluartekotasuna, autokudeatutako irakasle taldea, antolaketa malgutasuna eta eboluziora begirako gaitasunetan oinarritutako ebaluazioa. Azken horretaz mintzatu zen Enekoitz Zatika Lanbide Heziketako irakaslea kongresuan: “Eredu honetan funtsezkoa da ikasleak jakitea nora joan behar duen, non egin behar duen aurrera eta zer ikasi behar duen. Horregatik, ikasleen ikaskuntza ibilbidea, mapa, ahalik eta ulergarriena izan dadin diseinatzen dugu. Irakasle modura, gure lana da ikasleak mapa ongi erabiltzea. Nola lortuko du irakasleak ikasleak argi edukitzea zein den bere ibilbidea? Nola identifikatuko ditu ikasleak ikasi beharreko gaiak? Nola erlazionatuko ditu egitekoak, gutxienekoak, adierazleak, erronkak… ikasleak? Nola antolatuko du irakasleak ikaskuntza guztien jarraipena?”. Galdera horiei erantzuteko, ETHAZI ereduan bi alderdi hauen lanketari garrantzi handia ematen diote:

Feedbacka: formala, informala, zehatza… Irakasleak feedbackaren kultura sortu behar du, ikasleak jakin dezan zertarako den feedbacka, noiz eta nola egin, nola prestatu, nola landu, nola partekatu…

Hausnarketa: ikasleak ez du denbora guztian hausnartzen aritu behar, baina irakasle taldeak momentu batzuk prestatuta eduki behar ditu horretarako. Programazioan sartuta egon behar du. Helburua da ikasleak jakitea egiten ari denarekin zer ikasten ari den.

 


Portfolioa guri laguntzera dator ebaluazioa krisian dagoen une honetan

Charo Fernandez, Madrilgo Nebrija Unibertsitateko irakaslea


 
Portfolioarekin ikasi eta ebaluatu

Galdera batekin hasi zuen hitzaldia Charo Fernandez, Madrilgo Nebrija Unibertsitateko irakasleak: “Nola ebaluatzen dugu adimen artifizialaren garaian? Nola ebaluatzen ditugu prozesuak azken emaitzak ebaluatu beharrean? Orain arte pentsatzen genuen azken emaitza ebaluatuz ikaskuntza ebaluatzen genuela, baina orain azken emaitza sortzen duen tresna eskura baldin badugu, ikaskuntza ebaluatu al dezakegu azken emaitza horren bidez?”.

Fernandezen esanetan, testuinguru honetan urgentea da konpetentzietan zentratutako ebaluazio baterantz jotzea. Portfolioa horretan lagungarri izan daitekeela esan zuen, baina ezinbestekoa dela esperientzia errealak bitzea eta egin dugunaren gaineko gogoeta egituratua jasotzea.

“Irakaslearen planifikazioa oso garrantzitsua da portfolioa ebaluatzeko: zer joan daitekeen portfoliora, zerk joan behar duen, ikaslea gai izan dadila portfolioan sartu nahi duena hautatzeko eta hiruzpalau ebidentzia egon daitezela. Berrikuspena ere egin behar da, ko-ebaluazioa ere oso garrantzitsua da eta baita autoebaluzioa ere”, azpimarratu zuen Fernandezek.

Erronka pentsamendua eta ikaskuntza egon diren edo ez ebaluatzea dela esan zuen irakasleak eta ideia honekin amaitu zuen aurkezpena: “Portfolioa guri laguntzera dator ebaluazioa krisian dagoen une honetan”.