Iraultza da, ekin diezaiogun

Hitz handiak darabiltzagu: adostasuna, hitzarmena, iraultza, eraldaketa, deszentralizazioa, hezkuntza burujabetza, kalitatea... hitzak egi bilatzeko unea da.

Mugimendu askoko hilabetea izan da pasa dena eta zurrunbiloaren erdian martxoaren 18an ikusi genuen argazkia: EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta EP-IUko ordezkariak elkarrekin Hezkuntza Hitzarmena sinatu berritan horren berri ematen. Historikotzat jo den ituna izan da eta ate berriak ireki dituena, bai lankidetzarako eta baita hezkuntzaren eraldaketarako ere. Duela urtebete ez zegoen giroa sortu da alderdi politikoen artean. Praktikan ezker abertzalearen eta EAJren artean gauzatu den lehenengo akordioa da, Lizarra-Garazi hankaz gora erori zenetik. Oraingoa gai partzial bat da, hezkuntza, baina ez da edozein gai. Oso gai inportantea da herri eraikuntzan. Egiten ari den eztabaidarekin, hezkuntzatik herri eredu bat irudikatzen ari da. Orduan, horren inplementazioa eta garapena ondo egiten baldin bada, eraldaketa sozialari tira egiteko gaitasun handia izango du. Ikusteke dago, baina oinarri sendoak baldin badaude, horrek indar handia dauka eta garrantzitsua da. Hasteko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako, eta ondoren Nafarroarako eta Iparralderako. Nafarroan debate bertsua egitera doaz, ireki da eztabaida eta Euskal Autonomia Erkidegoko adostasunen oinarriek Nafarroarako balio dezakete. Nora begira jarri behar du Nafarroak, Aragoira ala hiru probintzietara? Elkarri eskua luzatzeko moduan egon gaitezke, izango delako zer eman eta zer hartua. Bizitzen ari garen une hau inportantea izateaz gain, iraultza gisa definitzen du Pello Otxandiano EH Bilduko programa zuzendariak zenbaki honetako elkarrizketa nagusian. Iraultza da pedagogikoki eta metodologikoki, iraultza da ikastetxeetan dakartzan aldaketengatik, iraultza da ikaslearentzat bera erdigunean kokatzen delako, iraultza da udalentzat eta hezkuntza ez-formaleko eragileentzat, iraultza da gobernantza eredua aldatzen delako, iraultza da euskararen helburuak markatzen direlako, iraultza da jatorri eta maila ekonomikoarengatiko segregazioa serio hartu eta horri aurre egiteko mekanismoak zerrendatzen dituelako, iraultza da eredu espainolaren errepikapen hutsean oinarritu ordez beste eredu bat proposatzen duelako –titularitate desberdinen bateratzean, herrietako komunitateen proiektu hezitzaileetan eta kohesio sozialean oinarritua–. Iraultza txiki-handi asko, denen ilusioarekin eta indarrarekin egi bilakatzeko. Baliabideak, elkarlanerako borondatea, elkarri entzuteko jarrera eta etorkizunerako ikuspegi zabala izango dira osagaiak.

Gure herriak herri menperatu izatearen kontzientzia galdu duen momentura iritsi gara. 

Ane Ablanedo