Hezkuntzaren Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresuan parte hartu zuen Carol Campbell eskoziarrak.
Hezkuntzaren Ebaluazioaren Nazioarteko Kongresuan parte hartu zuen Carol Campbell eskoziarrak. Hezkuntzako Katedra Pertsonala du eta Edinburgoko Unibertsitateko Moray House Hezkuntza eta Kirol Eskolako zuzendari eta dekanoa da. Nazioarteko proiektu eta kargu ugaritan parte hartu du eta eskuratu duen eskarmentuarekin aise mintzatzen da ikaskuntzarako ebaluazioaz. Berau gauzatzeko, kostu txikia eta inpaktu handia duten estrategiak eta tresnak zein diren argitu digu elkarrizketan zehar.
Ebaluazioak hezkuntza hobetzeko balio duela entzun dugun kongresuan. Ados al zaude horrekin?
Bai, guztiz ados. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza lortzeko bi bide nagusi daude nire iritziz: lehendabizikoa irakasleei, zuzendaritza taldeei eta hezkuntzan lan egiten duen pertsona guztiei laguntzea; hau da, ikaskuntza profesional eraginkorra eta irakasleen lidergoa sustatzea irakaskuntza hobetzeko. Eta bigarrena ebaluazio hezigarria erabiltzea.
Bigarrenari helduz, ebaluazioari alegia, zuretzat zer esan nahi du ebaluazioak? Nola definitzen duzu?
Ebaluazio hitzaren jatorria latinetik dator: ondoan esertzea esan nahi du. Pentsa ezazue: ondoan esertzea, elkar ezagutzea, elkarrengandik ikastea. Horrek beste irudi bat sortzen du, gure azterketa-sistema batzuekin alderatuta ezberdina dena.
Beraz, norbaiten ondoan esertzeak hura ezagutzeko bide ematen du. Irakasle batek ikasle bat ezagutzeko aukera du haren ondoan esertzen baldin bada. Era berean, gurasoek seme-alabak ezagutzeko duten modua ere izan daiteke.
Ebaluazioari buruz pentsatzen dugunean, pertsona bati buruzko eta haren aurrerapenari buruzko ebidentziak biltzea esan nahi du. Eta hezkuntzaren kasuan, haren ikaskuntzari eta garapenari buruzko ebidentziak jasotzea.
Ebaluazioa, hezitzaileek ikasleak hobeto ezagutzeko duten bide emankorrenetako bat da. Ebaluazioak informazioaren bilketa eta balorazio deliberatua eta planifikatua dira: alde batetik ikasleek zer dakiten, zer ulertzen duten eta zer egiteko gai diren jakiteko; eta beste aldetik ikaskuntzaren ekitatea bermatze aldera hurrengo pausoen gainean erabaki informatuak hartzeko.
Zein da pertsona baten ondoan egoki esertzeko modua? Hau da, zein dira kalitate oneko ebaluazioak?
Ikasleen errendimenduari, inplikazioari eta aurrerapenari buruzko datuak ematen dituztenak, feedback zehatz eta garaiz emandakoarekin batera. Eta aldaketak eragiteko elkarlana eskatzen dutenak.
Ebaluazioak norbaiten ondoan esertzea esan nahi du eta horrek azterketa-sistematik urruntzen den irudi bat sortzen du
Ebaluazioaren barruan hiru mota bereizi ditzakegu. Zuk ingelesez assessment of, for and as learning modura definitzen dituzunak: ikaskuntzaren ebaluazioa, ikaskuntzarako ebaluazioa eta ebaluazioa ikaskuntza gisa.
Bai, hala da. Ikaskuntzaren ebaluazioa norbaitek ikasi duenaren ebaluazioa da, normalean azterketen eta titulazioen bidez jasotzen dena. Denbora epe baten amaieran ikasi duguna.
Ikaskuntzarako ebaluazioa, berriz, gelako eztabaidetatik sortzen den eguneroko ebaluazioa eta feedbacka da, ebaluazio jarraia. Kasu honetan, ebaluazioa feedbacka eskaintzen duen eta ondorengo ikaskuntza bultzatzen duen tresna modura ulertzen da. Hau da, ebidentziak bilatzeko eta interpretatzeko prozesu bat da, ikasleek eta irakasleek erabaki dezaten ikaskuntzaren zein puntutan aurkitzen diren, nora joan behar duten eta zein den hara iristeko modurik hoberena. Horregatik, ikaskuntzarako ebaluazioa gela barruan kokatzen baldin badugu, planifikazioaren barruan integratu behar dugu. Ikasleek nola ikasten duten da muina. Ikasgelako praktikaren funtsezko elementua da. Eta beraz, irakasle batek eduki behar duen funtsezko gaitasun profesionala da, garapen profesionalarekin lotuta dagoena.
Eta hirugarrenik, ebaluazioa ikaskuntza gisa daukagu. Irakasleek eta ikasleek elkarrekin eztabaidetan parte hartzen dute, ideiak partekatzen dituzte eta elkarrekin ikasteaz hausnartzen dute. Hau da, ikaskuntzari berari buruz hausnartzea eta ikasleek horri buruzko elkarrizketetan parte hartzea dakar.
Beraz, ikaskuntzaren ebaluazioa, ebaluazio batutzailea izango litzateke; ikaskuntzarako ebaluazioa, ebaluazio hezigarria; eta ebaluazioa ikaskuntza modura ikaslearen hausnarketan eta autorregulazioan oinarritutako ebaluazioa.

Zein estrategia edo praktika eraman ditzakegu aurrera ikaskuntzarako ebaluazioan edo ebaluazio hezigarrian?
Inpaktu handiena duten estrategiak metakognizioa eta autorregulazioa dira; pertsona batek bere ikaskuntzan eta hura nola hobetu dezakeen pentsatzeko duen gaitasuna. Zer ikasi dut? Zer egin behar dut orain?
Beste estrategia bat feedbacka da; ikasleak zein puntutan dauden eta aurrera egiteko zer egin behar duten jakiteko informazio zehatza eta unean unekoa ematen du.
Interesgarriena da estrategia oso merkeak direla, elkarreraginean, elkarrizketan eta hausnarketan oinarritzen baitira. Eta inpaktua, berriz, izugarrizkoa da. Ebidentziaren arabera, metakognizioa lantzeak zortzi hilabete inguruko ikaskuntza gehigarriaren pareko aurrerapena ekar dezake, eta feedbackak sei hilabete ingurukoa, horiek aplikatu ezean alderatuta. Beraz, nahiko erraz ezarri daitezkeen praktikez ari gara, ikaskuntzan hobekuntza esanguratsuak sor ditzaketenak.
Dublingo ikerlari talde batek egindako lan batean ebaluazio hezigarria egunerokoan gelan aurrera eramateko lau giltzarri azpimarratzen dira.
Metakognizioa lantzeak zortzi hilabete inguruko ikaskuntza gehigarriaren pareko aurrerapena ekar dezake, eta feedbackak sei hilabete ingurukoa, horiek aplikatu ezean alderatuta
Zein dira lau giltzarri horiek?
Lehendabizikoa ikaskuntza-asmoak eta arrakasta-irizpideak argitzea, partekatzea edo ikasleekin batera eraikitzea. Funtsezkoa da irakaskuntzaren helburua argi izatea: zer lortu nahi den egun horretan, aste horretan edo denbora-tarte zabalago batean. Ikaskuntza-asmoak modu argian formulatu behar dira, ezagutza, trebetasunei, kontzeptuei eta jarrerei erreparatuz. Ikasleek argi ulertu behar dute zer espero dugun haiek ikastea: zerbait jakitea, zerbait egiteko gai izatea edo zerbaiti buruz hausnartzea. Halaber, arrakasta-irizpideak partekatu behar dira, ikasleek jakin dezaten zer den eduki jakin bat arrakastaz ikastea. Horrela, adieraz dezakete: “hau ikasten ari naiz”, “hau garatzen ari naiz”.
Bigarren estrategia ikasleak autoebaluazioan eta parekoen arteko ebaluazioan inplikatzea da. Horrek ikaskuntza-komunitatea, ikasleen protagonismoa eta prozesuan duten parte-hartze aktiboa sustatzen ditu. Ikasleei aukera ematen zaie, eskolaren hasieran, zeregin bat zenbateraino zaila izango den uste duten adierazteko. Halaber, euren aurrerapena erregistratzera bultzatzen dira, adibidez egunerokoen edo hainbat hausnarketa-tresnaren bidez.
Gainera, ikasleei haien lana autoebaluatzeko aukera ematen zaie: zein alderditan diren indartsuak eta zeinetan hobetu behar duten identifikatzeko. Ikaskuntza modu bisualean irudikatzeko mapak edo beste tresna batzuk erabil daitezke. Horrez gain, ikasitakoa familiekin partekatzea sustatzen da, irakasleen, ikasleen eta familia-ingurunearen arteko lankidetza bultzatuz.
Edonola ere, erreminta hau ez da hainbeste erabiltzen irakaskuntza-estrategia intentzional gisa ikastetxeetan.
Hirugarren estrategia galderen erabilera da. Galderek hainbat gauzatarako balio dute: ikaskuntza aztertzeko, aurrez ezagutzen diren ezagutzak aktibatzeko, ikasleek zer dakiten edo ez dakiten identifikatzeko, elkarrizketa sortzeko eta gelako interakzioan zehar feedbacka emateko aukera ematen dute. Gainera, ikasleek beraiek galderak egitea sustatzen da, bai irakasleari bai ikaskideen artean. Eragin handiko beste praktika bat da.
Eta azkenik, laugarren estrategia feedbacka dugu.
Feedbacka, berriro ere.
Bai, eragin handienetakoa duen estrategietako da eta berriro ere gogora ekarri nahi dut ikasleen aurrerapenean duen eragin handia. Ikasleen egungo egoeraren eta haien ikaskuntza-helburuen arteko tartea ixten laguntzen du. Feedbacka ikaskuntza-asmoekin eta arrakasta-irizpideekin lotuta egon behar da. Irakasleari ikasleei nola lagundu hobekien erabakitzen lagundu behar dio: zer irakatsi eta zein den hurrengo urratsa. Eta irakasleak modu zehatz eta erabilgarrian erregistratu behar du.
Azken batean, estrategia horiek lagungarri dira nora goazen, nola goazen eta hurrengo urratsa zein den jakiteko.
Bai, hala da. Horiek dira ikasleak bere buruari egin behar dizkion galderak, eta baita ikaskideekin dituen elkarrizketetan egin behar dituenak ere. Are gehiago, irakasleentzat ere horiek dira funtsezko galderak: zein puntutan dago ikaslea? Nola egiten du aurrera? Zer behar du aitzina egiteko?
Irakasleei esan nahi diet haien lana guztiz funtsezkoa eta inportantea dela eta garrantzitsua dela orain arte aipatu dugun guztia nahita eta ongi planifikatuta egitea
Galdera horiei erantzuteko ebidentziak nola jaso daitezke?
Hiru modu erraz daude. Lehendabizikoa, behaketa: zer gertatzen ari da gelan? Zer behatu daiteke ikaslearen jokaeran eta ikaskuntzan? Bigarrena, produktuak eskatzea: idatzizko lanak, zereginak, azterketak edo bestelako ebidentzia egiaztagarriak. Eta hirugarrenik, elkarrizketak: ikasleekin mintzatzea, galderak egitea eta elkarri eragitea.
Behaketaren, produktuen eta elkarrizketen bitartez ikaskuntzari buruzko funtsezko informazioa eskuratzen da.

Estrategia horiek guztiak gelan irakasleak eraman behar ditu aurrera. Nola ikusten dituzu irakasleak eta zer esango zenieke?
Badakigu ikastetxe baten barruan ikasleen ikaskuntzarako faktorerik garrantzitsuena irakaslea eta haren irakaskuntza direla. Ikastetxetik kanpo beste faktore batzuk ere badaude, baina ikastetxe barruan faktore nagusiena irakaslea da. Hori irakasleek haurrekin eta gazteekin garatzen dituzten harremanekin lotuta dago, baina baita irakaskuntzaren kalitatearekin ere: ematen duten feedbackarekin eta ikasleei eskaintzen dieten laguntzarekin.
Irakasleei zera esan nahi diet: haien lana guztiz funtsezkoa eta inportantea dela eta garrantzitsua dela orain arte aipatu dugun guztia nahita egitea. Hots, ez da nahikoa ikasleei esatea “hitz egin dezagun zure ikaskuntzaz”; baizik eta egituratzea: “hau da ikasi nahi duguna, hemen daude irizpideak, hauek dira helburuak, non zaude prozesu honetan?”. Oso nahita planifikatutako prozesua da, eta garapen profesionalak lagundu dezake.
Irakasle bakoitzak bere garapen profesionala elikatzea lagungarri da, beraz.
Zalantzarik gabe. Irakaskuntza profesionalak eta haren garapenak lagundu egingo diete irakasleei haien ibilbidean, ibilbide luzeak izatea espero baita. Jakina, lehen edo bigarren urtean jakin behar dutena eta bosgarrenen edo hamargarren urtean jakin nahiko dutena ez da gauza bera izango.
Beraz, oso garrantzitsua da irakasleek beren ikaskuntza profesionalaz, lidergoaz eta izan dezaketen eraginaz pentsatzea.
Garrantzitsua da irakasleak konturatzea benetan eragina izan dezaketela ikasleen ikaskuntza prozesuan eta lankideengan, lider ez-posizionalak edo informalak direlako
Zer esan nahi duzu zehazki irakasleen lidergoa diozunean?
Funtsean, irakasleen bi lidergo mota daude. Bata irakasleen lidergo formala da, kargu bat edukitzeak ematen duena. Adibidez, ikastetxeko zuzendaria edo zuzendaritza taldekoa izatea, koordinatzailea edo ikasketa-burua izatea edo tutorea izatea. Hau da, rol formalak dira. Baina badago beste lidergo mota bat ere, lidergo ez-posizionala edo informala deritzona eta irakasleek izan dezaketen eraginarekin du lotura. Hau da, irakasleek haien erabakiak hartzen dituzte eta gauzak aurrera eramaten dituzte kargu horietan egon ez arren. Eta horretarako, irakasleak daukaten ezagutzaz, trebetasunaz eta eraginaz baliatzen dira. Horrela, eragin handia izan dezakete ikasgelan, eta baita ikasgelatik kanpo ere. Beste irakasleekin lan eginez ere eragin dezakete, esperientziak partekatzeko, eztabaidatzeko eta ikastetxeak orokorrean hobetzen laguntzeko.
Baina irakasle batzuek ez dute hori sentitzen edo ez dute sinesten; oso lanpetuta daude. Beraz, garrantzitsua da irakasleak konturatzea benetan eragina izan dezaketela. Hori zaila izan daiteke curriculumarekin, azterketekin eta gobernu-politikekin, baina pentsatu behar da non aurki dezaketen irakasleek haien eragina baliatzeko espazioa.
Denbora eta lan-karga erronka handiak dira, eta denontzat dira erronka. Beraz, errealistak izan behar dugu praktika horiek egiteko denbora nola aurkitu pentsatzerakoan. Baina uste dut posible dela eragina izatea eta ikaskuntzarako ebaluazioa edonork bere ikasgelan erabiltzea.
Galdera laburrak
01. Eskola garaiko oroitzapen on bat? Ikastea maite dut; nire gogoko ikasgaiak literaturarekin, irakurketarekin eta idazketarekin lotuta zeuden.
02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat? Zoritxarrez, Lehen Hezkuntzan nengoenean jazarpena jasan nuen. Oroitzapen txarra da, baina ikasi dut inoiz ez dudala onartuko jazarlerik edo jazarpenik.
03. Nolako eskola amesten duzu? Haur eta gazte bakoitza beretzat esanguratsuak diren modutan ikasten eta aurrera egiten lagundua den eskola bat, non irakasleak ere baloratuak eta haien lanean zein garapenean babestuak diren.
04. Zuretzat garrantzitsua den balio bat? Bi aukeratuko ditut: osotasuna eta ausardia.
05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? Zaila da, hezkuntzari buruzko ikerketa-liburu akademiko asko baitira estimatzen ditudanak. Zinemari dagokionez, Dead Poet’s Society filmak nigan eragin handia izan zuen.