Esti Amenabarro eta Nere Amenabar EHUko irakasleek osatutako lana da Hik Hasik argitaratu berri duen monografikoa.
DBHko irakasleen arteko harreman pedagogikoak. Irakastea eta ikastea bestearekin jardutea denean izeneko monografikoa argitaratu berri du Hik Hasik. Esti Amenabarro eta Nere Amenabar EHUko irakasleek osatutako lana da. Ikerketa gutxi egin dira orain arte irakasleen arteko harremanei buruz eta irakasleak erdigunera ekarrita, DBHko irakasleen arteko harremanak nolakoak diren aztertu dute euren lanean.
Irakasleak erdigunean kokatu eta haien arteko harremanak landu dituzue zuen lanean. Zerk bultzatu zaituzte horri buruzko ikerketa egitera?
Esti Amenabarro: Edozein heziketa prozesuren oinarria harremana da, eta hori aintzat hartzea oso garrantzitsua da. Eskolari eta hezkuntzari buruz hitz egiten dugunean alderdi didaktikoei buruz hitz egin ohi dugu; alderdi metodologikoa, curriculuma edota antolaketa. Baina literatura zientifikoak adierazten du edozein curriculum aztertu aurretik edozein espazio sozio-hezitzaileetan harremanak eta loturak nola eraikitzen diren aztertu behar dela. Irakasleen eta ikasleen arteko harremanak ikaskuntza prozesuan eragina duela ebidentziaz josita dagoen dimentsioa da, baina irakasleek haien artean eraikitzen dituzten harremanei buruz apenas dago literaturarik eta, esango nuke, euskaraz ez dagoela batere. Hortik abiatu nintzen 2018-2019 ikasturtean unibertsitateko irakasle gisa tesia egiteko. Eskola bateko kasu baten analisia egin nuen eta ondorio nabarmena atera nuen: ikuspegi inklusibotik, ikasleek zituzten beharrei erantzuteko, beharrezkoa zela irakasleak elkarlanean aritzea. Eta kolaborazio hori harreman sanoetan oinarritu ezean, ikasleak harreman horrek eragiten duen negatibotasun guztia jasoko duela.
Nere Amenabar: Harremanak benetan garrantzitsuak dira ikaskuntza prozesu osoan zehar, baina oso gutxi aztertu dira. DBHn bakoitza bere arloan oso txukun ari da, baina inportantea da besteekiko harremanetan eraikitzen diren dinamiken gaineko hausnarketak egitea.
Izan ere, DBHko irakasleen arteko harremanak aztertu dituzue. Zergatik aukeratu duzue etapa hori?
E.A.: Ez da kasualitatea izan. Irakasleen arteko harremanen analisian, DBHren kasuan zulo handi bat dago: alde batetik, DBHko irakasleek duten profil pedagogiko baxua haiek zigortzeko erabiltzen da etengabe, eta, beste alde batetik, DBHri buruzko narratiba oso eskasa dago eta, dagoen hori, gainera, irakasleen eta ikasleen arteko harremanetara oso lotua dago. Proiektu honen guztiaren iturburuan ideia nagusi bat dago: hezkuntza sistema guztiek esaten dutela ikaslea erdigunean jarri behar dugula. Baina, nire ustez, ikaslea erdigunean jartzea apur bat bidegabea da, irakaslea periferiara desplazatzen duelako. Gure ustez, edozein kontestu sozio-hezitzaileetan —baita eskolan ere—, bertan elkarrekin bizi behar duten pertsona guztiak daude erdigunean, ez ikasleak soilik. Ikasleak erdigunean daudela esatea, marketinerako esaldi bat izaten da askotan, benetako estrategia pedagogikoa baino. Zeren edozein eremu sozio-hezitzailetan eragile guztiak —ikaslea, familiak, komunitatea, herria, auzoa…— egon beharko lirateke erdigunean, bestela harreman ez horizontalak planteatuko genituzkeelako. Irakasleak erdigunean jartzea hautu kontziente bat izan da.
Harremanak zaintzen baldin baditugu eta horien dimentsio etiko guztia kontuan hartzen baldin badugu, horrek guztiak eskolako kliman inpaktu positiboa izango du, ziur aski
Esti Amenabarro, EHUko irakaslea
Irakasleen artean ez dira soilik harreman profesionalak sortzen, harreman pertsonalak ere sortzen dira. Zer eragin du horrek eguneroko lanean eta non eragiten du gehien harreman horrek?
E.A.: Plano diferenteak daude. Literatura zientifikoak irakasleen arteko harremanek izaera pedagogikoa dutela eta gainerako harreman pertsonaletatik bereizten direla esaten du. Zergatik? Nork berak ez duelako hautatzen espazio eta denbora jakin batean irakasle izatea. Lagunak hauta ditzakezu, baina norekin lan egingo duzun eta eskola testuinguru bat norekin batera eraldatuko duzun ez duzu hautatzen. Gure sistema antolatuta dagoen eran irakasleak kondenatuta daude, nolabait, elkarrekin lan egitera. Eta zer gertatzen da irakasle horiek elkarren artean kolaboratzeko garaian erresistentziak sortzen baldin badira? Gatazkak sortzen direla, eta gatazkei aterabiderik ematen ez baldin bazaie, betikotu egiten direla, eskolako klima eta kultura gaixotu egiten direla eta, horrek, eskolako dinamikak gaiztotzen dituela.
Harremanek izaera pedagogikoa dute, baina elementu pertsonalak ere badituzte, eta harremanak, interakzioak edo loturak antzekotasunen edo afinitateen arabera sortzen dira. Gure antzeko ohiturak, errituak, ideologia, pentsamenduak, egiteko moduak, eta batez ere, praktikak partekatzen dituztenekin elkartzen gara. Hori dela eta, harreman pedagogikoak harreman konplexuak dira: batetik, irakasleek proiektu pedagogiko jakin bat —eskolako hezkuntza proiektua— aurrera eraman behar dutelako, eta bestetik, harreman pertsonalagoak sortzen direlako. Irakasle batzuek eskolako orduetan baino ez dute harremanik eta beste batzuk eskolaz kanpo elkartzen dira. Harremanak zaintzen baldin baditugu eta horien dimentsio etiko guztia kontuan hartzen baldin badugu, horrek guztiak eskolako kliman inpaktu positiboa izango du, ziur aski.
N.A.: Monografikoan agertzen den moduan, autoa partekatzen dutenek, esaterako, eskola eremutik kanpo hainbat minutu edo ordu partekatuko dituzte, eta eskolako gaiak izango dituzte hizketagai maiz, baina beste kontu batzuei buruz ere arituko dira; bakoitzak erabakitzen du noraino sakonduko duen harreman horietan. Irakasleen mugimendu handia dugu; irakasle batek ikastetxe jakin batean pasatzen duen denbora —bereziki hasiberria denean— ez da oso luzea izaten askotan, eta aurrez sortuta dagoen dinamiketara egokitu behar izaten du. Egonaldi laburrak izaten dira maiz, eta ez dute denborarik izaten harremanak sendotzeko eta sakontzeko. Espazioak ere harremanak zail ditzake: ikastetxe bakoitzak irakasleak elkartzeko dituen espazioen arabera, espazio horiek harremanak sortzeko lagungarri edo oztopo izan daitezke. Ez badugu espazio bat, adibidez, lankideekin ikasgelan gertatu direnak partekatzeko, nekez sortuko ditugu harremanak. Gune egokiak izatea eta egunerokoak partekatu ahal izatea, ordea, aberasgarria izaten da.
Alteritatearen pedagogiari leku esanguratsua eskaini diozue lanean. Zergatik?
E.A.: Alteritatearen pedagogiak aldarrikatzen du edozein proiektu sozio-hezitzaileren abiapuntua dela elkarrekin lan egin behar duten pertsonak haien artean nola errekonozituko diren, eta nondik. Alteritatearen pedagogia euskal hezkuntzaren ekosistemara ekartzea oso garrantzitsua iruditu zaigu, batez ere gure modura inklusioaren alorrean ari garenontzat oso garrantzitsua delako premisa horretatik abiatzea: edozein praktika inklusiboa izango bada, pedagogiaren alteritatearen ikuspegitik begiratu behar da lehenago; nondik eta nola begiratuko eta eraikiko ditugun lotura horiek, alegia. Eta errekonozimendu horrek aniztasunaren ikuspegi klasikoa gainditzen du, nolabait, bestea errekonozitzea bestea aitortzea eta errespetatzea delako. Alteritatearen pedagogiak esaten duena da bestearekin lan egitera kondenatuta gaudela, nolabait, eta bestea nolakoa den aintzat hartzea oso inportantea dela. Eta badu beste ideia bat ere: aitortza horren abiapuntua dela denok biluzik gaudela, nolabait.
Alteritatearen pedagogiaren ikuspegitik, irakasle hasiberriak nola jasotzen ditugun kritikotasunez aztertu beharko genukeen kontua da; ikuspegi oso zabala eskaintzen digu harrera horiek nola egiten ditugun ikusteko. Eskola askotan ez dago irakasle hasiberriak jasotzeko protokolorik eta horrek oso garbi adierazten du alor horretan ditugun hutsuneak zein diren. Alteritatearen pedagogiak eta zaintzaren etikak, betaurreko egokiak eskaintzen dituzte besteekin loturak sortzeko ikusmira interesgarria eta transformatzailea eskaintzen dutelako eta errekonozimendu hori modu sanoan eta modu etikoan egiten laguntzen dutelako.
Zaintzaren etika aipatu duzu; horri ere leku berezia eskaini diozue lanean.
E.A.: Mundu guztiak argi dauka edozein bizitza jasangarria izan dadin zaintza ezinbestekoa dela. Baina konplexua da zaintza eskola testuingurura ekartzea, eskola testuingurua nahiko konplexua eta oso performatiboa delako: etengabe aldatzen ari da, jende berria dator eta doa etengabe… Eskolan bizi diren identitate batzuk beste identitate batzuk baino nabarmenagoak dira, eta eskolan badira ahotsik ez duten pertsona batzuk; hegemonia horretatik kanpo daudenak. Zaintzaren etikak, alteritatearen ildotik edaten du eta gorputz, pertsona eta identitate guztiak onartuko baditugu, eskolak espazio zaintzailea izan behar duela planteatzen du. Orain asko hitz egiten da espazio seguruei buruz, eta nik uste dut zaintzaren etikak kontzeptu hori gainditu egiten duela, espazio bat segurua izan daitekeelako zaintzailea izan gabe. Zaintzak lotura du ni naizen bezala errekonozitzearekin: nire ahotsa aintzat hartzearekin, nire identitatea isildua ez izatearekin eta gainerakoen espazio bera izatearekin.
N.A.: Zaintza umeen zaintzarekin edota adinekoen zaintzarekin lotu ohi dugu, baina kideen arteko zaintza ez da gehiegi lantzen. Lankide batek zaintzen gaituenean, zaintza giro batean gaudenean, lana askoz ere gusturago egingo dugu, emaitza askoz hobeak lortuko ditugu, ikasleekin askoz ere hobeto egongo gara… Eta hori oso garrantzitsua da.
E.A.: Irakasle bati galdetu nion ea zer zen beretzat zaindua izatea eta erantzun zidan momentu bakoitzean behar duena eskainiko dion —isiltasuna barne— lankideak izatea dela. Guk beharrak asetzea ikuspegi material batetik interpretatzen dugu beti, baina berak isiltasuna ere behar zuen.
N.A.: Beste irakasle batek kontatu zigun gaixotasun larri bat izan zuela eta irribarre erraldoi batekin zioen eskolan oso ongi zaindu zutela. Irakasle berria zen eta harremanak eraikitzen hasi zen unean gaixotu zen. Nola zaindu zuten galdetu genion eta esan zigun lankideek, gehiegi ito gabe, hor zeudela erakutsi ziotela. Askotan norbaitek beste kontu batzuei buruz aritzeko idazten edo deitzen ziola eta ez soilik gaixotasunari buruz hitz egiteko. Oso eskertua zegoen.
Metodologia gisa fotoelizitazioa erabili duzue. Zertan datza?
E.A.: Bozgorailua jarri dugu irakasleek hitz egin dezaten. Haiek esandakoari papera eta zelofana jarri dizkiogu, diskurtso teoriko-
akademikoa gaineratu diogu, eta kontatu digutena bildu dugu. Nik uste dut metodologia horretan bi indar daudela: batetik, narratiba pertsonalek eta bizipenek duten indarra eta, bestetik, irudiak, nolabait, hitz egiten duela. Irudiek, arteak edo bestelako objektuek testua indartzeko aukera ematen digute gogoeta sakonagoak ahalbidetzen dituztelako.
N.A.: Teknika aldetik berritzailea da; argazkitik abiatuta kontakizun bat sortzen da. Oso zaila izango litzateke gai hau beste edozein teknikarekin lantzea.
Aniztasuna izan da parte hartzaileen artean: lurraldetasuna, sareak, ikastetxeen tamaina, profila, esperientzia, rolak… lagin anitza aukeratu duzue.
E.A.: Lurraldetasunaren irizpidea guretzat garrantzitsua zen batez ere geurea bezalako ekosistema konplexu batean, hainbeste sarerekin… Lanak badu ikuspegi oso eta zabal hori.
Irakasle batek ikastetxe jakin batean pasatzen duen denbora ez da oso luzea izaten askotan, eta aurrez sortuta dagoen dinamiketara egokitu behar izaten du. Egonaldi laburrak izaten dira maiz, eta ez dute denborarik izaten harremanak sendotzeko eta sakontzeko
Nere Amenabar, EHUko irakaslea
Jaso dituzuen emaitzak aztertuta, esan al dezakezue nolakoak diren irakasleen arteko harremanak?
E.A.: Nik ez dut uste orokortu litekeenik. Emaitzek hainbat elementu dituzte: irakasle bakoitzak harremanak oso modu desberdinean bizi ditu, testuinguru batzuetan harremanak eraiki dira eta komunitateak harreman horiek zaindu ditu, eta, beste testuinguru batzuetan, irakasleek biziraupen egoerak bizi izan dituzte. Espazioaren arabera, eta espazio horietan zaintzarako dauden lekuen eta denboren arabera, emaitzak oso desberdinak dira. Espazioa oso txikia izan arren interakzio dinamikoak eta aktiboak dauden kasuak ikusi ditugu eta espazio oso politak, dotoreak eta ederrak egonda, harremanak oso hotzak izan daitezkeela ikusi dugu. Ezingo litzateke harremanen gaineko analisi orokorrik egin, bizipenak oso desberdinak direlako espazioaren, denboraren, irakaslearen egoera pertsonalaren eta izaeraren, eta beste hainbat alderdiren arabera.
N.A.: Harreman onak edo sanoak zein diren galdetzean, hainbat kontzeptu askotan agertu dira: komunikazioa, errespetua, nork bere tokia izatea, bakoitzaren hitza entzuteko eta esan beharrekoa lasai esateko aukera eskainiko duen espazio bat izatea… Eta horrekin lotuta askotan atera den ideia da ikastetxe bakoitzak duen lidergo estiloak harremanetan eragin handia duela. Zuzendaritza taldeek, zuzendariek edo ikasketaburuek eragina dute harreman positiboak edo negatiboak sortzeko garaian.
E.A.: Zabaldua dagoen ideia da zuzendaritzak ezin duela harremanei eta zaintzari buruz hitz egin, autoritatea delako eta eskola zuzendu behar duelako. Guk ikusi dugu dinamika oso sanoetan zuzendaritza taldea irakasle taldearekin erabat konektatua dagoela. Zuzendariek garbi ikusi behar dute eskolan eraikiko dituzten loturak zuzendariaren arrakastaren oinarria izango direla. Oso zaila da kontestu gatazkatsu batean zuzendari izatea, baina zuzendaritza taldeek horri buruzko hausnarketa egitea oso garrantzitsua da horrek lidergo antolatua eta erakargarria eraikitzea ahalbidetuko dielako. Interakzio sanoetatik abiatzen bada, lidergo antolatua eta erakargarria eraikiko du.
Horrek zuzendaritzei burokraziaren zama deskargatzeko aukera ematen die eta bertan dauden pertsonen subjektibotasunen eta identitateen atzean zer dagoen pentsatzeko eta eskola sanoagoak eraikitzeko aukera izan dezakete. Batzuek klima sanoa izateko urtebetetzeetan pastak ekartzea aski dela pentsatzen dute, baina horrek ez du klima sanorik bermatzen. Hori lortzeko, irakasleen eta zuzendaritzaren arteko kimika lortu behar da.
Bada monografikoan lantzen dugun gai interesgarri bat: fluxuaren gaia. Psikologian klasiko bat da: edozein erakunderen balizko arrakastaren elementu nagusia da bertan gertatzen diren interakzioek fluxu egokia izatea, giro ona egotea eta testuinguru egokia sortzea; eta hori guztia ezin dugu utzi berez etorriko denaren esperantzan.
Harreman onak edo sanoak zein diren galdetzean, hainbat kontzeptu askotan agertu dira: komunikazioa, errespetua, nork bere tokia izatea, bakoitzaren hitza entzuteko eta esan beharrekoa lasai esateko aukeraeskainiko duen espazio bat izatea…
Nere Amenabar, EHUko irakaslea
Zein dira harreman onak sortzeko estrategiak edo elementuak?
E.A.: Irakasle bat etortzen denean irakasle horrekin abiatuko ditugun akzioak zehaztea eta nondik abituko ditugun finkatzea gakoa da; lehenengo elkarrizketa non eta nondik izango den zehaztea. Oso inportantea den beste elementu bat da eskolak irakasle horren garapen profesionala nola ahalbidetuko duen. Eta hirugarren elementua izango litzateke irakasleak eskolako hezkuntza proiektuarekiko zer-nolako afinitatea duen.
N.A.: Garrantzitsuak eta politak izan daitezke irakasle hasiberrien eta esperientzia duten irakasleen artean sor daitezkeen dinamikak.
Hiru ideia nagusi dakartza: lehena, harremanak garrantzitsuak direla eta zaindu egin behar direla; bigarrena, harremanak ez direla soilik konfiantzatik eraikitzen eta harremanak sanoak izateko zerbait egin behar dela, ezin ditugula berezkotasunaren esku utzi; eta, hirugarrena, zaurgarritasuna eta identitate anitzak onartu eta aitortu behar direla
Esti Amenabarro, EHUko irakaslea
Zein dira ikerketak utzi dituen ondorio nagusiak?
E.A.: Lehenik, euskal hezkuntzaren ekosisteman harremanen gaineko gogoeta partekatu bat kokatu dugula lehen aldiz. Irakasleen ahotsetatik eraikia da, bizipenetan sostengatzen da eta ebidentzia itzela da. Nire ustez, ondorio nagusia da harremanak garrantzitsuak direla, baina, horrez gain, irakasleek eurek harremanak zaintzeko estrategia batzuk eskaini dizkigutela. Monografiko honek eremu terapeutiko bat ere badu, irakasle bakoitzak bere perspektiba askatasun osoz eman baitu. Hiru ideia nagusi dakartza: lehena, harremanak garrantzitsuak direla eta zaindu egin behar direla; bigarrena, harremanak ez direla soilik konfiantzatik eraikitzen eta harremanak sanoak izateko zerbait egin behar dela, ezin ditugula berezkotasunaren esku utzi; eta, hirugarrena, zaurgarritasuna eta identitate anitzak onartu eta aitortu behar direla.
N.A.: Harremanak ezinbestekoak direla. Irakasleak harremanetan daude etengabe, eta horiek ahalik eta ondoen zaintzea garrantzitsua da. Nik uste dut hori guztia lantzen jarraitu behar dugula zeren parte-hartzaileen aldetik hasieran barrenak askatzeko erresistentzia sumatu genuen arren, gustura aritu dira eta oso gustura kontatu dizkigute kontatu beharrekoak. Harremanei buruz hitz egiteak nork beretik hitz egitea eskatzen du eta kosta egiten da, baina behar hori egon badago, eta hausnarketa sakona egiteko espazioak eskaini behar ditugu.