BELAUNALDIARTEKOTASUNA LANTZEN

Leioako Askartza-Claret ikastetxeak eta Zamudioko Truiondo adinekoen eguneko zentroak belaunaldi arteko proiektu bat dute abian: Haur Hezkuntzako 4 urteko haurrak eta adinekoak hamabostean behin komunikatzen dira, baliabide teknologikoen bidez. Elkarren ezagutza sustatzeaz gain, bizitzaren prozesu naturala lantzeko esperientzia paregabea izaten ari da.

Adinen arabera segmentatuta daukagu gizartea. Sendikoekin harreman pixka bat izaten badute ere, familiatik kanpo, adin txikikoek harreman gutxi izan ohi dute adin handikoekin kalean edo plazan, eta beraz, baita alderantziz ere. Zamudioko adinekoen Truiondo egoitza-zentroak zubi bat eraiki zuen propio, adinekoek eta gazteek elkarrekin topo egin zezaten. Bizkaiko ikastetxeko DBHko 2. mailako ikasleekin hasi zituzten topaketak: Nire bizitzako historia proiektua abian jarri zuen, ikastetxearen laguntzarekin, Eider Ibañez zentroko langileak: “Bi belaunaldien arteko elkargune bat bilatzea zen proiektuaren helburua; alde bakoitzak besteari buruz izan zitzakeen aurreiritzi negatiboak deuseztatzea zen gure nahietako bat”. Gero, denborarekin, bertan behera gelditu zen harremana, baina Ibañezek adinekoen egoitzako ateak irekitzeko grinari eusten zion, eta garairik zailenetan zubi berri bat eraikitzeko aukera ikusi zuen COVID-19aren pandemia betean, itxialdiaren ondoren: “Zergatik ez eraiki beste zubi bat, adin nagusikoen eta, kasu honetan, adin txikienekoen artean? Zergatik ez ezagutarazi eguneko zentro batean dauden pertsonen errealitatea, eta zergatik ez itzuli adinekoei haurrek dakarten zoriontasuna?”. Pentsatu eta egin: Leioako AskartzaClaret ikastetxeari ireki zizkion Zamudioko Truiondo zaharren egoitzako ateak. Askartza-Claret ikastetxeko Haur Hezkuntzako 3 urtekoen gela bat eta Zamudioko Truiondo adinekoen eguneko zentroa baliabide teknologikoen bidez hasi ziren harremanetan, joan den ikasturtean. Hain zuzen ere, Eider Ibañezen semearen gelarekin hasi ziren, eguneko zentroko erabiltzaile baten alaba, Alazne Ugartetxea, gelako andereñoa zela baliatuta. Gainera, eguneko zentroko beste erabiltzaile bat HH 3ko Luken haurraren birramona zen. Bizitzako gorabeherak baliatu zituzten, bizitza eta bizitzaren iragatea ardatz dituen belaunaldi arteko proiektua martxan jartzeko. “Hasierako unetik ikusi genuen, bai nik neuk eta baita ikastetxeko Haur Hezkuntzako arduradunek ere, interesgarria zela honelako proiektu bat, ez soilik adinekoentzat, baita haur txikientzat ere —azaldu dio Hik Hasiri Ugartetxeak, zeina, Askartza-Claret ikastetxeko irakasle izateaz gain, Hik Hasiko kide ere baden—. Berehala programazio bat prestatu genuen, eta, denborarik galdu gabe, elkarrekin lanean hasi ginen”. Hamabostean behin, adineko pertsonak eta HH 3ko haurrak bideodei bidez elkarrekin komunikatzen hasi ziren, eta elkar ezagutzen, elkarrekin denbora pasatzen. Iazko ikasturteko ekintza gehienek izaera ludikoa izan hik hasi I 267. zenbakia. 2022ko apirila I 27 zuten: jolasak, bingoa, gimnasia… Pixkanaka, izaera kooperatiboagoko ekintzetara pasatu ziren. “Lanak trukatzea garrantzitsua izan da elkar ezagutzeko eta konfiantza eraikitzeko; haurrek helduei begirako helburuekin egiten dituzte eskulanak, eta alderantziz, haurrei begirako helburuekin lan zehatzak egiteak motibazioa ematen die adinekoei; bi aldeentzat izan da motibagarri”, azaldu du Ibañezek. “Gelan musikal bat prestatzen ari ginela, adibidez, prestakuntza-lan horiek partekatu ditugu adineko pertsonekin; euren gaitasunen arabera, eskulan jakin batzuk eskatu genizkien; kasu honetan, materiala prestatzen laguntzeko eskatu genien, eta ondoren, material horrekin, antzerki bat eskaini genien beraiei”, adierazi du Ugartetxeak. Ikaskuntza-zerbitzuen kasuan bezala, egiteko hori, nahiz eta txikia izan, helburu batekin egiteak, besteentzat egiteak, pedagogikoki daukan balioa nabarmendu du Ugartetxeak. “Kontua ez da gauzak egiteagatik egitea, ez haurren kasuan ezta adinekoen kasuan ere. Zertarako bat edukitze horrek dakar motibazioa. Hik Hasi egitasmoarekin Finlandiara egindako bidaia pedagogiko batean, ikastetxe bateko plastikako gela ezagutzeko aukera izan nuen, eta han ikusi nuen haurrak paparreko orratz soil batzuk egiten ari zirela; materialki oso sinpleak ziren, baina balioa ematen ziona helburua zen: hurrengo astean adinekoen egoitza batera egingo zuten bisitan, haur horietako bakoitzak adineko pertsona bati oparituko zion paparreko orratz hura. Helburuak ematen die zentzua gauzei, eta hori da gure eredua”. Iaz helduentzat nahiz haurrentzat oso esperientzia aberasgarria izan zela ikusirik, aurten, eguneko egoitzako talde bera HH 4ra igaro diren haurrekin harremanetan dago ostera ere.


Egunerokotasunaren zirimolan, zahartzaroa ez dugu ikusi ere egiten. Gizartean, ez da ikusgarritasun handia aitortzen zaion kolektibo bat, eta haien zaintza eta izatea aurrez aurre jarri dizkigu proiektu honek

Natalia Diaz de Arcaya
(gurasoa)


 

Ikasturteko plangintza eta programazioa osatu dute Ibañezek eta Ugartetxeak, belaunaldiartekotasuna ardatz harturik. Hamabostean behin, gai baten inguruko ekintza bat garatzen dute elkarrekin, baliabide teknologikoei esker, eta komunikazioen tartean, lan bat prestatzen dute elkarrentzat. Programazioaren ardatzetako bat ezagutzaren transmisioa da. “Gelan gai bat lantzen ari garenean, adinekoen esperientzia baliatzen saiatzen gara, gai horri buruz duten ezagutza zabaltzeko. Adibidez, baserriaz aritu garenean, adinekoei eurei eskatu diegu, haurtzaroan baserrian bizi izan zirenei, zehazki, mundu hura nolakoa zen kontatzeko”, azaldu du Ugartetxeak. Oso aberasgarria da familientzat euren seme-alabek lekukotasun horiek lehen eskutik jasotzeko aukera izatea: “Bi belaunaldien arteko distantzia oso handia da; batzuk baserrian bizi izan ziren, ez telefonorik eta ez autorik ez zegoen garaiak ezagutu zituzten, eta besteek, gure semealabek, uste dute esnea tetrabriketik ateratzen dela. Beraz, esperientzia eta mundu horren berri jasotzea oso aberasgarria da haurrentzat”, azaldu du HH 4ko Luken haurraren aitak, Gorka Agirrek.

Haurrentzat zein adinekoentzat, esperientzia aberatsa Agirrek amama Eider Ibañezekin izan zuen aurreko ikasturtean, Zamudioko adinekoen eguneko egoitzan, eta beraz, bi aldeetatik egokitu zaio esperientzia ezagutzea: “Esan dezaket esperientzia hau oso aberasgarria izan dela bi aldeentzat. COVID-19aren garaietan, oso zaila izan da haurrak euren birramamaren etxera eramatea, eta gure amamaren kasuan, oso pozgarria eta motibagarria izan da bere birbiloba lagunekin gelan jolasten edo ekintzetan parte hartzen ikusi ahal izatea”. Lukenen gelakide Martinen amak ere, Natalia Diaz de Arcayak, bi belaunaldien artean eraiki den harremana oso ekarpen aberasgarria izan dela euren haurrarentzat nabarmendu du: “Gure kasuan, ez daukagu harreman zuzenik eguneko zentroarekin, eta egia esan, hain nagusiak diren pertsonekin ere ez daukagu harreman esturik. Horrexegatik da hain berezia proiektu hau guretzat, gure semea normaltasun handiz gerturatu delako adineko pertsonen kolektibora. Harentzat, oso normala bihurtu da aitaita eta amama adinekoekin hitz egitea hamabostean behin; naturaltasun handiz bizi du adineko pertsonekin eraiki duten harremana, eta harentzat pantailaren bestaldean ikusten dituen pertsona horiek oso jende arrunta dira; gazteak izango balira bezala da harentzat. Guretzat, adineko pertsonen kolektiboari halako normaltasuna ematea garrantzitsua izan da. Inguruan adineko jendea badugu, baina ez da hain adin handikoa, eta kolektibo horretara gerturatzeko aukera ona izaten ari da eskolako proiektua”. Programaturiko gaitegitik eta ekintzetatik harago, bizitzaren prozesu naturala bertatik bertara ezagutzeko parada izaten ari dira haurrak, aurreiritzirik eta taburik gabe: “Garrantzitsua da txiki-txikitatik bizitzaren prozesu naturala ezagutzea; haurrek ikusten dute badaudela adineko pertsonak, batzuek osasun arazoak dituztela, eta horietako batzuk hil egin direla ere ikusi dute programan zehar”, adierazi du Ibañezek. “Ikusten dute adineko pertsona batzuk eguneko zentroan daudela, eta adineko horiek, haurrek ikastetxean bezala, eguna egoitzan igarotzen dutela, hainbat ekintza eginez, eta, han bazkaldu ondoren, etxera itzultzen direla; baina badaudela, baita ere, adin handiko beste pertsona batzuk, ondoan dagoen egoitzan bizi direnak, jada beren kasa beren etxeetan bakarrik bizitzeko gai ez direlako. Eta, proiektuak iraun duen bitartean, bajak egon direla ere ikusi dute, ezagutu dituzten pertsona batzuk hil egin direla”. Halako gertakariak jazo izan direnean, gaiaz izan ditzaketen kezkei buruz hitz egiteko baliatu dute proiektua ikasgelan. Hezitzailearen beraren aita hil da esperientzia hau gauzatzen ari ziren bitartean, eta, horren ondorioz, gelan langai izan dute heriotza haurrekin: “Nik bizi izan dudan neurrian, umeek ere bizi izan dute nire aitaren heriotzaren prozesua —kontatu du Ugartetxeak—: ospitaleko azken egunak, bisitak, zaintza, heriotza bera… Garrantzitsua izan da umeek galdetu ahala naturaltasunez erantzutea”. Gai horiek, ondoren, haurren etxeetara itzuli izan dira. “Martinen kasuan, interes handia dauka heriotzan, asko galdetzen du hiltzeko arrazoiei buruz, adibidez, eta ulertzen du berarekin harremanetan dauden aitona-amona horiek heriotza gertu daukatela, bere aitona-amonek baino gertuago. Egunerokotasunean, gure familiaren eta gure lanaren zirimolan sartzen garenean, zahartzaroa ez dugu ikusi ere egiten. Gizartean, ez da ikusgarritasun handia aitortzen zaion kolektibo bat, eta haien zaintza eta izatea bera aurrez aurre jarri dizkigu proiektu honek; bizitzaren parte da, eta prozesu hori guztia begien aurrean jartzea oso garrantzitsua izan da”, adierazi du Diaz de Arcayak. Adinaz, bizitzaren higaduraz, zahartzaroaz eta heriotzaz haurrekin naturaltasunez hitz egin ahal izateko, irakasleak hainbat euskarri pedagogiko baliatzen ditu, hamabostean behingo komunikazioen ondoren, ipuinak batez ere, baina baita abestiak eta bideoak ere. Eta, horren gainetik, bizitzari sartzen uzten diote gelako egunerokoan. Haurrek jasotzen dutena handia baldin bada, zer esanik ez adinekoei ematen dietena. Eguneko zentroan egiten dituzten ekintza guztien artean, parekorik gabea da haurrekin partekatzen duten belaunaldi arteko proiektuak ematen dien alaitasuna. Ibañezek dioenez: “Komunikazio bakoitzarekin, bizitza itzultzen diete haurrek adineko pertsona hauei. Bizipoza jasotzen dute. Motibazioa eta ilusioa nabarmenduko nituzke. Eskuartean hik hasi I 267. zenbakia. 2022ko apirila I 29 duten lan hori haurrentzat dela jakite horrek, helburu bat edukitze horrek, motibazioa ematen die aurrera egiteko. Adin handia dute, eta batzuek endekatze bat ere badute dagoeneko, kasu batzuetan kognitiboa den endekatzea, eta gauza asko ez dituzte gogoratzen; baina haurrekin duten hitzorduaz ez dira inoiz ahazten. Komunikazioegunak beti hobeak dira bezperakoak edo ondorengoak baino, haurrek ematen dieten ilusio horri esker”. Agate Deunaren bezperako kantaeskea aitzakiatzat harturik, online aukera gainditu, eta elkar aurrez aurre ezagutzeko parada izan dute otsailaren hasieran haurrek eta adinekoek, Zamudioko Truiondo egoitzan bertan, eta azken horien poza nabarmendu du hango langileak: “Goizean goizetik, urduri eta zain zeuden, haurrak noiz etorriko. ‘Ederra da bizitza!’, oihukatzen zuten haien bisitaren ondoren; ‘bizia eman digute’, zioten. Endekapen handiena duenak ere alaitasuna adierazi zuen haurren presentziarekin”. Eta ondoren, familiakoei transmititzen diete halako egunetan haurrei esker bizi izandako poza, Ugartetxeak ikusi ahal izan duenez: “Neure amarekin gertatzen zait, baina baita haren lagunekin ere. Normalean, ez dute eguneko zentroan egindakoari buruz hitz egin nahi izaten; ‘ez dakit’, ‘ez dut gogoratzen’, erantzuten dute egunekoaren berri galdetuz gero, haurrek erantzuten duten bezalaxe; aldiz, umeen deiari edo aurrez aurrekoari edo haientzat egin behar duten lan horri balioa ematen diote, eta ilusioa erakusten dute ondoren etxean”. Proiektuaren hurrengo urratsa, hain zuzen ere, online aukeratik aurrez aurrekora igarotzea izango da. Baina COVID-19aren testuingurua hobetu zain daude horretarako. Nahiz eta ekintza batzuk jada programatuta izan eguneko egoitzan bertan egiteko, haurrek antzerki bat eskaini nahi diete adinekoei Liburuaren Egunaren harira, esate baterako. Beste urrats bat proiektua gelatik HHko ziklora edo ikastetxe osora zabaltzea izango da, “haur guztiek izan dezaten esperientzia hau bizitzeko aukera”, Leticia Hennequet Haur Hezkuntzako zikloko arduradunak azaldu duenez. Askartza-Claret ikastetxeko kalitate arduradun Nagore Bilbao ere ildo beretik mintzatu da: “Proiektu honek eurek euren bizitzan eman izan duten hori guztia itzultzen die adinekoei, doako maitasuna. Gizarte mailan, ez dugu baloratzen zer-nolako ondarea den adineko pertsonena, eta proiektu honek argi ikusarazi digu euren balioa. Nagusiek euren bizitzan zehar eman izan duten guztia haurren bidez bueltan jasotzea bezala ikusi dut proiektu hau”.