Etxera beste ume bat heltzen denean, egoera berrira egokitu behar izaten dute familiako kide guztiek eta litekeena da, uneren batean haurrideen arteko zeloak agertzea. Naturala da, kezkak eta beldurrak ager daitezke. Sentitzen ari diren hori bizitzen uztea da garrantzitsuena, eta haien ondoan egotea.

Garbi du Nerea Mendizabal psikopedagogoak: anai-arreben artean zeloak ez izateko modu bakarra, seme edo alaba bakarra izatea da. Izan ere, anai-arrebak izateak berdinen arteko harremanean, egoera berri batean kokatzea eskatzen du eta oso naturala da egoera horretan zeloak sortzea.

Batzuetan lehenago eta beste batzuetan beranduago, baina gauza arrunta da anai-arreben artean zeloak agertzea. Zer esan nahi dugu ordea zeloak aipatzen ditugunean? Mendizabalek du erantzuna: “Zeloak etiketa bat dira eta horren atzean hainbat bizipen edo sentipen dituen pertsona bat dago. Ziur aski familian pertsona berri bat egoteak egonezina, urduritasuna, segurtasunik eza edota beldurrak pizten dizkio eta barnean astindu bat sentitu dezake”.

Zeloak, ordea, ez ditu soilik anai-arrebetan zaharrena denak sentitzen: “Berdinen arteko harremanetan sortzen dira zeloak, baita helduen artean ere. Seme-alaben jokaera ispilua izan liteke neu bikotearekin, anai-arrebekin edota lankideekin nola jokatzen ari naizen ikusteko”, dio Mendizabalek. Eta ez dira beti une berean agertzen. Gerta liteke haurdunaldian bertan edo aurrerago izatea: “Ez dakite beste ume baten etorrerak zer ekarriko duen eta kezkak edota beldurrak pizten dizkie egoera berriak. Batzuetan, jaio eta berehala lurrikara gertatzen da. Beste batzuetan, berriz, hasieran lasai egoten dira eta geroago, txikia begiradak erakartzen hasten denean, hasten dira zeloak. Agresibitatea agertu daiteke, haserrea, erregresioa izaten dute edo dependentzia handiagoa… Lehen egiten zituzten gauzak egiteari uzten diote eta txikiagoen antzera jokatzen hasten dira. Haserrearen atzean beldurra egoten da normalean, eta agresibitateak zaurgarritasun hori estaltzen du. Gurasoengandik banandu nahi ez izatea izan liteke beste sintoma bat, egonezin handiagoa izan dezake, kexati egon daiteke”.

Sentitzen dutena sentitzen utzi
Naturala da bizitzen ari diren moduan bizitzea, kontua da guk nola laguntzen diegun sentitzen ari diren hori interpretatzen. “Kezkatzen gara eta maite dugula esaten diogu baina ikasi behar duela, konturatu behar duela… halako mezuak helarazteko joera izaten dugu. Edo normaltzat jotzen dugu zeloak izatea, pasa egin behar dituztela esaten dugu eta hor gelditzen da dena. Modu horretan ez diogu laguntzen bizitzen ari dena ulertzen. Errealitatearen beste irakurketa bat aurkeztea garrantzitsua da”, dio Mendizabalek.

Normalean gustatzen ez zaizkigun sintomak direnez, jokaera horiek aldatu edo ezabatu nahi izaten ditugu. Eta lehen egitekoa izango litzateke haurrari sentitzen ari dena sentitzen baimentzea, ulertzea gustuko ez ditugun jokaera horiekin zerbait esan nahi digula, egoera onartzea eta ez desagerrarazi nahi izatea. “Horrez gain, haienganako maitasuna senti dezaten detaileak, bakarkako atentzioa eta benetako presentzia eskaintzea baltsamikoa izan daiteke. Daramagun bizi estiloarekin, hori guztia aurrera eramateko, gainerako helduen babesa beharrezkoa dugu. Gure arreta gustatuko litzaiokeen modukoa eta hainbestekoa ez bada ere, bere bihotzean gaudela, eta berezia eta bakarra dela baieztatzeko xehetasunak izateak egoeraren bestelako irakurketa egiten lagundu diezaioke. Eta, azkenik, gurasook seme-alaba guztiengana nahi bezala ez iristeak sortzen digun erruduntasun sentimendua askatzeak ere haien zama arindu dezake”, dio Mendizabalek.

Batzuetan anai-arrebei buruz gauza gogorrak esan ditzaketela eta guri bortitzak suertatu dakizkigukela aipatu du Mendizabalek: “Adibidez, haurridea hilko balitz nahiago luketela esan dezakete, baina hori esaten dutenean ziur ez dutela halakorik esan nahi. Esan nahiko lukete haurridea bizirik jarraituta lekua berezia izan nahiko luketela, begirada polita jaso nahiko luketela. Maitasuna eta gorrotoa eskutik helduta joaten dira horrelakoetan, une zehatzetan bada ere. Eta guk itzulpenak egin ditzakegu kontuan hartuta esaten duten hori ez dugula zertan hitzez hitz hartu beharrik. Euren beharren bat bete gabe ikusten dutelako esaten dituzte horrelako gauzak”.

Oso gustuko duen esaldia ekarri du Mendizabalek: “‘Maita nazazu gutxien merezi dudanean orduan behar baitut gehien’, dio esaldiak. Beharbada zeloen sintomak agertzen direnean horixe behar dute haurrek: gu haien ondoan egotea”.