Haurraren lehen urteetan, batik bat bi urteren bueltan, gurasoen buruhauste-iturri izan ohi dira ‘kasketa’ deitu ohi diren haserraldi edo haurraren adierazpen emozionalak. Nerea Mendizabal psikopedagogoaren ustez epaiketa bat gordetzen duen etiketa da ‘kasketa’ hitza, eta beharrezkoa da adierazpen horiek ulertzeko gakoak aztertzea, baita horiek kudeatzeko portaeren inguruan hausnartzea ere.
Zer da kasketa deitu ohi den hori? Oso arin erabiltzen den kontzeptua da…
Kasketa hitza erabiltzen dugunean, epaitzen, etiketatzen ari gara egoera edo pertsona hori, eta konnotazio zehatz batzuekin lotzen dugu; esanahi zehatz batzuez jantzita dago hitz hori: kasketa kapritxoarekin
lotzen dugu, manipulatu nahi izatearekin, zerbait lortu nahi izateko modu kaskar edo ez bidezko batekin... Beraz, ez da zerbait ona. Gainera, normalean haurtzaroko etapa zehatz batekin lotzen dugu, normalean 2-3-4 urte horiekin; badaude 2 urte beldugarriez hitz egiten duten liburuak ere. Baina badaukagu geure buruari begiratzea ere, batzuetan oso kasketoso jartzen baikara, oso egoskor zerbaitekin, geure erara, umeen pare askotan.
Orduan, polita da ikustea zer esan nahi dugun kontzeptu horrekin eta jabetzea etiketa bat edo epaiketa bat dela, gure esperientzia zehatz batzuekin lotzen duguna. Zeren eta errealitatea ez da haurra kasketarekin dagoela; errealitatea izan daiteke haur bati gaileta erditik moztu diodanean eta berak osoa nahi zuzenean, edo igogailuaren botoiari nik sakatu diodanean berak sakatu nahi zionean, edo supermerkatutik ateratzean berak zerbait erosi nahi zuenean eta nik ezetz esan diodanean, bada negarrez edo garrasika jarri dela, edo lurrera bota dela, eta eskuekin edo hankekin jo izan nahi nauela. Hori da errealitatean gertatu dena, eta horri helduak kasketa deitzen dio.
Eta zeri erantzuten dio haurrak bere beharrak hain gordin adierazte horrek? Autoafirmazioari?
Ordu arte haurra sinbiosi handi batean egon da gurasoekin, batik bat amarekin, eta gero lau hanketan ibiltzen hasi da, oinez ondoren... Gauzak bakarrik egin ditzakeela jabetzen denean, ohartzen da pertsona desberdin bat dela, ez dela ama. Eta ez baldin bada ama, desberdina baldin bada, ‘ni’ izan nahi du, eta autoafirmazio fase batean sartzen da. Autoafirmazio horretan, berak hartu nahi ditu bere erabakiak, berak nahi ditu gauzak egin, berari iruditzen zaion bezala. Desberdin izateko, gurasoek bai esaten badute berak ez esan behar du, zeren eta bestela berdinak izaten jarraitzen dute, ez da ni izaten ari. Beraz, emozioen adierazpen indartsu horien arrazoietako bat autoafirmazioa izan daiteke.
Orain, horretaz gain, badago beste zerbait ere: iruditzen zait oso sintonia desberdinetan bizi garela umeak eta helduak. Emisora oso desberdina daukagu. Haurrak plazeraren bila bizi dira, uneoro; hori da beraien motorra: jolasa, dibertsioa, gustuko gauzak egiteko... plazera. Hor har-tzen du bizitzak zentzua. Helduak, ordea, ez gaude plazerean, helduak obligazioan gaude, arduran. Orduan, bi emisora horiek talka egiten dute.
Gainera, haurrak orain eta hemen bizi dira; parkean dagoen haurra ez da ari pentsatzen supermerkatua itxi egingo dutela eta mugitu egin behar duenik, edo berandutu egingo zaiola eta ez duela nahikoa atseden hartuko. Umea une horretan parkean, jolasean dago, osoki, orainean bizi da. Baina heldua atzo eta bihar bizi da, eta mindfulness ikastaroa egin behar du orain eta hemen bizitzen ikasteko, haurra hortxe dagoenean. Beraz, egoera askok sortuko dute talka, heldua geroarekin pentsatzen ari denean, afaria prestatu behar duela, edo hara edo hona joan behar duela, berandu dela, eta haurra ari denean pentsa-tzen ‘oso ondo nago hemen, zergatik atera behar nauzu honetatik?’.
Bestalde, kontuan izan behar da haurrak berari gertatzen ari zaion hori adierazteko mugak dituela. Bere adierazteko modua oso emozionala eta korporala da. Kasketa deitzen diogun horretan nola adierazten ari da? Emozio indartsu eta intentso batekin, gorputzetik. Hori du berari gertatzen ari zaiona adierazteko kanala edo kodigoa. Helduok, berriz, zailtasunak ditugu kodigo hori ulertzeko, interpretatzeko. Hor ere beste talka bat dator.
Hain gorputzekoa eta emozionala den adierazpen horri askotan modu arrazionalean eta hitzezkoan eran-tzuten dio helduak, ezta?
Guztiz. Pentsatu plazeraren bila, orain eta hemen dagoen haurra, adierazteko zailtasunak dituena, beste kanal batzuen bidez espresatzen dena... eta horri gehitzen badiogu autoafirmazioaren elementua, hau da, bere erabakiak hartu nahi dituela eta berak bakarrik egin nahi dituela gauzak... Kontzeptu horiek guztiak elkartzen baditugu, pentsa egunean zehar zenbat egoera dauzkagun talka eragin dezaketenak. Horietako batzuk haurrak pasatzen utziko ditu, baina kargatzen doa. Goizean esnatzen da eta agian lasai egon nahi du, bere gauzekin jolasten, eta heldua ari zaio etengabe esaten ‘jantzi egin behar dugu, joan egin behar dugu. Mugitu, gosaldu!’. Agian hor ez du eztanda egingo, baina egoera hori eta gero beste bat sortuko da, eta gero bat gehiago... eta une batean eztanda egiten du haurrak. Orduan, batzuetan arrazoia ez da erditik moztu diogun gaileta hori, edo igogailuaren botoi hori, edo parkean gertatu den hori, baizik eta hainbat egoeraren batuketa da, edalontziak gainezka egitea eragiten duen azken tanta. Horri gehitzen badiogu nekea, edo logurea, edo 2-3 urte garai hori askorentzat beste anaia-arreba baten etorreraren unea dela, horrek sortzen dion barne mugimendu guztiarekin... Arrazoi asko daude emozionalki aztoratuta egoteko eta hori adierazi nahi izateko.
Helduari askotan haserrea sortzen dio horrelako egoera batek, zuk aipatu dituzun etiketa eta konnotazio negatibo horien ondorioz uste duelako ez lukeela horrela portatu behar. Gainera jendaurrean gerta-tzen bada, lotsa sortzen du, besteek zer pentsatuko duten, umea gaizki hezia dela edo... Haserretik eta lotsatik baino, nola bideratu beharko luke heldu batek egoera hori modu egokian?
Komeni da jabetzea egoera hori adierazpen emozional bat dela, jakinik gainera haurra emozio hutsa dela, arrazonamenduaren garuneko alderdi hori oraindik ez dagoela osotasunean funtzionamenduan. Eta adierazpen emozional batek, edozein emoziok, bai haurrarengan bai helduarengan, espazio bat behar du kanporatzeko. Orduan, inolako epaiketarik edo interpretaziorik egingo ez duen akonpainamendu batekin begiratu behar dio helduak haurrari adierazpen emozional hori kanporatzean. Haurra sentitzen ari da, une horretan sentitzen ari den hori erreala da, intentsoa da, eta berarentzat emozio hori baino ez da existitzen. Ez epaitu edo interpretatu ea logikoa den edo ez haurra horrela jartzea, motiboak al dauzkan edo ez, hainbeste denbora irautea normala den edo ez, zentzuzkoa ote den... Orduan, haurrari on egingo liokeena da sentitzen ari den hori baimentzea, kanporatzea eta akonpainamendu hori egitea epaitu gabe.
Eta horrek esan nahi du, hain emozionala den momentu hori ez dela guk arrazionalki azalpenak ematekoa, arrazoiak eta justifikazioak ematekoa, bera konbentzitzen jartzekoa.... ez da horretarako unea. Haurra klabe emozionalean dago, ez arrazionalean.
Hori guztia, behin eztanda gertatzen denean bada. Baina horra iritsi aurretik iruditzen zait badagoela tartea helduak egoerari aurrea hartzeko, nahiz eta agian ez jabetu. Horri erreparatzen badio, egin dezake zerbait puntu horretaraino iristea saihesteko. Beraz, saihestu daitekeena zaindu dezakegu.
Eztandan zehar egin beharreko akonpainamendu horretan, zein da jarrera egokia?
Korporalki zer mezu ematen dudan erreparatu dezaket. Eta hori askotan pentsamenduekin lotuta egoten da. Bere ondoan zutik, besoak gurutzatuta baldin banago ‘horrela ez luke jarri behar’ pentsatuz, nahiz eta bere aldamenean nagoen, ez da agian jarrera korporal lagungarriena. Horren ordez haurra lurrean botata badago eta bere ondoan makurtzen baldin banaiz, edo lurrean eseritzen banaiz… korporalki ere laguntzen diot.
Bestetik, ez daukat zertan hitz egin beharrik. Modu emozionalean dago bera, ez arrazionalean. Asko jota esan diezaioket, ‘bai, bota barruan duzuna!’. Zeren eta askotan ari gara esaten ‘beno, lasaitzen zarenean etorri’, edo modu goxo batean esanez ‘lasaitu zaitez’. Horrekin ari naiz esaten ‘ixo, amaitu adierazpen emozional hori’. Orduan, animatu behar dugu botatzera lasai, bota-tzera daukan haserre guztia, eta hori adierazi behar diogu. Dena dela, horretan bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat: nola adierazten ari den kasketa hori. Ager-tzen baldin bada negarra, garrasiak, kolpeak lurrean etzanda dagoela… bada bota dezala, zeren eta inori ez dio kalterik egiten. Orain, kasketa horren harira agresibitatea baldin badago, norbait jotzen hasten bada, edo zerbait puskatzen… egoera horri muga jarriko nioke: ‘bota hau, jo hemen, baina niri ez’. Adierazpen emozionala baimendu, baina agian jokaera zehatz bati muga jarri behar zaio.
Gero, badira kasketa une horretan kontaktua behar duten haurrak. Eta oso zaila da, zeren eta kontaktua nahi dute baina era berean erresistentzia agertzen dute kontaktu horren aurrean. Ohartzen gara ume horiek lurrean uzten baditugu okerrago jartzen direla, beraz kontaktua ematen saia gaitezke. Beste ume batzuk, berriz, kontaktua ematen saiatzean okerrago jartzen dira, eta behar dute lurrean uztea. Baina helduak alde egiten badu okerrago jartzen dira, eta beraz presentzia behar dute. Ez kontaktua, baizik eta presentzia. Eta beste batzuk, alde egitea nahi dute, ez gaituzte aurrean ikusi nahi. Baina helduaren buruak esaten du ‘emozionalki akonpainatu behar dut, laguntzeko hor egon behar naiz...’, eta gaizki sentzitzen da. Bada, egoera horretan errespetatu dezakegu haurrak esaten diguna, ‘hain haserre zaude ez nauzula ikusi ere egin nahi. Lasai, sukaldean egongo naiz, nahi duzunerako han nago’. Eta erretiratzen naiz; beste modu bat da bere adierazpen emozionala akonpainatzeko, ez daukat han egon beharrik.
Eztanda iritsi aurreko prebentzio lana aipatu duzu. Zertan datza?
Helduarentzat maiz zailena da ulertzea guraso bezala ez daukala lortu beharrik bere haurra ez haserretzea, edo ez frustratzea. Heldua baldin badago pentsatzen ‘hau ondo egiten baldin badut, ez du kasketarik harrapatuko, eta hori da lortu behar dudana guraso ona izateko’, barruko exijentzia bat sortzen du, eta inplizituki haurrarekiko ere exijentzia bat sortzen du: “nik ondo egin behar dut eta zuk lortu behar duzu ez haserretzea”. Baina kasketa edo haserre hori esperimentatu egin behar da. Etortzen bada, zeinen ondo haurrak ondo funtzionatzen duela, bere makinaria emozionala martxan dagoela eta hori kanporatzeko gaitasuna duela!
Dena dela, esan dugun bezala, garrantzitsua izan daiteke prebentzioaren partea, baina inola ere ez pentsatuz ‘ea modu horretan ez duen kasketarik harrapatzen, ea lortzen duen’. Onartu eta baimenduko dut etorri behar bada etor-tzea, zeren eta bestela gurasoa ere tentsioan jartzen da, eta tentsio hori energetikoki umeari ere pasatzen dio. Beraz, prebentzio lan horren
helburua da eztanda aurretik haurraren beharrak zaintzeko helduak zer egin dezakeen planteatzea, gure esku dagoenari erreparatzeko. Jakinik alderdi batzuk gure eskuetatik baino haratago doazela.
Helduak aurre hartzeko egin dezakeen horretan, haurra urduri jartzen hasten denean, ez diodalako berak nahi zuen gozoki hori ematen, edo parketik atera nahi dudalako, helduaren lanaren parte bat izango da haurra ulertzea eta berarekin konektatzea: ‘zuretzat gozokia une honetan plazera da, hori sentitu nahi duzu, eta gainera muturren aurrean ikusten duzu hemen eta ez dizut ematen… Eta zaila da zuretzat ulertzea nik orain zergatik esaten dizudan ezetz’. Ulertzea eta konek-tatzea da pausoa, errekonozitzea.
Konektatu arren, ordea, batzuetan bere nahiak helduaren muga batekin egingo du talka. Ez diolako gozo hori eman nahi, edo benetan joan beharra duelako...
Noski, kontua da zenbaitetan muga bat dagoela: ‘zure osasuna kontuan izanda ez dizut gozoki gehiago eman nahi’. Beraz, behin ulertuta eta konektatuta, muga hori azaldu behar diogu bigarrenik. ‘Kezkatu egiten nau zure gorputzari zein elikagai ematen dizkiogun eta gaur gozokirik ez da izango’. Azalpen arrazional horrek agian ez dio balio izango, baina behintzat besterik gabe nik muga ere jarri egingo dut mahai gainean eta adierazi egingo diot nire erabakia zein den. Orain, muga jartzea ez da bakarrik nire ezetza azaltzea, baizik eta adieraztea ‘eta badakit honek ez dizula batere graziarik egiten, zeren eta zu jada ari zinen pentsatzen ze goxoa egongo zen gozokia. Orduan, kontuan izango dut zuretzako gozoki hori oso inportantea dela eta aukera egon bezain laster emango dizut’. Bere desioen zerrenda edo horrelakoren bat baldin badaukat, han apuntatuko dut gozoki hori pendiente gelditzen dela hurrengo momentu posiblean jaso dezan. Edo planteatu ‘zer egin dezakegu orain zuk zerbait goxoa baina aldi berean osasuntsua jateko, eta bai zu eta bai ni, biok lasai egoteko?’. Beste zerbait eskaini, nahiz eta bere plazera ez den gozokiarekin bezainbestekoa izango, zeren eta bera gozokiaren egoskortuta dago, ni ezezkoan egoskortuta nagoen bezala. Denontzat lasaigarriago dela iruditzen zait horrela planteatzea modu zakarrean ‘ez, gozokia gaur ez, badakizu ez dela tokatzen! Nahikoa da, ez jarri horrela!’ esatea baino. Horrela jartzen banaiz, pentsatuz berearekin atera nahi duela, kapritxoa dela, aukera gehiago izango dira sumendi hori lehertzeko. Beste modura, hau da, saiatzen bagara berarekin konektatzen, nahiz eta muga jarri berea ere zaintzen eta garrantzia ematen, umearen egoera emozionala ahal den neurrian zaintzeko nire esku zer dagoen planteatuz, sumendira iristea prebenitu dezakegu. Horrela ere eztanda egiten duela? Ados, zeren eta nire esku dagoena jartze hori ez dut egiten kasketa saihesteko.
Hori izango litzateke prebenitzeko alorrean egin dezakeguna. Dena dela, askotan kontua ez da une zehatz horretan nola esku hartzen duzun, zeren eta askotan aurre begirada edo behaketa bat ere badago. Erabakiak orokorrean nik hartzen baldin baditut, nik esaten badiot zer jantzi behar duen, noiz jaiki behar duen mahaitik... Bada, gozokiaren inguruko erabakia ere nik hartzen dudanean, bat gehiago izango da.
Alegia, dinamika orokorra dela gakoa, ez hainbeste une zehatz horretan egiten dena.
Hori da. Agian eztanda hori ez da gertatu gozokia eman ez diodalako, baizik eta hori izan delako gainezka egitea eragin duen tanta, orain ere ezin izan delako berea aintzat hartu. Izan ere, esan dugun moduan autoafirmazio beharra izan daiteke kasketa eragiten duen arrazoietako bat, eta hori bada gakoa, aurre prebentzio lan horretan ikusi behar dut zein egoretan izan dezakeen haurrak bere erabakiak hartzeko aukera eta gaitasuna.
Beste batzuetan kasketaren jatorria egon daiteke erritmo kontuetan ere. Adibidez, pardela kendu dugu uda datorrelako; edo eskolan hasiko da bi urte dituelako; edo bere ohean lo egiten hasiko da garaia delako. Agian haurra oraindik ez dago prest guk exijitzen dizkiogun konkista horietarako, eta horrek berarengan haserre bat eragin dezake, eta beraz egunean zehar kakestak sarri gertatzea ekar dezake. Orduan aurre prebentzio lan horretan hau ere aztertu behar da: agian berak egin dezakeena baino gehiago eskatzen ari gara?
Zer esanik ez familia sisteman aldaketa bat dagoenean, anaia-arrebaren etorrera gertatu delako edo bikotean tentsioak tarteko. Agian haurrak oraindik asimilatu ezin di-tzakeen gaiak izango dira, eta horiek adierazteko modu bat izan daiteke kasketa. Orduan, prebentzio lanean, gauza bat da eztanda hori saihesteko zer egin dezakedan aztertzea, baina bestea da aztertzea kasketen jatorria eta ikustea zer egin dezakegun egoera horiek berarengan duten inpaktua arintzeko.